Albistea entzun

Han goian ere, elkarren alboan

Buitrago izan da nagusi Tre Cime di Lavaredon, eta hautagaiek lehia estua izan dute atzera ere
Geraint Thomas eta Primoz Roglic, lehia betean, Giroko atzoko etapan.
Geraint Thomas eta Primoz Roglic, lehia betean, Giroko atzoko etapan. LUCA ZENNARO / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Eñaut Agirrebengoa -

2023ko maiatzak 27

Tre Cime di Lavaredon zuen helmuga Giroko hemeretzigarren etapak. Tre Cime, hiru gailur, Giroko faborito handiak adina. Nor gehiago aritu ziren Geraint Thomas (Ineos), Primoz Roglic (Jumbo) eta Joao Almeida (UAE) lasterketako mendaterik garaienean. Bada, han goitik Erroma ez da ikusten. Italiako hiriburuan bukatuko da Giroa, eta oraindik ez dago batere garbi nor igoko den podiumeko koskarik gorenera. Abantaila Thomasek du, hura baita liderra oraindik ere. Atzo, oso lehia estua izan zuen Roglicekin, eta esloveniarrak hiru segundo kendu zizkion. Almeidak, berriz, 23 segundo galdu zituen Roglicekin. Dolomitetako mendateek, letaginak balira bezala, kosk egin zioten berriro portugaldarrari.

Ihesaldia helmugaraino iritsi zen, Giro honetan hamargarrenez. Santiago Buitrago (Bahrain) zen eskalatzailerik finena tropeletik alde egindakoen artean, eta bere legea ezarri zuen azken igoeran. Gauzak zail jarri zizkion Derek Geek (Israel), baina kanadarraren esfortzuak ez zuen saririk izan. Lau etapatan gelditu da garaipenaren atarian. Magnus Cort (Education First) izan zen hirugarren; Roglici gainsaria kendu zion esprintean.

Campollongo, Valparola, Giau, Tre Croci eta Tre Cime di Lavaredo: mendatea mendatearen atzetik igo beharra zegoen. Behin baino gehiagotan gainditu zuten 2.000 metroren langa; hots, zeru goian lehiatzeko eguna zuten ziklistek. Batzuek berehala zabaldu zituzten hegalak, eta tropeletik airean atera. Hamabost lagun elkartu ziren lasterketa buruan, eta horien artean zegoen Gee. Nola ez. Zazpigarren ihesaldia zuen aurtengo Giroan. Buitrago, Cort, Carlos Verona (Movistar) eta Michael Hepburn (Jayco) izan zituen bidelagun, besteak beste.

Ineosek hartu zuen lema tropelean, eta askatasuna eman zien aurrekoei. Gauzak bare ziren multzo nagusian, baina Ben Healyk (Education) jolaserako gogoa zuen, eta erasoka hasi zitzaion Thibaut Pinoti (Groupama). Mendiko liderrak, ordea, kate motzean lotu zuen. Borroka horrek etenak eragin zituen tropelean, eta Ineoseko ziklistek kargu hartu zioten Healyri.

Ineosek ez zuen zalapartarik nahi, eta UAEk eta Jumbo Vismak uko egin zioten gidaritzari. Iheslariek, berriz, bidea eginez segitu zuten; Campollongo gainditu ostean, zortzi minutu baino gehiagoren aldearekin iritsi ziren Valparola gainera. Eta Giaun minutu bakarra kendu zien tropelak.

Laurens De Plusek (Ineos) erritmoa nabarmen bizkortu zuen Tre Crocin, eta, azken igoeran, Thymen Arensmanek hartu zion lekukoa. Onenen erasoak, edonola, azken bi kilometroen barruan iritsi ziren. Eddie Dunbar (Jayco) atzean gelditu zen, eta, ia aldi berean, Almeidak estutua egin zuen. Roglicen eraso biziagoa etorri zen hurrena. Thomasek ondo eutsi zion. Are, gurpiletik atera zuen azken txanpan, baina esloveniarrak ez zuen amore eman, eta aurrea hartu zion bukaeran.

Lehia handia izan zen Buitrago eta Geeren artean ere. Kanadarrak azpi-azpitik egin zuen eraso, eta kolonbiarra estu hartu. Begi bistan izan zuen Buitragok, eta 1,5 kilometro falta zirenean gainditu.

Kronoigoeraren zain

Monte Lussariko kronoigoerak emango du azken epaia. 18,6 kilometroko saioa izango da, eta, lehen 11 kilometroak lauak izango diren arren, gero bizikletaz aldatu eta maldan gora jardun beharko dute txirrindulariek. Mendatearen batez besteko pendiza %12koa da. Lehen bost kilometroak ditu bortitzenak: %15ekoa da han pendiza, eta %22ko tarte bat ere badago. Kilometro batez arnasa berritzeko aukera izango dute, eta, gero, errepidea tentetu egingo da berriro. Zementuzko zoruak ziklisten oinazea areagotuko du.

Thomas lidergoari eusten saiatuko da. 26 segundora du Roglic. Esloveniarra La Plancheko arantza ateratzen saiatuko da. Almeida dago hirugarren, 59ra; Damiano Caruso (Bahrain) laugarren, 4.11ra; eta Dunbar bosgarren, 4.53ra.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Jon Berasategik, Jon Uriartek eta Mikel Gonzalezek denboraldiaren balantzea egin dute gaur, San Mamesen ©Monika Del Valle / Foku

Athletic: «Ez gaude erabat pozik lortutako emaitzekin»

Olatz Silva Rodrigo

Athleticeko presidenteak, zuzendari nagusiak eta kirol zuzendariak denboraldiaren balantzea egin dute. Berretsi dute Iñigo Martinez klubean geratzea nahi zutela, baina jokalariaren ordezkariak adierazi ziela hori ez zela Martinezen nahia.

Perurena, 1974an

Errepidean eta errepidetik kanpo irabazle

Beñat Mujika Telleria Ainara Arratibel Gascon

Txomin Perurena txirrindulari eta zuzendari ohia zendu da, 79 urterekin. 158 garaipen lortu zituen, eta mendiko maillota irabazi zuen Tourrean, lorpen askoren artean.
 ©RODRIGO JIMENEZ / EFE

«Denok bide berean goazelako lortu ditugu helburuak; familia bihurtu gara»

Jon Ander De la Hoz

Realak osatutako sasoi ona azken urteetan egindakoaren segida dela uste du Elustondok. Beasaindarrak adierazi du «lan ona» egiten ari dela kluba; «gogotsu» daude Txapeldunen Ligarako.
Roberto Olabe Realeko futbol zuzendaria. ©Reala

Olabe: «Nortasuna dago proiektuaren oinarrian»

J. A. De la Hoz

Realeko kirol zuzendariak azaldu duenez, klubak hiruzpalau fitxaketa egiteko asmoa du; horietako bat Alexander Sorloth izatea nahi dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Eñaut Agirrebengoa

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...