Buruz Buruko Txapelketa

Motibazioz lepo daude

Gogoz gainezka daude Altuna eta Zabaleta: aurrelaria, ikusgarri dabilen aurkariarekin lehiatzeko; atzelaria, manomanista handi bati aurre egiteko

Jokin Altuna eta Jose Javier Zabaleta, igandeko partidarako pilotak aukeratu berritan, atzo, Miribillan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2021eko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
«Gogoa» eta «motibazioa»: Horra Jokin Altunak eta Jose Javier Zabaletak atzo eginiko pilota aukeraketan gehien entzun ziren bi hitzak. Makina bat aldiz esan zituzten. «Ikaragarri ari da Zabaleta. Horregatik, izugarri motibatzen nau haren aurka jokatzeak. Oso partida ezberdina da, eta neure burua probatu nahi dut», esan zuen Altunak. Antzeko hitzak erabili zituen Zabaletak. «Buruz buruko pilotari handia da Altuna, eta, gainera, sasoi onean dago. Ezkurdia handi bati irabazi berri dio. Niretzat partida guztiak dira oso zailak, bada, hau, askoz gehiago. Erronka oso handia da. Baina gogo eta ilusio handia dut».

Buruz Buruko Txapelketako bigarren finalerdia jokatuko dute biek, igandean, Bilbon. Altuna klasikoa da finalaren atarikoan: laugarren aldia du azken sei urteetan. Zabaleta, ordea lehen aldiz iritsi da finalerdietara. Final-laurdenetara ailegatua zen gehienez. Horri heldu zion atzelariak faboritoa nor zen galdetu ziotenean. «Hura da faboritoa. Nik baino eskarmentu handiagoa du, baita garaipen zerrenda hobea ere. Ea susto bat ematen diodan». Altuna, ordea, ez dago ados harekin. Ez du uste presio handiagoa duenik ere. «Hark 30 urte ditu, eta buruz burukoa jokatzeko horrenbeste entrenatu baldin bada, zerbait handia egin nahi duelako da. Jada egin du, baina, egon ziur, nahiko du irabazi. Denok nahi dugu».

«Ongi» sentitzen dira, hala iritsi dira biak. «Gustura aritu naiz jokatu ditudan bi partidetan, baina igandekoa oso partida ezberdina izango da: pilotak, aurkaria, frontoia... Ea nola moldatzen naizen», esan zuen Zabaletak. Altunak, berriz, atzera egin zuen haren sasoiaz hitz egiteko, iaz Erik Jakaren aurka galdutako buruz buruko finalera. «Ordukoa baliagarria izan zait. Orain, eguneroko lanari ematen diot garrantzia, gauzak ondo egiteari, ez horrenbeste partidei. Horri esker iritsi dira azken emaitzak. Gozatzen ari naiz, eta binakakotik hona gora egin dut».

Biek ala biek argi dute nola jokatu behar duten. «Zaila izango da nire jokoa egitea, Altuna trebea baita aireko defentsan, eta oso ondo amaitzen baititu tantoak. Sake-errestoan asmatu beharko dut aukeraren bat izateko; bestela, akabo». Altunak ere sakearen eta errestoaren garrantzia nabarmendu zuen, baina berehala zehaztu zuen horrekin bakarrik ez duela irabaziko. «Tanto askotan nagusituko zait, eta horietan sufritzen jakin beharko dut, eusten, eta lehen aukera aprobetxatzen».

Lehen Mailako buruz burukoaren finala igandean geratuko da zehaztuta. Bigarren Mailakoa, berriz, gaur. Bi finalerdiak jokatuko dituzte Gernika-Lumon (Bizkaia), 22:00etan (ETB1). Aurrenekoan, Peio Etxeberria eta Iker Salaberria ariko dira, eta, bigarrengoan, Jon Erasun eta Julen Egiguren. Irabazleek txapela izango dute jokoan ekainaren 5ean, Iruñean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.