Balio hirukoitza dauka

Bera Berak 28-19 irabazio dio Guardesi. Gipuzkoarrak lider jarri dira berriro; aurkaria sei puntura utzi dute, eta golen aldea irauli dute

NekaneTeres jaurtiketa bat egiten atzoko Guardesen kontrako partidan. JON URBE / FOKU.
ainara arratibel gascon
2019ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Super Amara Bera Berak balio hirukoitza duen garaipena lortu zuen atzo Gascan, Guardes aurkari zuzenari 28-19 gailendu eta gero. Batetik, berriro ere lider postua berreskuratu du, Ro'Casarekin berdinduta; bestetik, Guardes, hirugarren sailkatua sei puntura utzi du; eta, gainera, Galiziako taldeari gol aldea irabazi zion.

Guardes zazpi aldiz jokatua zen Donostian, eta artean irabazi gabea zen. Bada, madarikazio horrek segitu egingo du. Aitzakiarik gabeko lehen zatia egin zuen Bera Berak, batez ere defentsan. Hor oinarritu zuen garaipena. Guardes ligako talderik onena da erasoan. Baina atzokoan horma batekin egin zuen topo: Bera Beraren defentsa. Zerbaitegatik da Imanol Alvarezen taldea txapelketan gol gutxien jaso dituena.

Lehen hamabi minuetan bisitariek ez zuten golik egin. Merche Castellanoren jarduna erabakigarria izan zen. Atezakinak hemezortzi gelditu egin zituen atzoko norgehiagokan.Artean, Arderiusek eta Arrojeriak gidatuta, Bera Bera erasoan asmatzen joan zen, batez ere Sara Gili eta Elke Karsteni esker. Argentinarra izan zen partidako golegile nagusia: zortzi sartu zituen.Hala, Bera Berak lehen zuloa ireki zuen; 11-3 (21. min.). Dena den, azken hamar minutuetan hobeto aritu ziren bisitariak, eta 3-0eko partzial batekin emaitza zertxobait txukundu, eta atsedenaldira 13-8 ailegatzea lortu zuten.

Baina bigarren zatiko lehen minutuetan gauzak bere lekuan jarri zituen berriro ere Bera Berak, eta zortzi goleko abantila berreskuratu zuen: 18-10 (35. min.). Horrek lasaitasuna eman zien gipuzkoarrei. Guardesek, aldiz, kontrakarrean aritu behar izan zuen aldea murrizteko, eta horrek eraman zituen hainbat huts egitera. Hortik aurrera etxekoek sei-zazpi goleko errenta izan zuten, eta erasoan argitasunik ez zutenean Karsten agertu zen erditik, eta Cardoso hegaletik, babak eltzetik ateratzeko.

Azken 10 minutuetan Guardesek Galizian lortutako golen aldeari —28-24 irabazi zuen etxean— eustea zuen ia helburu bakarra. Baina lehia osoan erakutsitako seriotasunari eutsi zion Bera Berak, bai erasoan, baita defentsan ere, eta neurketako abantailarik handiena lortzera iritsi zen: 26-17 (55.min.). Azkenean aldea horixe izan zen, bederatzi golekoa.

Gaur jokatuko du, bestalde, Zuazok. Bizkaitarrek garaipen handia lortu zuten aurreko asteburuan, hain zuzen ere Guardesen aurka (25-26), eta jaitsiera postuen mamua aldentzea lortu dute. Gaur are gehiago utz ditzakete atzean leku horiek, etxean Castellori irabaziz gero (19:30).

Asobal ligan, Anaitasunak Teucroren pabiloian jokatuko du (20:30). Nafarrek jokatu dituzten azken lau norgehiagokak galdu dituzte, eta irabazteko premia dute. Teucrok aurkari aproposa dirudi horretarako, azken aurreko baita sailkapenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.