Festa handia izatea nahi dute

Azaroaren 21ean jokatuko dute Sherpa Ai Aizkorako Txapelketa Nagusiko finala, Bilbon. Lehen aldiz, emakumezkoak ariko dira. Hamasei aizkolari ariko dira etzi kanporaketan

Sherpa Ai Txapelketa Nagusian parte hartuko duten hainbat aizkolari, atzo, Bilboko Miribillako pabiloiaren aurrean, aurkezpena egin aurretik. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Julen Etxeberria.
2021eko urriaren 28a
00:00
Entzun
Ezpalak airean dabiltza azken asteetan. Aizkorako txapelketen sasoia da. Eta horien guztien artean badago bat nabarmentzen dena: Sherpa Ai enpresak antolatutako Txapelketa Nagusia. Euskal Herriko aizkolaririk onenak aritzen dira bertan. Hainbat aizkolarik Euskadiko Herri Kirol Federazioarekin dituzten desadostasunen ondorioa da hark antolatutako maila nagusiko txapelketan aritu ordez Sherpa Aik babestu eta antolatutakoan lehiatzea. Iaz jokatu zen txapelketaren lehenbiziko aldia, eta arrakastatsua izan zen. Iker Vicentek jantzi zuen txapela Bilbon, Miribillako pabiloian.

Aurten ere bertan jokatuko da finala, azaroaren 21ean, 12:00etan (ETB1 eta Gol). Lehenbizi, kanporaketa bat jokatu beharko dute. Etzi da topaketa, Zestoako kiroldegian (Gipuzkoa), 18:00etan hasita. Hamahiru aizkolari ariko dira gizonezkoetan, eta sei sailkatuko dira finalerako. Hauek dira parte hartzaileak: Vicente, Mikel Larrañaga, Eneko Otaño, Jon Irazu, Julen Alberdi Txikia VI.a, Aitzol Atutxa, Jon Rekondo, Ugaitz Mugertza, Jexux Mujika, Julen Larrea, Arkaitz Jauregi, Iñaki Azurmendi eta Eloy Corchero. Sei enbor moztu beharko dituzte: bi kana-erdiko, 60 ontzako bi, eta bi oinbiko.

Iaz ez ziren emakumezkoak aritu Sherpa Ai-ren banakako txapelketa nagusian. Aurten, ordea, bost lehiatuko dira: Maika Ariztegi, Beatriz Tanco, Karmele Gisasola Zelai III.a, Garazi Arruti eta Uxue Ansorregi. Hiru sailkatuko dira finalerako. Ariztegi eta Tanco hilaren 17an aritu ziren, Asparrenan (Araba) jokatutako kanporaketan. Ariztegi nagusitu zen: bederatzi minutu eta zortzi segundoan moztu zituen 36 ontzako lau enborrak. Tancok, berriz, hamabost minutu behar izan zituen. Beste hiru aizkolariak etzi ariko dira, finalean sartzeko asmoz.

Helburuak bete dituzte

Iaz, koronabirusaren pandemiak eragindako osasun egoeragatik, ikuslerik gabe jokatu zen finala. Aurten, ondo bidean, ikusleak egongo dira; gehienez, Miribilla pabiloiaren edukieraren %80: 8.000 ikusle inguru. Antolatzaileek espero dute finala «festa handi bat» izatea. Sarrerak jada eros daitezke www.aizkolaritxapelketanagusia.eus webgunean.

Antolatzaileak eta parte hartzaileak «pozik» daude, haien arabera «sobera» bete baitira txapelketa abian jarri zituzteneko helburuak: «Aizkolaritzaren aintzatespen, zabalkunde eta balioespen handiagoa; jauzi kualitatiboa hedapenean [ETB1en ez ezik, Golen ere ikusi ahalko da finala]; emakumearen presentzia eta ikusgarritasuna handitzea; hots, urrats gehiago egitea aizkolaritza XXI. mendera ekartzeko».

Are gehiago: diotenez, «jauzi handia» eman da: «Kirolari, dibulgazioari eta gizarteari dagokienez, beste kirol batzuen maila berera igotzea lortu da, eta denboraldi honek jauzi kualitatiboa ekarri du. Proiektuaren hasieran markatutako mugarriak betetzea lortu du txapelketak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.