Ezkurdiaren erritmoan

Ezkurdiak eta Martijak hirugarren lehia irabazi dute txapelketan, Laso eta Albisuren aurka (22-16). Galtzaileak hasieratik egon dira atzetik

Joseba Ezkurdia pilotari jotzen, artxiboko irudi batean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2019ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Partidako lehen bost tantoak gero gertatuko zenaren isla izan ziren atzo Labriten. Joseba Ezkurdiak zerikusia izan zuen guztietan, lau egin baitzituen, eta bat galdu. Arbizukoak beste partida bikain bat jokatu zuen, pilotari sekulako abiadura eta bizitasuna emanda, eta urtea modu biribilean amaituz. Hark ezarritako erritmoan, eta atzean Martijak egindako lanarekin, txapelketako hirugarren garaipena poltsikoratu zuten. 22-16 hartu zituzten mendean Laso eta Albisu. Galtzaileek bi partida irabazita segitu beharko dute.

Partidak 614 pilotakada izan zituen, eta 67 minutu inguru iraun zuen. Lehen tantoetan zuloa ireki zuten garaileek: 8-1. Ezkurdia ikusgarri aritu zen, eta halako pilotari batek bere eguna duenean zaila da aurre egitea. Gainera, Martijak bazekien Albisuk berak baino jo handiagoa duela, baina sufrituta jakin zuen eusten.

Lan handia egitearekin batera, Lasok eta Albisuk arriskatu beharra zuten abantaila hori kentzeko. Lehenbiziko atsedenaldi luzera sei tantoz aurretik ailegatu ziren garaileak. Hortik aurrera norgehiagoka zertxobait aldatuz joan zen. Laso saiatu zen aurreko koadroetan jokoa nahasten. Albisuk atzean zuen nagusitasuna baliatu nahi zuen horretarako, baina ez zuen guztiz asmatu, eta zoria ere ez zuen alde izan txapara joandako pilotaren batean.

Dena den, tantoak aurrera joan ahala, ahalegin hori fruituak ematen hasi zen. eta bi tantora ere jarri ziren Laso eta Albisu: 16-14. Partida bete-betean zegoen. Ezkurdiari eta Martijari aurreko norgehiagoketako mamuak azaldu zitzaizkien, ez baitzen lehen aldia ondo bideratuta zuten partida bat korapilatu egiten zitzaiela.

Oraingoan, ordea, amaiera osobestelakoa izan zen. Partidan sartzeko egindako ahaleginaren ondoren, Lasok eta Albisuk lau huts egin zituzten erreskadan, eta hor galdu zituzten neurketa iraultzeko zituzten aukera apurrak.

Martija gustura zegoen egindako lanarekin. «Sentipen ona daukagu, bai nik, baita Julenek [Martija] ere. Oraingoan abantailari ondo eusten jakin dugu, eta hori da inportanteena».Hasieran halako desabantaila pilatuta, «kontrakarrean» aritu zirela onartu zuen, berriz, Lasok. «Dena den, baikor izan nahi dut. Gaur aurreko partidetan baino hobekiago jokatu dudala uste dut, nahiz eta emaitza alde ez izan. Horri erreparatu nahiko nioke».

Jardunaldiak gaur izango du segida. Irribarriak eta Rezustak Olaizolaren eta Urrutikoetxearen aurka jokatuko dute Bizkaia frontoian. 2016ko txapeldunak azkenak dira sailkapenean, eta, garaipenak pilatzen hasteko premia dute, lehen sei postuek ihes egiteko. Irribarriak eta Rezustak, berriz, irabazi egin dituzte azken bi neurketak, eta bolada onean dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.