Kalkulagailurik gabe

Txapeldunen Ligan daraman ibilbide bikainari eutsi nahi dio gaur Bidasoak, Tatran Presoven aurka. Anaitasunak ligako neurketa du

Rudy Seri, jaurtiketa bat egiten Savehofen aurkako norgehiagokan. IDOIA ZABALETA / FOKU.
ainara arratibel gascon
2019ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Aurreko larunbatean Savehofi 24-33 irabazi eta gero, Bidasoa Irunek eskura dauka Txapeldunen Ligako kanporaketetarako sailkatzea. Baina Jacobo Cuetara entrenatzailea ez da fio: «Partida bakoitza irabazi behar da, eta orain arteko dinamika irabazlearekin jarraitu. Kontuak egiten hastea tontakeria da», adierazi zuen atzo, eta jokalariei arreta osoa eskatu zien gaur Tatran Presoven aurka Artalekun jokatu behar du duten partidarako. «Neurketa lehiatua eta parekatua izango da».

Zuhurtziaz mintzatu zen Cuetara, partida atariko agerraldian. «Gero eta jardunaldi gutxiago geratzen dira ligaxka amaitzeko, eta garaipen bakoitzak are gehiago gerturatzen zaitu helburua lortzera. Baina akatsa litzateke pentsatzea sailkatuta gaudela. Izan ere, hurrengo bi partidak galdu, eta gauzak zaildu ahal zaizkigu». Argi utzi zuen helburua: «Gure lehentasuna partida bakoitza da; gero, sailkatzea, eta, lortzen ditugun emaitzen arabera, aurreneko postuan amaitzea. Urrats horiek eginez joan behar dugu»

Orain arte taldeak Txapeldunen Ligan egindako ibilbidea goraipatu zuen: «Espero ez genituen bi gauza lortu ditugu: ez galtzea eta lehien erdiak nagusitasunez irabaztea».

Ligaxkako lehen jardunaldian 23-25 hartu zuten mendean gaurko aurkaria, Tatran Presov. Bainaordutik «bilakaera bat» izan duela uste du. «Ez ziren ondo hasi, baina orain konfiantza dute, eta ondo jokatzen ari dira. Eurofarm Rabtniken aurkako bi neurketak nagusitasunez irabazi zituzten». Gainera, uste du joanekoan ezustean harrapatu zutela aurkaria. «Guk ere ez genuen pentsatzen hain ondo jokatuko genuenik; bada, pentsa haiek»

Gaurko partidako gakoa defentsan egon daitekeela uste du. «Eta hori gure erasoko jokotik hasiko da. Ezin ditugu baloi inozoak galdu, eta ondo aukeratu behar ditugu gure jaurtiketak. Huts eginez gero, haiek oso bizkorrak dira kontraerasoan. Kanpotik ere jaurtitzaile oso indartsuak dituzte, eta zaindu egin behar ditugu». Cuetarak talde guztia du jokatzeko moduan. Izan ere, Paco Barthe osatu da ezker sorbaldan izandako hausturatik.

Asobal Ligako norgehiagoka izango du, berriz, Anaitasunak. Iñaki Anizek zuzentzen duen taldeak etxean jokatuko du, Guadalajararen kontra. Granollersen aurka bederatzi golez galdu zuten aurreko jardunaldian nafarrek, eta porrot hark utzitako aho zapore mikatza gozatu nahi dute, bi puntuak patrikaratuz. Bost punturekin sailkapenean berdinduta daude bi taldeak: «Etxean daramagun joerari eutsi nahi diogu,nahiz eta haiek oso garbi duten zertara jokatzen duten». Nafarrek atzo jakin zuten nor izango duten aurkari Espainiako Kopako hirugarren kanporaketan: Unió Esportiva Sarria. Lehiak abenduaren 18an eta 21ean jokatuko dira. Nafarren Iruñean jokatuko dute itzulerakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.