«Betiko ilusioz»

Realak Real Madril liderraren zelaian jokatuko du; gailentzea du xede. Imanol lau aldiz aritu da han entrenatzaile gisa; behin bakarrik galdu du

Rafael atzoko entrenamenduan, Zubietan. Gaurko osatua da brasildarra. REALA.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Realak Santiago Bernabeun jokatuko du gaur. Makina bat urtetan hamaika golekin itzuli da handik. Sarri, ilusio handiz joan izan da Real Madrilen estadiora, jipoituta itzultzeko. Hori ez da oztopo; oraingoan ere grinatsu joango dira txuri-urdinak: «Betiko ilusioz eta betiko anbizioz. Ni betiko gogoz noa, eta helburua betikoa izango da: irabaztea». Madrilez aritzean, hitz horiek zentzua hartzen dute hizlaria Imanol Alguacil denean.

Izan ere, jokalari zela, Realak Imanolen gol batekin irabazi zuen han, 1994an [0-2]. Entrenatzaile denetik ere ondo moldatu da zurien etxean: lau alditan aritu da, eta behin galdu du. 2019ko urtarrilean 0-2 nagusitu ziren donostiarrak; 2020ko urtarrilean, balentria egin zuen Espainiako Kopan irabazita (3-4). Joan zen sasoian, Valdebebasen jokatutako ligako neurketan gertu izan zuen garaipena, baina espainiarrek azken orduan berdindu zuten partida (1-1).

Aurrekari horiekin, Imanolek baditu baikorra izateko arrazoiak. Aldarte horrekin abiatuko du liderraren aurka jokatuko duten neurketa ere. Hala adierazi zuen atzoko prentsa agerraldian: «Batik bat, jokalariengatik, haiek badakitelako nola jokatu behar diren halako partidak. Ez da erraza han irabaztea, eta guk, zorionez, baditugu han birritan irabazi duten jokalariak».

Hori nola lor dezaketen galdetuta, Imanolek dio Real Madrilek ez duela erraztasunik eskainiko: «Aukera gutxi ematen ditu, eta aprobetxatu beharko ditugu». Espainiarrek ez dute galdu etxean; lau aldiz berdindu dute, eta gainontzeko denak irabazi egin dituzte.

Rafael eta Zaldua, prest

Realak sei hutsune izango ditu partidarako, baina Joseba Zaldua eta Rafael Alcantara berreskuratuko ditu. Bi-biak prest daude iluntzerako. Baita Mikel Merino ere: iruindarrak arazoak ditu oin batean, eta atzo ez zen entrenatu, baina deialdian sartu du Imanolek. Jon Ander Olasagasti eta Unai Marrero daude berritasunen artean.

Adnan Januzaj, berriz, zerrendatik kanpo geratu da. Belgikarrak taldearekin batera osatu zuen atzoko lan saioa, baina, azken asteetako etenaren ostean, oraindik ez dago jokatzeko moduan.

REAL MADRIL-REALA
Real Madril. Courtois; Lucas, Militao, Nacho, Mendy; Camavinga, Casemiro, Modric, Asensio, Benzema, eta Vinicius.
Reala. Remiro; Aritz, Le Normand,Pacheco, Gorosabel; Zubimendi, Merino, Silva; Oiartzabal, Portu eta Isak.
Epailea. Gil Manzano.
Lekua. S. Bernabeu (81.044 ikusle)
Ordua. 21:00 (Movistar La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.