Bizitzak aldatzea xede

Zinema independentearen beharra azpimarratu du Mariano Llinas zinemagileak Bilboko 60. Zinebi jaialdian. Ohorezko Mikeldia jaso du

Mariano Llinas zinemagilea, atzo, Bilboko Arriaga antzokiko agerraldian. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2018ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
«Ez dakit sinistuko didazuen, baina buruan nuen hasierako ideia film labur bat egitea zen, baina kalkuluak gaizki egin genituen». Burla egin du Mariano Llinas (Buenos Aires, 1975) zuzendari eta gidoilari argentinarrak. Ia hamalau orduko iraupena duen La flor (2018) pelikula aurkeztuko du egunotan, Bilboko Zinebi Zinema Dokumentalaren eta Film Laburren Nazioarteko Zinemaldiaren 60. ekitaldian, eta Ohorezko Mikeldi sarietako bat ere jaso zuen Llinasek atzo, Arriaga Antzokian egin zuten jaialdiaren hasiera ekitaldian. «Nik ere begiratu dut Wikipedian. Badagodokumental luzeagoren bat, baina esango nuke, fikziozko pelikulei dagokienez, inoiz egin den filmik luzeena dela ondu duguna». Irri egin du berriz. «Hor duzue azpimarratzeko izenburu nagusia». 840 minutuko iraupena du, zehazki, La flor filmak, eta, horregatik, hiru egunetan egingo dituzte emanaldiak: azaroaren 11tik 13ra bitarte, Bilboko Golem aretoetan.

Filmaren iraupenari zama kendu dio Llinasek. «Pelikula ikusten baduzue, ahaztuko duzue hamalau orduko iraupena duela, behin bukatuta, bestelako sentipen eta pentsamenduak utziko baitizkizue lanak». Umorez heldu dio berriz. «Espero dut ez ateratzea gogaituta edo etsita, behintzat. Egia aitortzen badut, kostatzen zait filmei bukaera ematea eta, hain zuzen, hori da La flor pelikularen bereizgarri nagusia: ezinikusi antzeko bat du amaieraren ideiarekin».

Film laburrek duten errekonozimendu faltaz aritu da, eta zinemagintza independentea ere izan du ardatz. «Iruditzen zait film laburra eremu gris batean dagoela; adierazkortasunaren eta ikaskuntza prozesuaren artean. Kondena edo herentzia hori du, eta aldendu beharko ginateke ikuspegi horretatik».

Film luzeak egiten ikasteko prozesura mugatzen da film laburren ekoizpena, zinemagilearen arabera, eta uko egin dio ideia horri. «Hutsegitea da, argi eta garbi». Film mutuekin eta soinudunekin alderatu du egoera. «Film soinudunak agertu zirenean, mutuak guztiz baztertu ziren, eta gauza bera gertatzen da film labur eta luzeekin ere. Ez dakit zergatik ez dauden batetik bestera dabiltzan zuzendari gehiago». Pentsakor geratu da, zergatiaren bila edo, eta jaurti du gogoeta jarraian: «Zinema forma komertzial esplotatzailetik askatzen denean, zinemagile bat aske denean nahi duen ideia filmatzeko, orduan hartuko du orain ez duen duintasuna». Hala ulertzen duelako berak zinema: «Bizitza aldatzea helburu duen jarduera da; askatasunerako eta pentsamendurako tresna, alegia».

Film komertzialen mugak

Ekoizpen independentea aipatu du zuzendariak jarraian. «Sarritan aipatzen da zinema independentea egin behar dela, baina nik ez dakit, oro har, oso ondo ulertzen den zertaz ari garen. Esaldi ederra da, baina argituko dut badaezpada: produkzio independentean norberak jartzen du dirua edo norbera arduratzen da diru bilketa egiteaz. Ez duzu patroirik, eta, nahi baduzu zure filma hamalau ordukoa izatea, hala egiten duzu». Ekoizpen komertzialetan ere aritzen da Llinas, eta halakoetan izaten diren mugak aipatu ditu. «Zer kontatu nahi duzun jakin aurretik, baldintza bat jartzen dizute film komertzial gehienetan: bi orduko iraupena izan behar duela gehienez».

Isilik geratu da. «Nola da posible narratiba guztiek bi ordukoak izan behar dutela agintzen duen zinema mota nagusitzea? Ez du zentzurik, narratiba bakoitzak bere denbora behar baitu. Horregatik diot zirkuitu komertzialetik kanpo aritzea garrantzitsua dela: egitasmoa handitzeko edo aldatzeko erabateko askatasuna ematen dizu. Industriak seriean ekoitzitako filmak nahi ditu, eta produkzio independenteak, berriz, bakantasuna du helburu». Aniztasunaren aldeko mezua egin du behin baino gehiagotan.

Hirugarren lana aurkeztera etorri da Llinas Bilbora. Balnearios (2002) eta Historias Extraordinarias (2008) filmekin arrakasta lortu ondoren, hamar urtean landutako La flor filma erakutsiko du 60. Zinebin: 2009an hasi zen filmaketekin, eta 2018an bukatu du. Elkarren artean zerikusirik ez duten fikziozko sei istorio biltzen ditu pelikulak, baina aktore berberak dituzte kontakizun guztiek: Piel de Lava talde artistikoa osatzen duten Pilar Gamboa, Elisa Carricajo, Laura Paredes eta Valeria Correa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.