Nazioarteko lehiaketa bihurtuta, gaur hasiko da Animadeba jaialdia

Hamarna labur daude Sail Ofizialean eta Zuzendari Berrienean. Larunbatean da sari banaketa

Animadeban emango duten The Bird & The Whale film laburraren fotograma bat. BERRIA.
Miren Garate.
2019ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
2008an sortu zuen Aitor Oñederrak Animadeba, Debako (Gipuzkoa) animazio zinemaldia, udalerriko kultur teknikariarekin batera. Jaialdi txiki bat egitea zen hasierako asmoa, animazioa helduentzat ere bazela erakusteko eta areto komertzialetan ez zeuden lanak ikusteko aukera emateko. Urteek aurrera egin ahala, kale edo bale egiteko premia ikusi zuen: edo utzi, edo aurrera egin eta nazioarteko zinema jaialdi bihurtu. Udalari egin zion proposamena Oñederrak, eta onartu egin zuen hark. Hala, estreinakoz, lehiaketa formatuan dator aurtengo Animadeba. Gaur hasiko da jaialdia, eta igandera arte iraungo du.

Zazpi herrialdetako hamar film labur ariko dira lehian Sail Ofizialean. «Oso-oso pozik nago egin dugun aukeraketarekin. Epaimahaiko batek ere ikusi ditu, eta esan digu egundoko maila dagoela». Hautatutako lanen artean era askotako proposamenak daudela zehaztu du Oñederrak: «Batzuek komedia kutsua dute; beste batzuek feminismora jotzen dute, baina ez ohiko modu batean; badaude film konbentzionalak ere, baina oso bereziak direnak teknikagatik...». 1.300 lan baino gehiago jaso zituzten nazioartetik, eta kulturarekiko interesa duten herriko hemezortzi lagunekin talde bat osatu zuten, aukeraketa egiteko. Hiru sari banatuko dira Sail Ofizialaren kategorian: film labur onenaren saria, gidoirik onenarena eta publikoarena.

Sail Ofizialean bezalaxe, hamar film lehiatuko dira Zuzendari Berriak EHU sailean ere, eta lanik onenak bakarrik jasoko du saria. «Aukeratu beharko banu, ez dakit zein hautatuko nukeen: sail nagusia edo zuzendari berriena», adierazi du Oñederrak, sail horretan izango diren lanen kalitatea nabarmentzeko. «Ikasleen lanak dira, baina oso-oso profesionalak. Annecyko zinemaldian egon berri naiz, eta lan horietako batzuk sail nagusian zeuden han».

Aukeraketa taldeari oso interesgarriak iruditu zaizkion beste bost film labur, berriz, Panorama sailean erakutsiko dituzte, lehiaz kanpo. «Dagoeneko beste zinemaldi batzuetan sari asko jaso dituzten filmak dira». Eta beste bost film luzerekin osatuko dute sail hori.

Jarduera paraleloak

Alfred Sesmak, Emilio de la Rosak eta Joana Tostek osatuko dute epaimahaia. Azken hori, gainera, jaialdiko gonbidatu berezia ere izango da, eta euskal makila bat emango diote larunbat goizean, kultur elkarteko aretoan.

Larunbatean izango da sari banaketa ere, 22:00etan, Kutxa Beltzan, eta ekitaldia girotzeko kontzertua emango dute Gari & Maldanbera taldekoek. Jaialdiaren atarian eros daitezke emanaldietarako, sari emate ekitaldirako nahiz Blender maisu eskolarako sarrerak. Hain zuzen, pelikulak ikusteko aukera ez ezik, bestelako ekitaldi ugaritan parte hartzekoa ere emango du Animadebak, erakusketak, hitzaldiak, tailerrak, kontzertuak eta abar antolatu baitituzte hondartzan eta herriko beste hainbat txokotan.

Animazio zinema «egoera onean» ikusten du Oñederrak. «Jendea ere ohitzen ari da animazioa ikustera, eta gure helburu nagusietako bat hori izan da hasieratik: helduei begira egitea jaialdi hau, nahiz eta umeak ere inportanteak diren eta gerora hasi ginen haientzat filmak ere sartzen». Hala ere, uste du Eusko Jaurlaritzak apustu handiagoa egin behar lukeela animazioaren alde. «Aurten ere animaziozko lan bakarra hartu dute Kimuak programan».

Informazio gehiagonahi izanez gero,jo webgune honetara: www.animadeba.com
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.