Begi guztiak gainean

Joseba Ezkurdiak gaur ekingo dio buruz burukoari, Erik Jakaren aurka, Iruñean. Apustularien ustez, bera da txapela irabazteko faboritoa

Labrit pilotalekuko kantxako harmailako ikusleak txaloka, eta haien aurrean, pentsakor, Joseba Ezkurdia. G. RUBIO / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Joseba Ezkurdia urtez urte gora egiten ari dela ez da uste soil bat. Emaitzek ere berresten dute haren bilakaera. Iaz, binakako eta lau eta erdiko txapelak irabazi zituen, egun handietan bere mailan aritzen ez zen pilotariaren estigma gainetik kenduz, eta buruz burukoan finalerdietara iritsi zen, inoiz baino urrunago. Gaur berriz ere ekingo dio buruz burukoari, final-laurdenetan, Erik Jakaren aurka, Iruñean (17:45, ETB1), eta txapelerako faborito nagusia izatearenzamarekin.

Ezkurdiaren izena pilotazale askoren ahotan dabil. Aspeko koadroko pilotariek ere izendatu dute, eta apustu etxeek ere bera izendatzen dute faborito nagusi. Haren alde egiteak etekin txikiagoa ematen du Urrutikoetxea, Altuna edo Irribarriaren alde aritzeak baino. Bitxia da joera hori; izan ere, hiru pilotariek ez bezala, Ezkurdiak ez du inoiz Lehen Mailako finalik jokatu. Zozketan ere ez zuen zorte berezirik izan; gaur irabazita, finalerdietako aurkaria Oinatz Bengoetxeak eta Mikel Urrutikoetxeak bihar Bilbon jokatuko duten partidaren irabazlea izango da.

Zergatik joera hori orduan? Ezkurdia aldatu egin delako. Berak onartu du txapelekkonfiantza eman diotela, batez ere lau eta erdikoak. Iaz, 17-15 irabazten ari zenean, Altunak zazpi tanto egin zizkion jarraian, eta hor joan zitzaion finala. Baina lau eta erdikoan atera zuen arantza. Juan Martinez de Irujo da Ezkurdiaren mentorea, eta Iberokoaren jokoaren zantzuak ikus daitezke Ezkurdiarenean. Arbizukoak, gainera, hamar asteko prestaketa zehatza egin du txapelketara begira.

Eta gainera, jokoarekin dago. Pilotariek beti diote emaitzaren inertzia positiboa entrenamendu onena baino hobea dela. Bada, Arbizukoak binaka jokaturiko azken hiru partidak irabazi ditu. Azkenekoan, gainera, pilotakada ikusgarriak eman zituen. Iragan igandean jokatu zuen, Eibarren, eta, Tolosarekin bikote eginez, 22-14 irabazi zuen Elezkano II.a-Martijaren aurka.

Jaka, bolada gozoan

Ezkurdia irtengo da faborito gaur Labriten, baina hobe du ez erlaxatzea, Jaka aurkari arriskutsua baita, are gehiago konfiantzaz. Eta Jakak, zerbait izatekotan, konfiantza dauka, azken hamazazpi partidetatik hamasei irabazi baititu. Tartean buruz buruko bat, joan den astean Iñaki Artolari irabazia. 12-2 irabazten hasi eta, 20na berdinduta, azken bi tantoak haren alde erori ziren. Iaz Ezkurdiak eta Jakak elkarren aurka jokatu zuten buruz burukoaren final-zortzirenetan, eta Ezkurdiak 22-15 irabazi zuen. Ezkurdia 15-6 irabazten hasi zen, eta Jakaren erreakzioa beranduegi iritsi zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.