Italiako Giroa

Tximista bat euripean

Pascal Ackermannek bigarren garaipena lortu du Italiako Giroan, esprint estuan nagusituta. Tom Dumoulinek lasterketa utzi du

Tximista bat euripean.
enaut agirrebengoa
2019ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Aurtengo Giroko ziklistarik azkarrena dela berretsi zuen atzo Pascal Ackermanek (Bora), Frascati eta Terracina artean jokatu zen bosgarren etapan. Ez zegoen esprinterrik onenen multzoan lasterketa hasi aurretik, baina alemaniarra aurreikuspen guztiak ari da apurtzen. Dagoeneko bi etapa irabazi ditu, eta, orain artekoari eutsiz gero, zakua ondo beteta bukatuko du bere lehen itzuli handia. Atzo, indar erakustaldia eginda irabazi zuen euriak baldintzatutako etapa. Esprintean, bikain eutsi zion Fernando Gaviriaren (UAE) gurpilari, eta, azken ahaleginean, kolonbiarrari aurrea hartu, eta gurpil erdiko tarteaz irabazi ahal izan zuen.

Albiste txar batekin hasi zen etapa, erretiratu egin baitzen Tom Dumoulin (Sunweb), faborito handietako bat. Eroriko gogorra izan zuen herenegun, eta lau minutu galdu zituen; hots, Giroa irabazteko ia aukerarik gabe gelditu zen. Errepidean jarraitzeko saialdia egin zuen atzo, baina etapa hasi eta bi kilometro eskasera jaitsi behar izan zuen bizikletatik, oinazeari ezin eutsirik. Hartara, zapuztu egin zaio hirugarrenez jarraian Giroko podiumera igotzeko ametsa —irabazi egin zuen orain dela bi urte, eta bigarren izan zen iaz—.

Asteartean bizi izandako etapa amaiera aztoratuaren ondotik, belarriak tente izan ziren atzo tropelean. Beharko, euria goian behean egin baitzuen egun osoan. Handia zen arriskua, azken kilometroei begira batez ere. Bihurgune dezente zituen bederatzi kilometroko zirkuituak, eta putzuz josita zegoen euri-jasaren ondorioz. Horri aurre egiteko, denborak helmugako lehen pasaeran hartzea deliberatu zuten antolatzaileek, tropeleko tentsioa gutxitze aldera. Balekoa izan zen erabakia: hautagai nagusien taldeak atzean gelditu ziren, eta esprinterrenek ohi baino lasaitasun gehiago izan zuten beren lana egiteko.

Aurrez, boskote bat esprinta galarazten saiatu zen, eguneko ihesaldia osatuta. Kate motzean lotu zuen tropelak; bi minutu ingururen aldea izan zuten asko jota. Louis Vervaeke (Sunweb) zen boskoteko indartsuena, eta itsu-itsuan egin zuen aurrera helmugatik 53 kilometrora, Sezze mendatean. Tropelak 23 kilometro falta zirela harrapatu zuen, eta denak esprintari so jarri ziren. Bada, Ackermann izan zen azkarrena, Gaviriaren eta Arnaud Demareren (Groupama) aurretik. Bestalde, maglia arrosari inolako arazorik gabe eutsi zion Primoz Roglicek (Jumbo).

Oso etapa luzea jokatuko dute gaur, 238 kilometrokoa. Bigarren mailako Coppa Casarinelle igoko dute 30 kilometro falta direla; beraz, litekeena da esprinterrak garaipenaren jokotik kanpo gelditzea. Aldiz, egun aproposa izan daiteke ehiztari eta errematatzaileentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.