Jokatzekotan, jaitsiera eta guzti

Eusko Label liga egiten bada uda honetan, ez da aurreikusten lehiaketa sistema aldatzea

Kaikuko Bizkaitarra trainerua ziaboga emateko prestatzen, iaz, Hondarribian. IDOIA / ZABALETA.
Aitor Manterola Garate.
2020ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Arraun munduan zipriztinak harro ibili ziren aurreko astean, berez argitara atera behar ez zen proposamen bat jendartera zabaldu zenean. Zarauzko Arraun Elkartearena zen eskaera, Traineruen Kluben Elkarteko klubek zuzendaritzarekin harremanetan jartzeko duten barneko bideetatik egina, eta bertan eskatzen zen aurtengo Eusko Label ligan, jokatzen bada, jaitsierarik ez egotea, pandemiaren egoerak zortearen aldagaiari ohi baino indar handiagoa emango diola iritzita. Hau da, talderen bati egokitzen bazaio arraunlari batzuek edo multzo handi batek positibo ematea COVID-19arekin, ezingo litzateke lehiatu behar bezala arraunlari horiek gabe, eta arrisku handia luke mailaz jaisteko, adibidez. Hortik doa zarauztarren proposamena, eta KAE 1 ligatik igoerarik ez egotea ere eskatu dute.

Orain, TKEko hamabi klubek erabaki beharko dute proposamena eztabaidatu edo ez, eta, baiezkoa ematen badiote eztabaidari, onartu edo ez bozkatu beharko dute, maiatzaren 30eko batzarrean. Hori da prozedura, baina ia ziurtzat jo daiteke Zarautzen proposamenak ez duela bide luzea egingo.

Borja Rodrigo TKEko presidenteak esandakoa argigarria da alde horretatik: «Errespetatzen ditut proposamen guztiak, eta klubek erabakiko dute zer egin, baina presidente moduan hitz eginda, eta garbi utzita erabakia klubena dela, nahiago dut lehiaketa ohiko bidetik joatea. Uretan izaten bada Eusko Label liga uda honetan, jatorrizko moduan edo horren oso antzekoa den molde batean izango da, jaitsierekin, igoerekin, sarekin eta abarrekin. Bestela, lehiaketaren eta TKEren itxura kaltetuko litzateke, eta alferrik izango litzateke hainbat eragile lehiaketa jokatu ahal izateko egiten ari diren ahalegina».

BERRIAk jakin duenez, Zarautzen eskaria gustuko duten klubak badira, eta haietako bat saiatu zen proposamen horrekin eta beste batzuekin eskaera bateratu bat aurkezten TKEn, baina ez zuen lortu adostasunik eskaera guztietan. Azkenean, Zarautzek egin zuen bere kabuz eskaria.

Hil honen azken larunbateko batzarrean, klubek aurtengo egutegiarekin zer egin ere erabaki behar dute, baina Rodrigok azaldu du ez dutela presarik erabakiak hartzeko: «Ematen du gauza ondo doala, eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean ari gara. Baina haiek eta guk oso garbi daukagu presarik ez dugula, eta lehiaketaren hasiera astebetez atzeratzea ez litzateke arazoa izango, betiere beste izurrite bat etorriko ez balitz». Rodrigoren aurreikuspenetan,krisi honetako egoera orokorra kontuan hartuta kasu guztietan, ekainean zehar itzuli ahalko dira arraunlariak ohiko eran entrenatzera: «Egun horretatik hamabost egunera hasiko lirateke Eusko Label eta Euskotren ligak». Aste honetan eta hurrengoan, bi liga horietako arraunlariei test serologikoak egingo zaizkie, «COVID-19ak gure ligetan izan duen eraginaren argazki zehatza edukitzeko».

Beste ligetan, aukera berria

KAE ligako klubek bihar arteko epea dute elkarteak aurkeztu zien proposamenari ekarpenak egiteko, eta bada berrikuntza bat: Getxok bere burua aurkeztu du laugarren eremua izateko. Aurreko ostiralean egindako batzarrean, laugarren eremu bat sartzea eta estropada kopurua hamabira igotzea eskatu zioten klub askok elkarteari. Bilera horretan, Getxoren izena plazaratu zuten hainbatek, eta herri horretako klubak asteon egin du proposamena, bertako udalaren oniritziarekin. Horrenbestez, Getaria, Castro Urdiales eta Pasaiarekin batera osatuko lituzke eremuak, eta, orain, KAE eta ETE ligako egutegietan, aukera legoke aurreikusita dauden bederatzi estropadak jokatu beharrean hamabi jokatzeko. Hala balitz, astebururen batean larunbat-igande jokatu beharko lukete.

KAEko klubek maiatzaren 25etik 31ra bitarteko aukera izango dute elkarteak hilaren 25ean aurkeztuko dien azken proposamena bozkatzeko. Baliteke eremuarena ez izatea aldaketa bakarra lehen proposamenetik, eta ager daiteke beste konturen bat, baina hori datorren astean jakingo da ziur.

KAE ligaren lehiaketa proposamenean ETE liga ere sartzen da, bi elkarteek iaz hasitako elkarlanari segida emateko asmoz. Egutegi bera litzateke aurten bientzat, aurrera ateratzen bada eta erakundeek lehiatzeko baimena ematen badiote proposamenari. ETE emakumezkoen ligako klubek herenegun egin zuten bilera, eta garbi daukate, lehiatzekotan, KAEren barruan egingo dutela osorik aurten —iaz estropada batzuk KAE ligako egutegitik kanpo antolatu zituzten—. Ontzat joko lukete laugarren eremu bat sartzea eta hamabi estropadakoa izatea egutegia. Eskatu duena dalehiatzeko baimena liga guztiei ematea, eta ez soilik handienei, Eusko Label eta Euskotren ligei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.