Trumpek uko egin dio hauteskunde eztabaida birtual batera joateari

AEBetako presidenteak adierazi du «bedeinkazioa» izan dela COVID-19arekin kutsatzea

Donald Trump AEBetako presidentea eta Joe Biden Alderdi Demokrataren presidentegaia, irailaren 29an egin zuten hauteskunde eztabaidan. MICHAEL REYNOLDS / EFE.
Edu Lartzanguren Gorka Berasategi Otamendi
2020ko urriaren 9a
00:00
Entzun
«Ez dut denbora galduko eztabaida birtual batean». Modu horretara mintzatu da Donald Trump AEBetako presidentea, Joe Biden Alderdi Demokratako presidentegaiarekin datorren astean egitekoa zuen hauteskunde debatearen formatu aldaketaren harira. Aurrez aurrekoa urriaren 15erako zegoen iragarrita, eta hura telematikoki egitea proposatu zuen atzo Presidentetzarako Eztabaiden Batzordeak, baina ideia ez da Trumpen gustukoa izan. Presidentearen iritziz, aurkaria indartzeko pentsatuta dagoen formatua da. «Ordenagailu baten aurrean eseri behar duzu eztabaidatzeko. Irrigarria da. Eta gero nahi dutenean mozten zaituzte». Biden «babesten» aritzea egotzi die batzordeko kideei.

Trumpek eta Bidenek irailaren 29an egin zuten lehenengo hauteskunde debatea. Garratza izan zen, eta hautagaiek hainbatetan moztu zioten elkarri.

Trumpen ezetzaren aurrean, hautagai demokrata prest agertu da eztabaida astebete atzeratzeko, eta AEBetako presidentearen kanpainarako taldeak ez du aukera hori baztertu.

Izan da albisterik azken eztabaidatik. Trumpek koronabirusagatik positibo eman zuen aurreko ostiralean, eta sintomekin ospitaleratu zuten, baina Etxe Zurira itzuli zen asteartean; haren medikuaren arabera, inolako sintomarik gabe. Hain justu, Presidentetzarako Eztabaiden Batzordeak debate birtuala egitea proposatu du,antolaketarekin lotutako pertsona ororen «osasuna eta segurtasuna» babesteko. «Ez dut uste kutsagarria naizenik», adierazi du AEBetako presidenteak.

Gainera, ziurtatu du COVID-19arekin gaixotu izana «bedeinkazio mozorrotua» izan dela, berak jaso duen Regeneron izeneko tratamendua gaitzarentzako behin betiko «sendagaia» dela uste baitu, ospitaleratu eta 24 ordura «oso ondo» zegoelako.

Regeneron tratamendua herritar guztiek jaso beharko lukete, presidentearen iritziz, eta hitzeman du AEBetako Gobernuak «dohainik» banatuko duela tratamendua herritarren artean.

Pence-Harris, bareago

Elkarren arteko distantzia gordeta eta babes manparak tarteko, aurrez-aurre eztabaidatu zuten, asteazken gauean, Mike Pence AEBetako presidenteordeak eta Kamala Harris Alderdi Demokrataren presidenteordegaiak. Eztabaida sutsua izan zen, baina Trumpek eta Bidenek izan zutena baino bareagoa.

Harrisek pandemiaren kudeaketan huts egitea egotzi zion Trumpi, eta birusaren hilgarritasunari buruz herritarrak apropos nahastea egotzi zion. Presidente batek «historian egindako hutsegiterik handiena izan da», haren iritziz. Pencek, ordea, izurriari aurre egiteko estrategia propiorik ez izatea leporatu zien demokratei, eta Trumpena «kopiatzen» ari direla ziurtatu zuen.

Arrazakeriaren gaia ere mahai gainean egon zen, azken hilabeteotan milaka pertsona atera baitira kalera protestan, Poliziak beltzen aurka erabiltzen duen bortizkeria salatzeko. Pencek deitoratu zuen Poliziak George Floyd herritar beltza ito izana, baina, haren esanetan, «ez dago ondoren gertaturiko istilu eta arpilatzeak zuritzerik». AEBak arrazistak direla esatea «irain handia» dela nabarmendu zuen. Harrisek gogoratu zion joan zen asteko eztabaidan Trumpek uko egin ziola zuri supremazistak gaitzesteari, hori egiteko eskatu bazioten ere.

CNN telebista kateak egindako inkestaren arabera, ikusleen %59k Harris jo zuten garailetzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.