Behar zuten bultzada

Fausto Masnadak irabazi du Giroko 6. etapa, eta Valerio Conti jarri da lider.. Roglicek uko egin dio maillot arrosa defendatzeari

Behar zuten bultzada.
enaut agirrebengoa
2019ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Ihesaldi arrakastatsua antolatzeko etapa aproposa zen atzokoa, aurtengo Italiako Giroko seigarrena, eta aukera behar bezala profitatu zuen Fausto Masnadak (Androni). Hura izan zen tropeletik ihes egin zuten hamahiru txirrindularietan indartsuena. Italiar gazteak agerraldi politak egin zituen iazko Giroan, eta, aurten,beste koska bat igo du. Hazkunde horren berrespena da atzoko garaipena. Azken denboraldia du Andronin, eta Gianni Savioren taldeari hauspoa emanda joango da, Andronik zazpi urte zeramatzalako Giroan irabazi gabe.

Valerio Contik (UAE) ere beharrezko bultzada jaso zuen atzo. Azkenekoz duela hiru urte dastatu zuen garaipen eztia, Urdazubin, Espainiako Vueltako 13. etapan. Bada, Italiako ziklista orok amesten duen saria jaso zuen atzo: arrosaz jantzita igo zen podiumera. Jumbo-Vismaren baimena baliatu zuen horretarako. Herbehereetako taldeak begi onez ikusi zuen lidergoa ihesaldiko norbaiten esku uztea, etapa nagusien aurretik gehiegizko higadura saihesteko. Hori bai, ezin izan zuen ekidin Primoz Roglic taldeburuaren erorikoa. Etapa hasieran lurrera joan zen, baina urratuez harago, ez du kalterik.

Bigarren mailako Coppa Casarinellen (15 kilometro eta %4,4ko pendiza) apurtu zen lasterketa, 23 kilometro falta zirela Masnadak eginiko erritmo aldaketarekin. Soilik Contik eutsi ahal izan zion haren gurpilari. Bikoteak minutu erdiren aldea hartu zuen berehala, eta errentari tinko eutsi zion, Andronikoaren ahaleginari esker batik bat. Haren aldean, indarrez justu zihoan Conti, eta etapa garaipena ez zuen lehiatu ere egin. Nahikoa zuen elastiko arrosarekin. Orain, sailkapeneko lehen hamar postuak atzo ihesean aritutako txirrindulariek esku daude. Faboritoen artean, Roglic dago ondoen sailkatuta: hamaikagarren da, 5.24ra.

Gaurkoa ere etapa aproposa izango da ehiztarientzat, ibilbide hautsia duenez gero. Svolte di Popoli mendatea (7,9 kilometro, %6,2ko pendiza) izango da eguneko zailtasun nagusia. Gainetik helmugara 47 kilometro gorabeheratsu geldituko dira. UAEk kontrol lanean jardungo du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.