Alemaniak Siriako militar ohi bat kondenatu du torturengatik

Lehen aldia da nazioartean epaitzen direna Al-Assaden aginte garaian egindako krimenak

Akusatuetako bat, epaiketan, aurpegia tapatuta. RONALD WITTEK / EFE.
Paulo Ostolaza.
2021eko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Koblenzako Auzitegiak (Alemania) torturen konplize izatea egotzi dio Eyad al-Gharib Siriako zerbitzu sekretu militarreko kide ohiari. Lau urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri diote. Alemaniak prozesu horretan jakinarazi duen lehen epaia da atzo eman zuena, eta, beraz, Baxar al-Assaden aginte garaian egindako krimenak nazioartean epaitzen diren lehen aldia ere bai. Al-Gharibekin batera epaitzen ari dira Anwar Raslan Siriako zerbitzu sekretuetako kide ohia ere, eta datozen hilabeteetan jakinaraziko dute zer zigor ezarriko dioten hari.

Aurrekaria sor dezakeelako da garrantzitsua epaia. Etorkizunean nazioarteko epaitegi batek Al-Assad epaitzen badu, orain Alemanian erabili dituzten frogak erabili ahalko ditu Siriako presidentearen aurka. 2015. urtetik, milioi bat errefuxiatu baino gehiago heldu dira Alemaniara, gehienak Siriatik, eta Poliziak eta fiskaltzak haiek jasandako torturen testigantzak eta frogak bildu izan dituzte.

Al-Gharibi, zehazki, 30 atxilotu Siriako zerbitzu sekretuen espetxe batera eraman izana egozten diote, 2011. urtean, non sistematikoki torturatzen zituzten gatibu zituzten pertsonak. Fiskaltzak bost urte eta erdiko zigorra eskatzen zuen, eta defentsak, berriz, absoluzioa. Epaituaren abokatuaren arabera, Al-Gharibek bere nagusien aginduak betetzen zituen, eta haiek betetzeari uko egiten bazion, desertzioa egotziko zioten. Delitu hori heriotza zigorrarekin ordaintzen da Sirian.

Al-Gharib 2018. urtean heldu zen Alemaniara, eta Raslan, 2014an. Asilo politikoa eskatuta heldu ziren biak. Herrialdera iristean, ordea, beste errefuxiatu batzuek zerbitzu sekretuetako kide gisa identifikatu zituzten; jarraian, ikerketa hasi zuen Alemaniako Fiskaltzak, eta, azkenean, bien aurkako akusazio bat aurkeztu zuen torturengatik. Bakoitza bere aldetik epaitzen aritu dira atzo arte, eta horrek eragin du Al-Gharibi dagokion epaia Raslanena baino azkarrago plazaratzea.

Izan ere, Raslanen aurkako ebazpena atzeratzen ari da egozten dizkioten kargu guztien ondorioz; gutxienez, urrira arte itxaron beharko da hari dagokion epaiaren berri izateko. Zehazki, 58 hilketa eta 4.000 tortura kasu egozten dizkiote. Auzitegiaren arabera, hori da Raslan Damaskoko Al-Jatib espetxearen arduradun zela—2011ko apiriletik 2012ko irailera— han hil ziren edo torturatu zituzten pertsonen kopurua. Fiskaltzak dioenez, hura zen espetxe hartan egiten zena diseinatzeko eta gainbegiratzeko arduraduna, baita torturena ere.

«Urrats historikoa»

Amnesty International erakundearen arabera, «urrats historikoa» da atzo Alemanian egin zutena. Lynn Maalouf erakundeak Ekialde Hurbilean duen ordezkariaren arabera, «epaiketa hori ezinbestekoa da Siriako Gobernuak ilegalki atxilotu, torturatu eta hil dituen lagunentzat justizia lortzeko». Horrez gain, eskerrak eman zizkien bizirik atera eta euren testigantza eman duten siriarrei, «haiek gabe ezinezkoak bailirateke halako epaiak».

Maaloufen iritziz, «nazioarteko komunitateak huts egin die» siriarrei, baina atzoko epaiak erakusten du «oraindik posible dela justizia apur bat lortzea». Horretaz gain, gainontzeko estatuei eskatu die Alemaniak hasitako bideari jarraitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.