Sei artelan berri ikusgai Arte Ederren Museoan, zaharberritu eta gero

2020an eskuratu zituzten, eta egokitu ondoren ikusi ahal izango dira lehen aldiz. Behin-behineko erakusketetako batzuk ere hobetu dituzte

Emakume bat Raffaelliren obrari argazkia ateratzen. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2021eko martxoaren 11
00:00
Entzun
Pandemiako hilabeteetan museoak itxi eta, ondoren, edukierak murriztu izanak hauspoa eman die bisitarien beharrik ez duten museoko sektoreei. Hala gertatu da Bilboko Arte Ederren Museoko Ikerketa, Kontserbazio eta Zaharberritze atalekin. 2013tik, hainbat garai eta teknika artistikotako artelanak hautatzen dituzte museoko adituek eta, Iberdrola enpresaren laguntzarekin, haien egoera hobetzeko beharrezko tratamenduak aplikatzen dizkiete. Urteak daramatzate proiektua garatzen, baina aurten, egoerak bultzatuta, garrantzi are handiagoa hartu du museoaren plangintzan, Miguel Zugaza zuzendariak adierazi duenez: «Museoaren kontserbazio funtzioa ez da inoiz orain bezain nabarmena izan».

Orain arte, museoan dagoeneko ikusgai zeuden artelanak erretiratzen zituzten zaharberritzeko. Aurten, ordea, obra eskuratu berriak ere gehitu zaizkio hautaketari. Hala, museoak iaz bereganatu zituen obretako sei lehen aldiz erakutsiko dituzte: Ignacio Iriarteren Paisaia artzainarekin, Juan Barroetaren Sopelako hondartza eta Paisaia mendiekin, Jean-François Raffaelliren Montmartre elurraren azpian eta Gonzalo Txillidaren Pasaiako lantegia koadroak zaharberritu dituzte, baita Marta Cardenasen Teilatua akuafortea eta Joaquim Sunyerren Pobrearen bakarrizketak bilduma ere, koloretako litografiez osatua.

Horiez gain, Ameztoi eta Valdes bildumako maisulanak behin-behineko erakusketetako zenbait lan ere zaharberritu dituzte, baita bilduma iraunkorreko obra ezagun eta jada erakutsiak ere, hala nola Angel Larroqueren Neska katuarekin koadroa, Pablo Milicuaren Alegiazko paisaiak serieko Monegroscollage-a, eta Remigio Mendibururen Txori askeentzako kaiola eskultura. Orotara, zortzi langile aritu dira lanotan: Kontserbazio eta Zaharberritze Saileko lau teknikariak —Maria Jose Ruiz-Ozaita burua, Mercedes Briones, Jon Apodaka eta Ainhoa Otaño—, 2020ko Iberdrola programako bekadunak —Estefania de Alvar eta Ainhoa Otaño, teknikari bihurtu baino lehen— eta 2021ekoak —Laura Casaus eta Elvira Moratinos—. Halaber, Jose Luis Merinoren laguntza ere izan zuten iaz.

Nola hobetu artelan bat

Berriki eskuratuak izanagatik ere, artelanek zaharberritzeak behar izaten dituzte batzuetan, Javier Novo Kontserbazio eta Ikerketako koordinatzaileak azaldu duenez: «Kontserbazio egoera onean egoten dira gehienetan, baina ez egokienean». Helburura heltzeko museoko zaharberritzaileek izaten dituzten gidalerroak aletu ditu Maria Jesus Ruiz-Ozaita Kontserbazio eta Zaharberritzeko Saileko buruak: «Lan artistikoaren ikerketa sakona egiten da aurretik. Hortik aurrera, esku hartze minimoaren eta iraunkortasunaren irizpideak jarraitzen ditugu».

Egokitzapenen artean, artelanetako askotan gainazaleko geruza ezabatu behar izan dute, oxidatutako berniz batek jatorrizko koloreak desitxuratzen zituelako. Hori gertatu da, esaterako, Txillidaren koadroaren kasuan. Barroetaren artelanetan, besteak beste, berriro margotutako zatiak kendu behar izan dituzte. Kolpeak, deformazioak eta are mihiseko urraketak ere konpondu behar izan dituzte zenbait kasutan, bastidore desegoki batek eragindakoak batzuetan. Raffaelliren artelanaren kasuan, markoak erauziak zituen zatiak berrosatzera eta babeserako kristal bat kokatzera mugatu da museoko kontserbatzaileen esku hartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.