Igotzaileak, eskuak igurtzika

Oso menditsua izango da aurtengo Espainiako Vuelta. Etapa bat Tourmaleten bukatuko da, eta bi Euskal Herrian jokatuko dira. Taldekako erlojupeko batek abiaraziko du lehia, Bartzelonan

Espainiako Vueltaren ibilbidearen aurkezpena, atzo, Bartzelonan. ALEJANDRO GARCIA / EFE.
enaut agirrebengoa
2023ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Mendate ikonikoek emango diote sona 2023ko Espainiako Vueltari. Tropelak, besteak beste, Tourmaleteko, Angliruko eta San Martingo Harriko malda ezagunak igo beharko ditu, abuztuaren 26an Bartzelonan hasiko den lasterketan. Han egin dute gaur ibilbidearen aurkezpen ekitaldia. Eskalatzaileentzako aproposa izango da, guztira hamar etapa bukatuko baitira mendate batean. Pirinioak izango dira puntu beroetako bat: hasi eta berehala agertuko dira, eta bigarren astean itzuliko. Orduan iritsiko da lasterketa Euskal Herrira; 14. etapan, zehazki. Zuberoatik Nafarroara joko dute, eta Larra-Belaguako eski estazioan egongo da helmuga. Biharamuneko etapak Iruñea eta Lekunberri lotuko ditu.

Erlojupeko batekin abiatuko da Vuelta: 14,6 kilometro egingo dituzte, taldeka. Lehen atseden egunaren ostean, berriz, 25 kilometroko bakarkako saioa egingo dute.

Aurrenekoz bukatuko da Vueltako etapa bat Tourmaleten. Antolatzaileek 2020an jarri nahi izan zuten helmuga mendate mitikoan, baina asmoak ezerezean gelditu zitzaizkien, pandemiaren ondorioz. Formigal izan zen ordezko bukaera, eta garaipen handia lortu zuen han Ion Izagirrek. Aurten, Formigalen bertan hasiko da 13. etapa, eta oraingoan bai:Tourmaleten egongo da helmuga. Tartean, beste igoera gogorrak ere izango dituzte: Aubisque eta Spandelles. Lasterketako plater nagusietako bat izango da; motza, baina gogorra: 4.200 metroko desnibela pilatuko dute 135 kilometroan.

Bapo egingo dute zaleek, beste etapa gogor bat jokatuko baita hurrengo egunean. Ziklistak Oloroe-Donamariatik irtengo dira, eta Zuberoan Murkhuillako Lepoa eta Larraine igoko dituzte. Gero, Lazako mendatetik pasatuko dira, eta San Martingo Harrian bukatuko dute. 161 kilometroko saioa izango da. Hurrengo etapa Iruñea eta Lekunberri artean jokatuko da, eta ez da horren menditsua izango. Duela bi urte ikuskizun ederra izan zen Aralarren, baina aurten, Lekunberrira ez dira mendate horretatik iritsiko, Madotzeko igoera etzanetik baizik. Bitan igoko dute. Guztira, 156 kilometro egingo ditu tropelak.

Lasterketak hasieratik piztuko du ikusmina. Bartzelonako erlojupekoak lehen tarteak sortuko ditu faboritoen artean, eta biharamunean, lehia bizia egongo da Montjuiceko igoeran. Atseden hartzeko betarik gabe, Andorrako etapa iritsiko da hurrena. Lehen mailako Arinsalen egongo da helmuga, eta aurrez Ordino igoko dute. Beste bi etapa bukatuko dira goian lehen astean: 6.a, Javalambreko begiratokian; eta 9.a, Caravaca de la Cruzen. Xorret de Catira igo, eta jaitsieran izango du helmuga 8. etapak.

Bigarren asteari bakarkako erlojupekoarekin ekingo diote, eta hortik aurrera, ondo tentetuko da ibilbidea. 11. etapa Laguna Negran bukatuko da, eta Pirinioetako etapa handiak jokatuko dira segidan. Iruñea eta Lekunberri arteko etapa bukatuta, atseden hartuko dute. Hobe dute indarberritzea, azken txanpa akigarria izango baita.

Angliruren itzulera

Ohiko legez, etapa erabakigarriak jokatuko dira Asturiasen. 17.ean Colladiella, Cordal eta Angliru kateatuko dituzte. Mendate ospetsuan bukatuko dute saioa. 2020an igo zuten azkenekoz. Egun bat geroago, Vueltan sekula igo ez duten Cruz de Linaresen aurkituko dute helmuga. Beste lau mendate igoko dituzte aurrez, horietako bi lehen mailakoak. Azken ahalegina 20. etapan egin beharko dute sailkapen nagusikoziklistek, Guadarramako mendilerroan. Zirkuitu itxurako ibilbidea izango du, eta hirugarren mailako hamar igoera gainditu beharko dituzte. Kili-kolo dabiltzanentzat, jasanezina izan daiteke.

Irailaren 17an helduko da tropela Madrilera, eta han koroatuko da Vueltako irabazlea. Iaz Remco Evenepoelek (Quick Step) irabazi zuen, baina ikusteko dago lehiatuko den ala ez. Munduko Txapelketa Vueltaren aurretik jokatuko da, eta horrek eragina izan dezake parte hartzaileen zerrendan. Gonbidapenak garesti egongo dira, eta litekeena da Euskal Herriko talde bat edo bi kanpoan geratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.