Distirarik gabe, saria

Baskoniak 76-68 hartu du mendean Bayern Munich. Azken laurdenean erabaki du lehia, eta puntuen aldea iraultzea ere lortu dute arabarrek

Baskoniako Jale Jones, barneraketa bat egiten atzoko norgehiagokan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
ainara arratibel gascon
2019ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Baskoniak beste urrats bat egin du Euroligako zortzi onenen artean sartzeko, atzo Bayern Munichi 76-68 irabazi eta gero. Distirarik gabeko garaipena izan zen, lehen laurdenean alemaniarrek nahi zuten erritmoan jokatu baitzen neurketa, eta hirugarrenean Baskoniak ez zuelako nahikoa errenta lortu. Laugarrenean ordea, partida hautsi zuen, eta lehiako azken saskiratzean, puntuen aldea ere iraultzea lortu zuen Poirierrek.

Alemaniarrek hotzak eta kaskagorrok izateko fama dute, eta halaxe izan zen partida hasiera. Zaleak ere horretaz kutsatu ziren. Lehen laurdenean Baskoniak zortzi puntuko errenta lortu zuen, 19-11 (9. min). Baina azken minutuan 5-0eko partziala egin zuen Bayernek, eta 19-16 amaitu zen laurdena.

Baskoniari itzalita nabari zitzaion, deseroso, eta hala segitu zuen bigarren laurdenean ere. Aurretik jartzera aileagatu ziren bisitariak, atsedenaldia gertu zela: 33-34 (19. min). Arabarren joko antolatzaileek partidaren erritmoa ezartzeko arazoak zituzten; horrenbestez, taldeak ezin zuen ohi duen joko bizia egin. Gainera, Baskoniak baloi asko galdu zituen, eta hirukoetan ez zen aurreko partidetan bezain eraginkor aritu. Bi baino ez zituen sartu lehen zatian —partidan guztira zortzi—. Voigtmannek, Poirierrek eta Diopek, gainera, ez zuten uztaipean zuten nagusitasuna baliatu. Alemaniarrek, berriz, falta asko behartu zituzten, eta jaurtiketa libreetan fin aritu ziren. Gainera, Williamsek min handia egin zion Perasovicen taldeari. 18 puntu sartu zituen partidan.

Lehen zatia 37-36 amaitu zen Baskoniaren alde, markagailu baxua, bisitariek gustuko duten modukoa. Hirugarren laurdenean biziago eta oldarkorrago atera ziren Perasovicenak, eta ia ohartu gabe zazpi puntuko errenta lortu zuten arabarrek, bi hirukori esker: 44-37 (22. min). Perasovicek bizkor jokatzeko agindu zion behin eta berriz Vildozari. Partida apurtzeko unea zen, baina ez zuen lortu, eta laurden erabakigarrira sei puntuko aldearekin ailegatu zen: 59-53. Laurden hori Marcelinhoren hiruko batekin hasi zuen Baskoniak, eta bederatzi puntuko aldeaz lasaiago jokatu zuen hortik aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.