Ezin du hutsik egin

Alaves salbazio postuetara hurbiltzen ahaleginduko da gaur Getaferen aurka; sei puntura du. Mendilibarrek eskuragarri ditu jokalari guztiak

enaut agirrebengoa
2022ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Hamahiru jardunaldi gelditzen dira oraindik gizonezkoen Lehen Mailako liga buka dadin. Talde gehienei arrotza zaie oraindik final hitza. Alavesentzat, ordea, baliteke gaur azken aukera izatea mailari eusteko borrokan bizirik jarraitzeko. Salbazioaren langa Granadak ezartzen du oraintxe, Alavesek baino lau puntu gehiagorekin. Sei gehiago ditu Getafek, eta haren zelaian ariko da gaur Jose Luis Mendilibarren taldea. Irabazita, hauspotu egingo luke denboraldiko helburua betetzeko esperantza; galduz gero, baina, mirariaren zain gelditu beharko luke jaitsieratik libratzeko.

Nortasunez jokatzeko garaia da. Hala aldarrikatu zuen atzo Mendilibarrek: «Gu geu izan behar dugu, eta ausart jokatu. Etxetik kanpo ariko gara, baina ez diogu horri erreparatu behar». Ez da erraza, Alaves penagarri baitabil etxetik urrun. Mendilibarrekin oraindik ez du punturik lortu bisitari moduan, eta ligan, urriaren 23koa du azken garaipena 0-2 irabazi zion Cadizi. Gainera, gotorleku bat eraitsi beharko du gaur. Izan ere, Quique Sanchez Floresek etxean garaiezin bihurtu du Getafe: zazpi partida daramatza bere zaleen aurrean galdu gabe. Hori gutxi balitz bezala, Alavesek ez du inoiz zelai horretan Lehen Mailako partidarik irabazi. Oso erronka zaila da.

Ez da ezinezkoa, ordea. Real Madrilen zelaian itxura duina emanda dira arabarrak, eta Mendilibarrek ondo daki zer egin behar duten emaitza hobeak lortzeko: «Oldarkorragoak izan behar dugu, eta aurkariaren zelaian baloi gehiago berreskuratu. Nahi dugun horretan sinesteko ausardia falta zaigu. Aurrelariek sentitu behar dute atzekoek ere estutu egingo dutela». Jabetza goian bereganatzeak berebiziko garrantzia izango du gaur, Alaveseko teknikariaren aburuz: «Aurkariaren zelaian jokatzea eta baloia galdu orduko lapurtzea nahiko nuke. Presioan haiek baino hobeak izan behar dugu».

Azken asteetan, esperientziaren alde egin du apustu zaldibartarrak. Elitean zailduen daudenak ari da zelaian ipintzen. «Halako jokalariekin hitz egiteak lasaitasuna ematen dizu, aurrez ere egoera zailetan aritu direlako. Eskarmentuak gauzak ongi egiten lagun diezaguke». Laguardia da jokalari horietako bat, eta, zigorra bete ondoren, hasieratik ariko da gaur, Miazgaren kaltetan. Hamaikakoan ez da beste aldaketarik espero: zelai erdian, finko bihurtu dira Loum, Pina eta Escalante, hegaletan Rioja eta Jasonekin gertatzen den bezala. Alavesek aurrelari bakarrarekin jokatzen badu, zalantzarik ez dago Joselu izango dela. Ez alferrik, hamabi gol baitaramatza.

GETAFFE-ALAVES
Getafe. David Soria; Damian, Djene, Mitrovic, Cuenca, Jankto; Maksimovic, Arambarri, Aleña; Enes Unal eta Borja Mayoral.
Alaves. Pacheco; Tenaglia, Laguardia, Lejeune, Ruben Duarte; Escalante, Tomas Pina, Loum; Jason, Rioja eta Joselu.
Epailea. Jaime Latre.
Lekua. Alfonso Perez Koliseoa (17.000 ikusle).
Ordua. 16:15 (Movistar LaLiga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.