Roglicek ez du zimurrik

Valverderekiko aldea ireki du mendiko etapa gogorrenetako batean, eta eroso eutsi die Lopezi eta Pogacarri. Fuglsangek irabazi du, ihesean

Jakob Fuglsang, ukabila altxatuta, atzo La Cubillan lorturiko etapa garaipena ospatzen. JAVIER LIZON / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Dena kontrolpean duenaren patxadarekin ari da Primoz Roglic (Lotto-Jumbo) Espainiako Vueltan. Irribarre gehiegi egin gabe, badaezpada ere, baina ez da sufrimendu zimurrik ageri bere aurpegian. Agian, berez dena baino askoz gazteagoa dirudielako izango da, edota badakielako bera dela tropeleko kiderik indartsuena. Vuelta honetan bai behintzat, eta, hori gutxi ez balitz bezala, talde sendoena du inguruan. Ez dira hitz hutsak, atzo jokatu zuen Vueltan gelditzen zen mendiko etaparik gogorrena, eta liderrak 23 segundoan ireki zuen Alejandro Valverderekiko aldea. Eta hori eraso egin gabe; nahikoa izan zuen Miguel Angel Lopezek (Astanak) lehenbizi, eta Tadej Pogacarrek (UAE) gero, eginiko saiakerei jarraitzea. Sendo eutsi zien biei.

Ikuskizuna espero zen Pravia eta La Cubillako gainaren arteko bidean; txirrindulariek, baina, ez zuten zalea asebete. Jakob Fuglsangek (Astana) altxatu zituen besoak helmugan, eguneko ihesaldia helmugaraino eramanda. Tropelak baimena eman zion ia 30 kideko multzo bati, eta hura izan zen indartsuena. Helmugatik bederatzi kilometrora Luis Leon Sanchezek (Astana) egin zuen lehen entresaka, ihesaldia bost kidera murriztuz, eta gero Fuglsangek borobildu zuen haren lana. Danimarkarrak garaipen zerrenda oparoa du, baina atzo arte itzuli handi bateko etapa bat irabazi gabea zen. Bost aldiz izana zen bigarren. Nabarmentzekoa Mikel Bizkarraren (Euskadi-Murias) lana, zazpigarren helmugan.

Tropela zortzi minutura zihoan atzetik, Lotto-Jumbok ezarritako diziplina zorrotzaren arrastoan. Haiek buruan zirela igaro zituen San Lorenzo eta Cobertoria, etapako lehen bi mendateak. Eta haiek buruan ziren helmugatik bost kilometrora Miguel Angel Lopezek faboritoen multzoa astindu zuen arte. La Cubilla ez da mendate pikoa (%6,2), baina bai luzea. Min egiteko eraso luzea jo beharra dago, eta Lopezek erritmoa bizitu zuen. Nairo Quintana (Movistar) izan zen lehen biktima, bi minutu eta erdi galdu zituen.

Lopez laugarren da sailkapenean, eta Pogacarren aurka jotako erasoa zen. Hura, baina, haren gurpilera irten zen; ez, ordea, Alejandro Valverde (Movistar). Bi gazteak zakur zaharra zukutzen saiatu ziren. Herio batean egin zituzten azken lau kilometroak, elkarri lagunduz. Haiekin zen Roglic ere, bere erritmoan, atzetik aurrera eginez harrapatu zituen.

Valverde ez zen itsutu; itoginaren kalteak murrizten saiatu zen, eta 23 segundo galdu zituen helmugan. Inoiz ezingo da jakin zer gerta zitekeen Lopezek lehenago estutu izan balu. Atzoko txakalaldiak azken asterako motibazio iturri izan beharko luke kolonbiarrarentzat eta Pogacarrarentzat. Gaur atseden eguna dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.