Frantziako Tourra

Saganen beharrik gabe

Konradek Tourreko bigarren garaipena eman dio Borari, ihesean jo eta su aritu ostean. Aranburu seigarren izan da. Oilarrak, datorrenari so

Saganen beharrik gabe.
enaut agirrebengoa
2021eko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Bora taldeak ez du Peter Saganen beharrik Tourrean etapak irabazteko. Eslovakiarrak lasterketa utzi eta egun berean nagusitu zen Nils Politt, duela astebete; eta, atzo, bigarren garaipena patrikaratu zuen Patrick Konradek Alemaniako taldearentzat. Ausarta bezain indartsua izan zen Austriako txapelduna, sasoi handia behar baita ihesaldian jo eta ke aritu, 37 kilometroren faltan bakarrik abiatu, eta helmugara 42 segundoko errentarekin iristeko. Sonny Colbrellik (Bahrain) irabazi zuen gainontzeko iheslarien esprinta, Michael Matthewsen aurretik (Bike Exchange). Seigarren sailkatu zen Alex Aranburu (Astana), eta hautagaiak batera iritsi ziren, bukaeran izan zen oldarraldiaren ondoren.

Indarberrituta hasi zuten etapa txirrindulariek, bezperan atseden hartu eta gero. Irten eta berehala, tropeletik eskapo egin zuen Kasper Asgreenek (Deceuninck), eta, eguneko lehen mendatean, Col de Porten, batu egin zitzaizkion Michal Kwiatkowski (Ineos) eta Mattia Cattaneo (Deceuninck). Hirukotearen saiakera ezerezean gelditu zen jaitsieran. Ia ziurra zen ihes egitea lortzen zutenen artean jokatuko zela etapa, eta mundu guztiak sartu nahi zuen aurrean. Kilometro askoko borrokaren ostean, beste hiru txirrindularik ireki zuten tartea: Jan Bakelantsek (Wanty), Fabian Doubeyk (Total Energies) eta Cristopher Juul-Jensenek (Bike Exchange). 11 ziklistako multzo bat irten zen haien atzetik; han ziren Konrad, Aranburu, Colbrelli, Matthews eta David Gaudu (Groupama).

Col de Core igo zuten hurrena, eta han, aurreko hirukotearen bila irten zen Konrad, bakarrik. Helmugarako 71 kilometrora harrapatu zituen. Jensen moztuta gelditu zen, ezinak jota, eta atzeko multzoak oso gutxirengatik ez zuen lortu lasterketa burura iristea, Gauduren joari esker. Mendate gainean, begi-bistan zituzten Konrad, Bakelants eta Doubey. Maldan behera lasai asko harrapa zitzaketen, baina ihes egiten utzi zieten. Geroago damutuko zitzaien Konrad orduan harrapatu ez izana.

Austriarra minutu erdiko errentarekin iritsi zen Portet-d'Aspetera, bi iheskideekin batera. Gainetik lau kilometrora utzi zituen atzean. Gauduk ez zuen amore eman nahi, eta indarrez irten zen haren bila. Aranburu lehertu egin zen frantziarrari ihardetsi nahirik, eta soilik Colbrelli izan zen eusteko gai. 22 segundora gerturatu zitzaizkion Konradi, baina jaitsieran eta ordekan handitu egin zuen errenta Borakoak. Eutsi egin zion joari, eta erorikoak saihestu zituen bihurgune bustietan. 14. etapan bigarren izan ondoren, ondo merezitako garaipena lortu zuen atzo. Aurrenekoa du itzuli handi batean.

Faboritoek bil-bil eginda egin zuten ia etapa osoa, tropelaren gerizpean. Oso amaieran mugitu ziren, helmugatik zortzi kilometrora zegoen laugarren mailako koska batean. Guillaume Martinek (Cofidis) piztu zuen sua, eta tentsioa mantendu Wout van Aertek (Jumbo Visma). Etena izan zen tropelean, baina hautagai guztiak aurrean ziren. Batera iritsi ziren helmugara, Richard Carapaz buru (Ineos).

Heldu da egiaren tenorea

Oilarren arteko lehia handia espero da gaurko etaparako. Hiru mendate gogor kateatuko dituzte azken kilometroetan: lehen mailako Peyresourde eta Val Louron-Azet, eta bukaerako Portet, maila berezikoa, hamasei kilometro eta %8,6ko pendizarekin. Ikusteko dago nori igoko zaion gandorra, eta nori jaitsi. Oraintxe, tente du Tadej Pogacarrek (UAE) alde handiz baitago lider: 5.18ra du Rigobertu Uran (Education First), 5.32ra Jonas Vingegaard (Jumbo Visma) eta 5.33ra Carapaz. Hamargarren helduko da Pello Bilbao (Bahrain) azken txanpara. Bihar ere, etapa gogorra jokatuko dute Pirinioetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.