Italiako Giroa

Beste urrats bat podiumerantz

Landak erasora jo du etapa nagusian, eta indartsu dagoela berretsi du; Hirt gailendu da Aprican

Beste urrats bat podiumerantz.
enaut agirrebengoa
2022ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Italiako Giroko hiru indartsuenen artean dago Mikel Landa (Bahrain). Hala berretsi zuen atzo, Salo eta Aprica lotu zituen 16. etapan. Aurtengo saiorik bortitzena izan zen, ibilbide aldetik bederen: Cadino, Mortirolo, Teglio eta Santa Cristinako igoerak kateatu zituzten 202 kilometroan, eta gorantz 5.300 metro pilatu. Torinon itolarria izan zuen murgiarrak, baina atzo arnasberritu egin zen. Lanean jarri zuen taldea, eta oldartu egin zen azken mendatean. Soilik Richard Carapazek (Ineos) eta Jai Hindleyk iraun zuten haren gurpilean. Joao Almeidak (UAE), berriz, hamalau segundo galdu zituen helmugan. Hau da: Landak hamabost segundo eskasera du orain podiuma. Gorenean Carapaz dago oraindik, baina Hindley hiru segundora hurbildu zitzaion, etapan hirugarren izateko esprinta irabazi eta gainsaria harramazkatuta. Landak, berriz, 59 segundora du maglia arrosa.

Etapa ihesaldian jokatu zen, eta han, Jan Hirtek (Intermarche) dastatu zuen loria, Thymen Arensmanekin (DSM) azken unera arte borroka agonikoa izan ondoren. Txekiarrak bere ibilbideko garaipenik handiena lortu zuen. Guztira 21 txirrindularik egin zuten ihes Cadinon, eguneko lehen igoeran, eta zazpi gelditu ziren buruan Mortirolora iritsi aurretik. Tartean ziren Hirt eta Arensman, baita Alejandro Valverde (Movistar) eta Lennard Kamna (Bora) ere. Galbahera igaro ezinda gelditu ziren, berriz, Guillaume Martin (Cofidis), Wilco Kelderman (Bora), Simon Yates (Bike Exchange) eta Giulio Ciccone (Trek), besteak beste. Santa Cristinako malkar pikoek eman zioten ihesaldiari azken xehatua, eta bere legea ezarri zuen Hirtek, atzetik aurrera eginda. Jaitsieran gainean izan zuen Arensman, baina zazpi segundora geratu zen.

Onenen arteko lehiak ere azken mendatean egin zuen eztanda. Aurrez, Mortirolon soka tenkatzen saiatu zen Astana, Vincenzo Nibaliren mesedetan. Lekukoa hartu zion Ineosi tropelaren buruan. Maldan behera egin zuen kosk Nibalik. Haren erasoak izan zuen ondoriorik: lurrera joan zen Domenico Pozzovivo (Intermarche), sailkapeneko bosgarrena. Tropelera itzuli arren, kaltea nozitu zuen bukaeran, Bahrain lasterketa apurtzen saiatu zenean. Teglion jarri zen gidaritzan, Landaren erasoa prestatu nahian. Ondorioz, behera egin zuen nabarmen lasterketa burukoen errentak: goian hiru minutu besterik ez zuten. Bere kabuz saiatzea erabaki zuen Kamnak, Santa Cristinako igoerari ekin aurretik.

Lehen maldetara35 segundoren aldearekin iritsi zen. Eta ia minuturaino zabaldu zuen zuloa hasieran. Haatik, azken sei kilometroetan zegoen zatirik gogorrena—pendiza %9tik gorakoa zen une oro—, eta ezinak jota gelditu zen alemaniarra. Harrapatu eta pasa egin zuten Hirtek eta Arensmanek. Ordurako gelditzen ziren indar apurrak Hirtek kudeatu zituen ondoen, eta bakarrik abiatu zen helmugarantz. Bustian egin zuten jaitsiera. Sufritu egin zuen Hirtek, baina garaipenak ez zion ihes egin.

Hindley eta Carapaz lehian

Onenen artean, sua piztu zuen Landak Santa Cristinan, aurrez Pello Bilbaorekin (Bahrain) katigatuta erori eta gero. Hark ordaindu egin zuen multzora itzultzeko egin beharreko esfortzua. Wout Poelsek egin zion bideratzaile lana Landari. Helmugatik 10 kilometrora egin zuen eraso, eta gailurrera bidean, mokoka aritu zen Carapaz eta Hindleyrekin. Haiek dira Giroko indartsuenak maldan gora. Itxuraz, australiarra zegoen freskoen, eta irabazi egin zuen hirugarren posturako esprinta. Laugarren Carapaz izan zen, bosgarren Valverde, eta seigarren Landa. Hirt iritsi eta 1.24ra helmugaratu ziren haiek. Bilbao, berriz, 11. izan zen, 3.23ra. Postu bat egin zuen atzera nagusian: zazpigarren dago orain, 3.51ra. Nibali bosgarren jarri zen, 3.40ra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.