Mahukak bildu behar

Osasuna garaipenaren bidera itzultzen saiatuko da gaur, Atleticoren zelaian. Alavesek ere ez du erronka makala izango Sanchez Pizjuanen

Oier Sanjurjo eta Manu Garcia, lehian, Alavesek eta Osasunak Mendizorrotzan jokatutako derbian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
enaut agirrebengoa
2021eko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Oso plaza zailetan itzuliko dira lehiara Osasuna eta Alaves: nafarrek Atletico Madrili egingo diote bisita (18:30, Movistar), eta arabarrek Sevillaren zelaian jokatuko dute (16:15, Movistar). Osasuna aldarte onean iritsiko da, Nafarroako Gobernuaren urrezko domina jasoko duela jakin ostean. Abenduaren 3an egingo den ekitaldi instituzionalean emango diote saria. Trajea jada prest dute gorritxoek; gaur, ordea, mahukak bildu beharrean izango dira,Alaves bezalaxe. Gasteiztarrak apain-apain daude, aparraldi betean eta jaitsiera postuetatik kanpo, baina erne ibili behar dute: talde guztiak zarpail eginda irteten ari dira Sevillaren zelaitik.

Osasunak gaur bukatuko du aurkari ahaltsuen kontrako partiden segida. Ligako lau onenen kontra jarraian jokatzea egokitu zaio, eta, oraingoz, puntu bakarra batu du: Santiago Bernabeun, Real Madrilen aurka. Defentsako lan gogoangarria egin zuen orduan Arrasateren taldeak, baina Sevillaren eta Realaren joari ezin izan zion eutsi. Bina gol sartu zizkioten neurketa horietan, eta baloi bakarra ere ez zuen sareratu. Hiru partida daramatza golik egin gabe, eta ez du garaipenik lortu azken lau jardunaldietan. Era berean, Atletico Madrilen zelaian puntu bakar bat ere ez du batu Diego Pablo Simeone zuri-gorrien aulkira iritsi zenetik.

Datu guztiak, dena den, ez dira gorritxoen kontrakoak. Adoretu egiten dituzte, adibidez, etxetik kanpoko datuek: 18 puntutik 13 eskuratu dituzte bisitari gisa. Sevillaren kontra galdu aurretik, partida handiak jokatu zituzten Vila-real eta Real Madrilen aurka, bost atzelariko sistema ardatz hartuta. Jagoba Arrasatek gaur ere apustu hori egingo duela dirudi; David eta Unai Garciak, eta Juan Cruzek jardungo lukete erdiko defentsa moduan. Aurrean, berriz, litekeena da Chimy Avilak eta Kike Garciak elkarrekin jokatzea. Teknikari gorritxoak «gogotsu» dakusa taldea, eta uste du aukera duela «emaitza baikorra» lortzeko, «nahiz eta badakigun ez dela egoerarik onena».

Ia bi ordu lehenago, Sevilla ezustean hartzen ahaleginduko da Alaves. Espainiarrak geldiezin dabiltza etxean: bost lehia jokatu dituzte han, eta bostak irabazi. Hori gutxi balitz bezala, arabarrek sekula ez dute garaipenik lortu Sanchez Pizjuanen. Halere, konfiantza handiz zelairatuko dira gaur, azken lau partidetan Cadizi, Elxi eta Levanteri irabazi eta Camp Noun berdindu eta gero.

Defentsako lanean oinarritu da Javi Callejaren taldearen susperraldia, eta bertute horri eusteak berebiziko garrantzia izango du gaur. Alta, Alaveseko prestatzaileak ez du uste horrekin aski izango dutenik, eta baloiarekin «nortasuna» izateko eskatuko dio taldeari. Eskuragarri izango ditu Ximo ez beste jokalari guztiak. Hamaikakoa ez du askorik ukituko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.