Hazten jarraitzea xede

Realak sasoi-aurreko lehen entrenamendua egin du. Barbara Latorre, Lucia Rodriguez eta Ana Tejada dira talde txuri-urdinek fitxatu berriak

Realeko jokalariak irribarrez, atzo, denboraldi aurreko lehen egunean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
2019ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Eman dio hasiera Realak 2019-2020ko denboraldiari. Oporrak amaituta, Zubietako zelaian elkartu ziren atzo arratsaldean Gonzalo Arkonadaren jokalariak. Denboraldi berriari begira, «ilusio» handiarekin daudela ziurtatu zuen Realeko entrenatzaileak, lehiatzeko eta lan egiteko «gogotsu». Aurreko denboraldia ahaztezina izan zen txuri-urdinentzat, amets bat. Pronostiko guztiak hautsiz, Espainiako Kopako titulua lortu zuen historian lehen aldiz, Granadan Atletico Madrili 2-1 irabazi ostean. Ahogozo horrekin ekingo diote sasoiari. Hala, helburua sailkapeneko goiko postuetan amaitzea dela azaldu zuen Arkonadak: «Goiko postuengatik lehiatzen aritu nahi dugu. Horretarako, funtsezkoa izango da erregularrak izatea». Kopan, berriz, amets egiten jarraitu nahi du: «Ilusio handiarekin lehiatuko gara Kopan, eta berriro final bat jokatzen saiatuko gara. Badakigu oso zaila dela, baina ilusio eta gogorik ez zaigu faltako».

Jarraitutasuna lortu nahian, taldearen bizkarrezurra mantentzearen alde egin du apustu Realak. Hala ere, urteetan kapitainakizan diren bi jokalarik utzi dute taldea: Sandra Ramajok eta Chini Pizarrok. Bea Beltran, Paola Soldevila eta Oihana Aldai ere aurrerantzean ez dira taldean izango. Batzuk joan eta besteak etorri. Izan ere, hiru jokalari fitxatu berridituzte txuri-urdinek: Barbara Latorre (Bartzelona), Lucia Rodriguez (Madril) eta Ana Tejada (Logroño). Hirurek hartu zuten parte atzoko sasoi-aurreko lehen entrenamenduan. Horrekin batera, aurreko sasoian Oiartzunen utzita aritutako Adriana Nanclares atezaina ere lehen taldearen ariko da. Fitxatu berriek taldeari lehikortasuna erantsiko diotela esan zuen Arkonadak. Bestalde, ez zuen baztertu beste norbait bat fitxatu ahal izatea ere, baina dituen jokalariekin «oso gustura» dagoela ziurtatu zuen: «Talde lehiakorra daukagu». Lan dinamika azken denboraldikoa bezain «ona» izatea espero du Realeko entrenatzaileak, taldean «batasuna» eta lankidetza» lortzeko asmoz.

Fitxatu berriekin batera, harrobiko hainbat jokalari ere aritu ziren lehen entrenamenduan. Alta, ez ziren lehen lan saioan aritu Nerea Eizagirre eta Carla Bautista. Eskozian jokatzen ari den 19 urtetik beherakoen Europako Txapelketa ari dira jokatzen Espainiako slekezioarekin. Kiana Palaciosek, berriz, Panamerikar Jokoetan hartuko du parte Mexikorekin.

Sasoi-aurreko lehiak

Abuztuaren 3an, Osasunaren aurka jokatuko dute denboraldi-aurreko adiskidantzazko lehen norgehiagoka, Bergaran. Ondoren, abuztuaren 11n Girondinsen kontra, Seaskaren aldeko partida izango dute. Alavesen eta Logroñoren aurka neurtuko dituzte indarrak jarraian. Gero, Euskal Herriko Kopako Finala izango dute Athleticen aurka. Abuztuaren 24an jokatuko da finala, Azpeitiko Garmendipe futbol zelaian, 16:00etan. Azkenik, abuztuaren 31n, Rayo Vallecanoren kontra jokatuko dute azken lagunartekoa txuri-urdinek. Liga, irailaren 8an hasiko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.