Txillida Leku apirilean zabalduko dute berriro

Zortzi urtez egon da itxita Hernaniko museoa. «Eguneratze batzuk» egin arren lehengo itxura izango duela iragarri du artistaren sendiak

Eduardo Txillidaren eskultura bat, Txillida Leku museoaren lorategietan, Hernanin. GORKA ESTRADA / EFE.
Miren Garate.
2019ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Zortzi urte baino gehiagoan itxita egon ostean, Hernaniko (Gipuzkoa) Txillida Leku museoak berriro irekiko ditu ateak, apirilean. Txillida familiak eman zuen atzo albistearen berri, eta, iragarri zuenez, oro har egoera onean dagoenez museoa, ez da beharrezkoa izan erabat eraberritzea. Eduardo Txillida eskultorearen obra biltzen duten azpiegituren «errespetuzko eguneratze bat» egingo dutela adierazi zuen Luis Txillidak, eskultorearen semeak.

Museoaren ardatza Zabalaga baserria da, XVI. mendekoa, eta «lehengo itxura eta egitura bera» izango ditu. Alabaina, eraikinean zenbait hobekuntza egingo dituztela adierazi dute txillidatarrek; esate baterako, argiztatzea, zoruaren eta sabaiaren isolamendua eta irisgarritasuna hobetuko dituzte. Familiak azaldu duenez, Luis Laplace Argentinako arkitektoa ari da eraberritze lanak gainbegiratzen, Jon Essery eskultorearen biloba eta arkitektoarekin lankidetzan. Halaber, Piet Oudolf paisajista eta New Perennial mugimenduaren aitzindariak ere «zenbait paisaia elementu sotil» txertatuko ditu proiektuan. Bisitariari ongietorria egiteko zentro bat, kafetegi bat eta denda bat ere irekiko dituzte, eta aparkalekua ere egokitu egingo dute.

Eguneratze lan horiei esker museoak bisitari gehiago hartzeko aukera izango duela azaldu du Txillida familiak. Museoak hastear duen etapa berriarekin «erabat» pozik daudela gaineratu dute artistaren senideek: «Txillidaren obrarekiko interesa handituz joan da, eta ziur are gehiago handituko dela etorkizunean».

Zuzendaria, Massague

Mireia Massague Gaudi Exhibition Centerreko zuzendaria izandakoa izango da Txillida Lekuko zuzendari berria, eta adierazi du espazioa nazioarteko topagune bat izatea nahi duela, lurraldearekin eta tokiko gizartearekin konplizitatea bilatuz. «Familiarekin lankidetza estuan ariko da, hura baita museoaren eta gestioen jabea».

2017tik Hauser & Wirth Suitzako arte galeria da Txillida familiaren ordezkaria. Hark Txillida Lekurentzat eredu iraunkor berria diseinatzeko eskainitako laguntza eta aholkularitza nabarmendu du sendiak. Halaber, eraberritze lanak egiteko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako administrazioek emandako laguntza eskertu dute txillidatarrek, batez ere Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailarena. Izan ere, eraberritze lanak bukatu bitartean, Txillida Lekun zeuden hamahiru eskultura Gordailuan, foru aldundiaren ondare bildumen zentroan gordetzeko aukera eman dio sendiari diputazioak. Museoa berriro irekitzea «Gipuzkoarentzat eta Euskadirentzat albiste zoragarria» dela adierazi zuen atzo Denis Itxaso Kultura diputatuak.

Eskultorea jaio zela 95 urte bete ziren atzo bertan. 2002ko abuztuaren 19an hil zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.