Bueltan da big band gaztea

EIJO Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestraren kontzertu bira hasi da. Bost emanaldi egingo dituzte

Kontserbatorioetako ikasleek osatzen dute EIJO Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestra. BERRIA.
Ane Eslava.
2018ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Abian da EIJO Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestraren laugarren denboraldiko kontzertu bira.Kontserbatorioetan musika modernoa eransteko xedez sortu zuten egitasmoa 2015ean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bultzatuta. Urtero talde bat osatzen dute, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako musika eskola eta kontserbatorio profesionaletako hogei bat ikaslerekin. Hainbat entsegu egiten dituzte, bai eta astebeteko egonaldia ere, eta kontzertu bira baten bitartez plazaratzen dute lanaren emaitza. Urteotako ibilbidearekin «oso pozik» daudela ziurtatu du Roberto Pacheco zuzendariak.

Ostegunean, Hernanin (Gipuzkoa) izan ziren, eta atzo, berriz, Amurrion (Araba). Gaur, Bermeoko (Bizkaia) Jazzber jaialdian parte hartuko dute, 20:30ean. Ondoren, uztailaren 5ean Getxon (Bizkaia) izango dira, eta, azkenik, irailaren 30ean Bartzelonara (Herrialde Katalanak) joango dira. «Kontzertu horiek inportanteak dira, urte osoko lana jendaurrera eramateko uneak direlako», adierazi du Pachecok. Orain arte egindako emanaldiek «zapore ona» utzi diotela esan du.

Big band gazteak lantzen duen musikaren ardatza jazza izan arren, estilo ugari jorratzen saiatzen dira: rocka, popa, euskal musika... Aurten, erritmo latinoak dira protagonista. «Kontzertua jazz latinoaren musikari aitzindarien kanta mitikoekin irekitzen dugu: Dizzy Gillespie eta Chano Pozo», azaldu du Pachecok. Ondoren, jazza dantzarako doinuekin nahasten dute: txa-txa-txa, bossa nova, flamenkoa... Gonbidatu berezi bat ere badute aurten: Miguel Blanco musikari katalana; haren Alma vacia kanta jotzen dute —Grammy saria jaso zuen kanta horrek—. Kontzertua ixteko, berriz, euskal doinuak ekartzen dituzte, Lau teilatu kanta ezagunaren moldaketa batekin. «Honela, jazz kutsua mantentzen dugu, baina musika estilo askorekin lotuz».

Eskainiko dituzten bost emanaldietan egitarau berari jarraituko diote, baina kontzertu bakoitza berezia izango da: lehenbizikoa gazteentzat «garrantzitsua» izan zela esan du Pachecok, big banda jendaurrean agertzen zen lehen aldia baitzen. Atzokoa Amurrioko Musika Eskolarekin batera antolatu zuten, eta elkarlana «polita» izan zela adierazi du zuzendariak. Gaurkoa, berriz, Bermeoko Jazzber jaialdiarekin batera antolatu dute. Bestalde, ziurtatu du uztailaren 5eko kontzertua «oso inportantea» dela, Getxoko jaialdia nazioartekoa baita. Hala ere, iraileko ekitaldia da aurtengo erronka nagusia gazteentzat: «Sant Andreu Jazz Band-ek antolatzen du jaialdi hori, eta talde hori eredu da guretzat: Joan Txamorro taldeko burua mundu osoan da ezaguna. Horregatik, guretzat garrantzitsua da haiekin harremana izatea».

Egunotan aurkezten ari diren lanak irailean du jatorria: orduan hasi ziren antolatzaileak egitaraua prestatzen, eta abenduan sarrera probak egin zituzten. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kontserbatorio eta musika eskoletako 13 eta 18 urte arteko ikasleak aurkeztu ziren. 24 ikasle aukeratu zituzten: baxu elektriko eta kontrabaxuan bi daude, perkusioan lau, gitarra elektrikoan bi, pianoan bi, ahotsean bi, tronboian lau, tronpetan hiru eta saxofoian bost.

Astebeteko egonaldia

Otsailean hasi zituzten entseguak, eta egun osoko saio bat egin dute hilero. Gainera, azkeneko bultzada moduan, taldea Seguran (Gipuzkoa) dago astelehenetik, bost eguneko egonaldia egiten, emanaldiak prestatzeko. Zuzendariak adierazi du «oso gustura» daudela han: «Guretzako tokirik aproposena topatu dugu: herri txikia eta lasaia da, txoriz inguratuta gaude...».

Probetara aurkezten diren gazteen kopuruak urtero gora egiten duela eta haien maila «harrigarria» dela esan du Pachecok: «Gero eta gazteagoak dira, eta gero eta maila hobea dute». Kontzertuetara joaten diren ikus-entzuleak ere harritu egiten direla gaineratu du.

Urte hauetan egindako ibilbidearen balorazio positiboa egin du Pachecok: «Gurekin egoten diren ikasleetako askok gero goi mailara sartzeko probak egiten dituzte, eta guztiek lortzen dute sartzea. Hori arrakasta da guretzat, gure helburuetako bat delako haiei toki bat ematea ikasteko eta praktikatzeko». Gazteengandik jasotzen duten erantzuna ere «pozgarria» dela dio; izan ere, egitasmoaren berri duten neska-mutil asko oso gaztetatik hasten dira lanean EIJOn sartu ahal izateko, eta taldean egondako ikasleak gero kontzertuak ikustera itzultzen dira. «Beraz, proiektuak etorkizuna izango duela uste dugu».

Datorren urteari begira, EIJOren helburua Donostiako eta Gasteizko Jazzaldian parte hartzea izango da. Horrez gain, proiektu komun bat abiarazi nahi dute Sant Andreu Jazz Band-ekin, eta horretarako elkarlanean ari dira jadanik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.