Europara, txupinazo eta guzti

Osasunak botako du txupinazoa sanferminetan, hamasei urteren ostean Europarako sailkatu dela eta

Osasunako jokalariak Sadarren, Konferentzia ligarako sailkapena zaleen aurrean ospatzen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Sari bikoitza jaso du Osasunak. Igandean Konferentzia ligarako sailkatu ostean, Iruñeko Udalak atzo jakinarazi zuen Osasunak jaurtiko duela aurtengo sanferminetako txupinazoa. Sadarren festa handia egin zen igandean, gorritxoak Europan arituko baitira hamasei urteren ostean, eta txupinazoarekin jarriko dio ginga sasoiari. Hala ere, ez da lehen aldia izango. 2000. urtean ere Osasunak eman zien hasiera San Fermin festei, Lehen Mailara igo zirela ospatzeko. Orduko kapitain zen Cesar Palaciosek eman zion su txupinari. Gorritxoek egindako denboraldia ospatzeko modua izango da uztailaren 7koa. Izan ere, Osasunak lehen aldiz hartuko du parte datorren sasoian lau lehiaketatan: ligan, Espainiako Kopan, Konferentzia ligan eta Espainiako Superkopan.

Osasuna izan zen igandeko protagonista nagusia. Gorritxoek merezimendu osoz lortu zuten, ligako azken jardunaldian, Europan jokatzeko aukera, Gironari 2-1 irabazita. Sasoi bikaina egin du Jagoba Arrasateren taldeak, eta klubak izan duen eboluzioa nabarmena da. 2018-2019an Berriatuko entrenatzailearen eskutik Lehen Mailara igo zenetik, 11. postua izan du okerrena Osasunak. Aurtengoa, baina, aurrerapausoa izan da. Espainiako Kopako finala jokatzea eta Europarako sailkatzea ez da urtero gertatzen den kontua. 102 urtean lau aldiz sailkatu dira gorritxoak Europan jokatzeko. Zaleen laguntza eskertu ostean, harrotasuna erakutsi zuen Arrasatek igandean. Gorritxoak ilusioz gainezka badaude ere, hankak lurrean izan nahi ditu prestatzaileak: «Ilusio handia dugu gure armarria Europan zehar defendatzeko, baina atariko bat jokatu beharko dugu. Liga, Kopa eta Superkopa ere baditugu. Estimulu asko dauzkagu aurretik».

Sasoi osoaren isla izan zen igandeko partida. 22.128 zale bildu ziren Sadarreko harmailetan, eta haien aupadarekin lortu zuen Osasunak Europa helmuga duen hegazkina aireratzea. Ante Budimir izan zen arratsaldeko protagonista. Kroaziarrari kosta egin zitzaion sasoi hasieran ate aurrean asmatzea, baina denboraldi amaiera paregabea egin du. Azken hamar neurketetan sei gol sartu ditu, eta atzoko biekin Konferentzia ligarako sailkatu da taldea.

Erregulartasuna izan da Osasuna zazpigarren postuan sailkatzeko sekretua. Etxeko partidetan hobetzea zen sasoi hasierako helburuetako bat, azken urteetan gorritxoak ez baitira nahi bezala aritu Sadarren. Aurtengoa, baina, oso bestelakoa izan da. «Uste dut argi dagoela etxean hobera egin dugula. Helburuak etxean lortzen dira, eta urrats bat egin dugu. Pozik nago zaleek taldearekin gozatzeko aukera izan dutelako», adierazi zuen prestatzaileak.

Athletic, Europatik kanpo

Osasunak baino hamar gol gehiago sartu ditu Athleticek sasoi osoan, eta, estatistika ikusita ulertzea kosta egiten den arren, gorritxoen atzetik amaitu dute sailkapenean. Bana berdindu zuten Ernesto Valverderenek Bernabeun. Dena dela, Osasunaren garaipenak Europatik kanpo utzi zituen beste behin. Zuri-gorriek 2018an jokatu zuten azken aldiz Europan. Entrenatzaileak adierazi zuenez, bere taldeak «frustrazio» sentsazioa du Europan jokatzeko sailkapena lortu ez duelako, «akats larriak» egin ostean.

Athleticen arazoa, baina, ez da ligako azken partida izan; San Mamesen galdu duen puntu sorta baizik. Katedralean arerio beldurgarria izan da beti Athletic, baina aurten zortzi garaipen soilik eskuratu ditu. Hau da, jokoan zeuden 57 puntuetatik, 27. Beste 11 partidetako emaitzak mingarriak izan dira. Bakarrean lortu du golen bat sartzea. Beste hamar partidetan ez du golik sartu. Ia aurkari zuzen guztiek lortu dute San Mamesen punturen bat ateratzea, eta Bigarren Mailara jaitsi diren bi taldek ere, Elxek eta Espanyolek, irabazi egin zuten San Mamesen. «Egon behar dugun lekuan gaude. Liga 38 jardunaldi dira, eta bakoitza dagokion tokian dago. Gorago egon gintezkeen? Zalantzarik gabe, baina akatsak egin ditugu», nabarmendu zuen Valverdek.

Illarramendiren agur festa

Athletic ez bezala, Reala sendo aritu da etxean. Txuri-urdinek hiru partida soilik galdu dituzte Anoetan, eta 11 irabazi. Osasuna bezala, erregular aritu dira, eta merezitako saria da Txapeldunen Liga. Asier Illarramendik ez du lorpenaz zelaian gozatuko, baina zaleekin ospatu zuen, Sevillari irabazi ostean. Agur esatea «zaila» dela onartu zuen kapitainak, «urte asko» egin baititu Realean: «Urte bikaina izan da guztiontzat. Batez ere niretzat, kamiseta honekin eta kolore hauekin egin dudan azken urtea baita. Penaz noa, baina pozik egindakoarekin».

Etxeko lanak eginda iritsi zen Imanol Alguacilen taldea ligako azken jardunaldira. Festa handia espero zen harmailetan eta zelaian, eta halaxe izan zen. Asier Illarramendiren agur hunkigarriaz gain, beste hainbat une gogoangarri ere utzi zituen arratsak. Datorren urteko elastikoaren estreinaldia, besokoaren jabe aldaketa, Illarramendiren 4 zenbakia Martin Zubimendik jasotzea, Bartzelonari mezu argi bat helaraziz... Produktuak onak direnean, platera bikaina irteten da. Txuri-urdinen saria, baina, ez da Michelin izar bat izan; izarren liga baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.