Ezin etsi oraindik

Alavesek Celta izango du aurkari gaur, eta Athleticek, Valentzia; arabarrentzat, lehia erabakigarria da mailari eusteko, eta, bilbotarrentzat, Europan sartzeko

Mikel Vesga Athleticeko jokalaria baloiarekin, Atletico Madrilen aurkako partidan, aurreko larunbatean. A. LOIOLA / FOKU.
haritz gallastegi
2022ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Lau jardunaldi bakarrik falta dira Espainiako liga amaitzeko. Lau norgehiagoka baino ez azken hamar hilabeteetan egindako lana balekoa den edo ez jakiteko. Bada, Alavesek eta Athleticek asko dute jokoan. Helburu ezberdinak dituzte, baina, bi taldeentzat, ezinbestekoa da azken partidetan puntu asko irabaztea. Arabarrek mailari eustea dute xede; zuri-gorriek, berriz, Europako sailkatzea lortu gura dute, azken lau urteetan sari barik gelditu ostean.

Athletici dagokionez, Vila-real aurreratu eta datorren sasoian Conference Ligan jokatzea da helburua. Erronka gaitza da. Unai Emeryren taldeak baliabide asko baititu, eta, gainera, Txapeldunen Ligatik kanpo geratu berritan, arreta guztia jarriko du ligan. Zuri-gorriek puntu asko irabazi beharko dituzte, aukerak izateko. Talde guztiei kostatzen ari zaie irabaztea, eta Athletic ez da salbuespena. Baina, aukera barik zegoela zirudienean, bi partida irabazi ditu segidan, eta borrokan da.

Marcelino Garciaren taldea hirugarren garaipena erreskadan lortzen ahaleginduko da gaur. Ia urtebete igaro da azken aldiz hiru partida jarraian irabazi zituenetik. Beraz, ez da lantegi erraza izango. Eta aurkaria ere ez da erosoa. Valentziak bisitatuko du San Mames, Espainiako Kopako finalaren ametsa zapuztu zuen taldeak, hain zuzen ere (16:15, La Liga).

Finala penaltietan galtzeak min handia egin dio Jose Bordalasek zuzentzen duen taldeari. Europarako sailkatzeko aukera barik geratu da, eta horrek hautsak harrotu ditu klubean. Hala ere, talde lehiakorra eta langilea da. Hortaz, Athleticek baliatu egin beharko ditu aurkariak emango dizkion aukera apurrak. Marcelinok honela aztertu zuen gaurko neurketa: «Berriro ere zaleen beharra dugu. Valentzia talde oso lehiakorra da, oso deserosoa aurkariarentzat, eta ederki baliatzen ditu bere aukerak. Irabazi egin nahi dugu, baina ez dugu kitarako sentimendurik Kopan gertatutakoagatik». Oihan Sancet da Marcelinok duen hutsune nagusia.

Alaves, Balaidosen

Athletici indarra eman baldin badiote azken bi garaipenek, ez da gutxiagorako izan Alavesi Vila-realen kontra lortutakoak emandakoa. Julio Velazquezek taldea piztea lortu du. Zuzendu dituen lau partidetatik bi irabazi ditu, eta duela hilabete ezinezkoa zirudiena lortzeko aukerak ditu Arabako taldeak. Salbazioa lau puntura dauka. Baina gaur Celta mendean hartuz gero (18:30, La Liga) aurkari zuzenen kontra lehiatu beharko duenez —Levante eta Cadizen aurka azken bi partidetan—, bere esku izan dezake miraria. Alaves, gainera, ohituta dago amildegitik gertu bizitzera. Ondorioz, azken urteetan sarri jokatu behar izan ditu hil ala biziko partidak.

Celtak ez dauka ezer jokoan etazaleen aurrean jokatutako azken bost partidetatik bakarra irabazi du. Gainera, asteon Santi Mina jokalariari lau urteko espetxe zigorra jarri diote emakume bati sexu abusuak egiteagatik.

Hala ere, egun ona duenean, talde arriskutsu da, eta Alavesi neurria hartua dio. Azken lau partidak irabazi dizkio. Hori gutxi balitz bezala, arabarrek urritik ez dute kanpoan irabazi. «Gogorra izango da, baina ziur gaude mailari eusteko aukera dugula. Celtak zelaitik aurrera jokaldiak ondo lotzen dituzten jokalariak ditu, eta adi ibili beharko dugu».

Emakumeen ligan, berriz, Alavesek eta Athleticek derbia jokatuko dute gaur Ibaian (12:00). Ez dute ezer jokoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.