Aukera aprobetxatu du

Stefano Oldanik irabazi du Italiako Giroko hamabigarren etapa, bi iheskideri esprintean nagusituta. Lopezek lehen postuari eutsi dio

Aukera aprobetxatu du.
Julen Etxeberria.
2022ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Iheslariek Italiako Giroko etaparen bat begiz joa bazuten, hamabigarrena zuten. Parma eta Genova arteko ibilbidea oso aproposa zen esprinterren taldeen zaintzatik ihes egiteko: ekitaldiko saiorik luzeena zen (204 kilometro), eta ez zuen aparteko zailtasunik.

Bete egin ziren iragarpenak, eta ihes egindako hiru txirrindulari lehiatu ziren etapa irabazteko: Stefano Oldani (Alpecin), Lorenzo Rota (Intermarche) eta Gijs Leemreize (Jumbo). Oldani nagusitu zen, Rotaren eta Leemreizeren aurretik. Italiarrak ez zuen garaipenik duela lau urte profesionaletan debuta egin zuenetik; nekez izan zezakeen estreinako hoberik, etxeko lasterketarik handienean.

Lehen hiru sailkatuak 25 txirrindulariz osatutako ihesaldi baten parte izan ziren. Izen handiak zeuden tartean: Mathieu van der Poel (Alpecin), Wilco Kelderman (Bora) eta Bauke Mollema (Trek), besteak beste. Kilometro asko egin zituzten elkarrekin, baina, helmugara gerturatu ahala, elkarri erasoka hasi ziren, eta, azkenean, Oldani, Rota eta Leemreize geratu ziren aurrean. Kelderman (Bora) eta Mollema (Trek) 57 segundora ailegatu ziren, eta tropela, bederatzi minutu pasatxora. Juanpe Lopezek (Trek) lehen postuari eutsi zion.

Gaur, hamahirugarren etapa jokatuko dute, Sanremotik Cuneora. Laburra da (150 kilometro), eta bi zati ditu: lehen 54 kilometroak goraka dira, eta hirugarren mailako mendate bat dago bukaeran; hurrengo ia ehun kilometroak, ordea, maldan behera dira. Esprinterrek ez dute nahiko beste aukera bat alferrik galtzea.

Worxen bolada bikaina

Italiako Giroa ez da jokatzen ari den World Tourreko proba bakarra. Atzo Burgosko Itzulia hasi zen, eta Worx taldeak garaipen boladari eutsi zion. Lotte Kopecky flandriarrak irabazi zuen lehen etapa, esprintean, eta lider jarri zen. Tereza Neumanova (Liv) eta Emma Cecilie Bjerg (Movistar) sailkatu ziren haren atzetik. Eukene Larrarte (Bizkaia Durango) izan zen lehen euskal herritarra, hamazazpigarren postuan, irabazlearen denbora berarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.