«Ilusio handiagoz nago»

Abelardok «uste osoa» azaldu du multzoan, mailari eusteko helburua lortu ahal izateko. Talde «lehiakor eta batu bat» lortu nahi du

Abelardo Fernandez atzo aurkeztu zuten bigarrenez Alaveseko teknikari gisa. Irudian, bufandarekin. A. RUIZ HIERRO /EFE.
ainara arratibel gascon
2021eko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Abian da Abelardo Fernandezen bigarren aroa Alavesen. Atzo aurkeztu zuten teknikaria, eta bi gauza utzi zituen argi: uste osoa duela multzoan, eta 2017an taldea hartu zuenean baino «ilusio handiagoarekin» helduko diola erronka berriari.

Herenegun iragarri zuen klub arabarrak Machinek entrenatzaile izateari utzi, eta haren lekua Abelardok hartzen zuela. Mailari eustea da Alavesen helburua, eta oraintxe bertan hamaseigarren postuan dago, hemezortzi punturekin. Bi puntura ditu jaisteko postuak. Machin helburua betetzen ari zen, eta taldea bere jokatzeko era barneratzen. Baina Josean Kerejeta buru duen zuzendaritzak beste norabide bat eman nahi izan dio, klubak mendeurrena betetzeko egun gutxi falta direla, eta Abelardori eman dio horretarako ardura.

Lehen aroa amaitu zenean «atseden hartzeko beharra» zuela onartu zuen. «Baina berriro ere indarrez nago, eta horregatik onartu dut itzultzeko eta taldea hartzeko erronka». Lan ona egin zuen bere garaian, baina badaki orain ez dagoela egoera bera. «Hutsetik hasiko naiz; egindakoak ez du balio orain. Izan ere, bada aldea lehen aldi hartan taldea nola zegoen eta nola dagoen orain».

Helburua zein den aipatu zuen: «Mendeurrenaren urte garrantzitsu batean, Lehen Mailan segitu nahi dugu. Talde lehiakor, batu eta entretenigarri bat izan nahi dugu, eta zaleak gutaz harro egotea». Lehiakor izatearen garrantzia behin baino gehiagotan izan zuen hizpide atzoko aurkezpen prentsaurrekoan. «Parekotasun handia dago 12-14 talderen artean. Aurkaria zaila edo erraza izan, izaera lehiakorra ezin dugu galdu».

Machinen lana goraipatu zuen, eta taldeak hobetzeko zer duen galdetzean hau erantzun zuen. «Gol aukera gehiago eta hobeak sortu behar ditugu, eta ahalegindu behar dugu aurkariak egiten dizkigunak gutxiago eta horren arriskutsuak ez daitezen izan».

Larunbatean zuzenduko du lehen neurketa, Espainiako Kopan izango da, eta Alavesek Almerian jokatuko du. Jokatzeko erari dagokionez, bi oinarri aipatu zituen: «Defentsan sendo egon behar dugu, eta erasoan zuzen eta bizkor jokatu».

Entrenatzaile batek jokalari egokiak behar ditu nahi duen jokoa egiteko. Neguko merkatuan jokalariren bat fitxatzeko aukeraz ere hitz egin zuen. «Ez dut horretaz hitz egin klubarekin. Nire egitekoa hemen daudenengandik onena ateratzea da».

Prentsaurrekoan izan zen Sergio Fernandez Kirol zuzendaria ere, eta fitxaketen inguruan argi hitz egin zuen. «Tarte gutxi daukagu. Jokalariren bat ekartzeko, aurrena hemen dagoen besteren batek irten beharko du».

Kikek Eibarren segituko du

Bestalde, Eibarrek atzo iragarri zuen beste bi urterako luzatu diola kontratua Kike Garcia aurrelariari, hirugarren baterako aukerarekin. Ekainean amaituko zitzaion kontratua, eta Eibarrek garaiz lotu nahi izan du haren kontratu berritzea. Izan ere, denboraldi txukuna egiten ari da. Taldeko golegile nagusia da. Bost aldiz zulatu du aurkariaren atea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.