Gehiago behar dute

Athletic eta Alaves San Mamesen ariko dira gaur. Etxekoek gora egin nahi dute berriro. Bisitariek, bigarrenez jarraian irabazi, zulotik irteteko

Pacheco eta Sancet, aurreko sasoian San Mamesen jokaturiko derbian. M. R. / FOKU.
haritz gallastegi
2021eko urriaren 1a
00:00
Entzun
Alaves izango da denboraldi honetan San Mames bisitatuko duen lehen euskal taldea. Harmailetan ez da pandemia aurreko girorik egongo, baina ez da berotasunik faltako. Apurka-apurka arauak leunagoak dira, eta jarraitzaile zuri-gorriak bueltan dira. Hori guztia biribiltzeko, norberak gustuko duen taldeak futbol gosea indartzea izango litzateke aproposena. Bada, ahalegin horretan ari dira Athletic eta Alaves.

Athletic sailkapenaren erdialdean dago: ez gora, ez behera. Alaves, ordea, jaitsierako postuetan dago, amildegian. Baina partida bat aztertzeko orduan, bi taldeek egin duten azkena hartu ohi da aintzat, eta, horri erreparatuta, argi dago Arabako taldearen inguruan ilusio handiagoa dagoela. Balentria handia egin zuen azken lehian. Punturik irabazi barik zelairatu zen ligako egungo txapeldunaren kontra. Ordura arte Alavesek zelaian erakutsitako jokoak sailkapenak erakusten zuena islatu baino ez zuen egin. Baina garairik zailenean onena azaleratzeko kapaz izan da Javi Callejak zuzentzen duen taldea. Irtenbidea aurkitzea ezinezkoa dela dirudienean aurrera egiteko gaitasun harrigarria duen kluba da Alaves. Athletico Madrilen kontrako garaipenak ez ditu arazo guztiak konpondu, baina taldearen aldartea aldatu du. Duela astebete beltza zena koloretsu ikusten dute orain, eta bide horri segida emateko gogoz zelairatuko dira gaur.

Goian egonkortzeko lanean

Athleticek ez du horrenbesteko gorabeherarik izan. Talde zuri-gorriak urrun ikusten du arriskua. Ez dago behera begira. Marcelino Garciaren taldearen helburua beste bat da: goiko postuetan egonkortzeko ari da lanean. Baina, oraingoz, ez da kapaz onenen artean egoteko behar den jokoa eta joa azaleratzeko. Joan den sasoian bi partida jarraian irabazi barik egon ostean, denboraldi honetako helburuetako bat bolada txar hori etetea zen. Celta eta Mallorca mendean hartuta lortu zuen.

Baina ez da nahikoa izan talde irabazlea bihurtzeko. Oraindik falta zaio. Azken bi partidek oinak lurrean jartzeko balio izan diote inguru zuri-gorriari. Luzapenean hiru puntuk egin diote ihes. Rayo Vallecanoren kontra galtzea eta Valentziarekin berdintzea mingarria izan da oso. Rayoren kontra neurketa txikia jokatu zuelako, eta Mestallan ez zelako gai izan futbolari bat gehiagorekin gol bateko errentari eusteko. Zaharrak berri. Talde lehiakorra eta defentsan sendoa izatea ez da nahikoa Europarekin amets egiteko.

Hamaikakoei dagokienez, zalantza gehiago dago Athleticen Alavesen baino. Balentziaga eta Sancet osatuta daude, eta hasieratik aritu daitezke. Lehenak defentsan erakusten duen sendotasuna eta bigarrenak erasoan eman dituen aukerak behar beharrezkoak ditu Marcelinok. Bestalde, azken jardunaldian taldeak eman zuen maila aintzat hartuta, ez dirudi Callejak aldaketa asko egingo dituenik. Joselu hasierarik aritzea izan daiteke bakarra.

ATHLETIC-ALAVES
Athletic. Unai Simon; Lekue, Vivian, Iñigo Martinez, Balentziaga; Muniain, Dani Garcia, Vencedor, Berenguer; Williams eta Sancet.
Alaves. Pacheco; Martin, Ximo Navarro, Miazga, Laguardia, Duarte; Syla, Toni Moya, Loum, Luis Rioja; eta Joselu.
Epailea. Del Cerro Grande.
Lekua. San Mames (53.289 ikusle).
Ordua. 21:00etan (Gol).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.