Uste baino lehen, agur

Eurokopatik kanpo geratu da Gernika, Flammesen kontra 56-58 galdu ostean. Bizkaitarrek 20 baloi galdu dituzte, eta hor egon da gakoa

Itziar Ariztimuño Gernikako jokalaria baloia babesten Flammeseko jokalarien aurrean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
ainara arratibel gascon
2021eko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Gernikak bosgarren parte hartzea zuen sasoi honetan Eurokopan. Aurreko aldietan mugarriak ezarriz joan zen denboraldiz denboraldi. Oraingoan, ordea, ezingo du hori egin. Izan ere, atzo galdu egin zuen Malosten, Flammes Caroloren kontra (56-58), eta Virtus Bolognak ezustea eman zuen Roche Vendeeren pistan (63-67). Horrenbestez bizkaitarrek laugarren lekuan amaitu dute beren multzoan, eta kanpoan dira.

Multzo gogorra zuen Gernikak, eta atzoko amaiera ere halakoa izan zen: zertxobait krudela.Bizkaitarrek ondo gogoan izango dute oraindik ere atsedenaldirako txirrina jotzear zela Flammesek urrutitik sartutako hirukoa. Baina Mario Lopez tekinkariak argi esan zuen neurketa amaieran. «Ez dugu partida ona jokatu, eta, etxeko partida guztiak galduta, oso zaila da multzo batean aurrera egitea». Atzoko porrotaren gakoak hiru izan ziren. Lehena, baloi galerak: 20. Bigarrena, azken minutuetan, alde txiki bat zutenean, ez zuten saskiratzen asmatu. Eta, hirugarrena, erasoan ez zioten baloiari atzoko partidak eskatzen zuen abiadura eman, eta egungo saskibaloian hori funtsezkoa da. Mario Lopezen taldeari falta ez zitzaiona, lana izan zen. Talentua eta bakarkako jokaldietan jokalari erabakigarriak baditu, eta atzokoan agertu ziren: Moore, Bjorklund eta Buch, adibidez. Baina hasieratik jabetu ziren bizkaitarrak atzoko partida parekatua izango zela, eta irabazi nahi zuenak lan eskerga egin behar zuela. Hala egin zuen. Lopezek hori aitortu zien jokalariei.

Ez zuen nolanahiko aurkaria Gernikak. Izan ere, iragan denboraldian, Valentzian burbuilan jokatutako multzo fasean gainditu egin zuen arren, azkenerako Flammes Carolo txapelketako Lauko Finalera iritsi zen. Valentziaren aurka galdu zuen finalerdietan, azkenean titulua irabazi zuen taldearen aurka.

Parekatua izan zen partida. Bi taldeak hobeto moldatu ziren defentsan erasoan baino. Neurketako alderik handiena Gernikak izan zuen. Zazpi puntuz egon zen aurretik lehen laurdenean: 15-8. Baina azkenean 15-13 amaitu zen laurden hori.

Frantziarrek txapelketa osoan zehar erakutsi dute ez dutela erreparorik urrutitik jaurtitzeko. Eta horri esker jarri ziren aurretikpartidan. Baina gehienez hiruzpalau punturen aldea lortu zuten.Tima Pouye eta Nia Coffeyek sartutako saskiratzeei ondo erantzun zien, gainera, Bjorklundek. Bera izan zen erasoan onena, Moorekin batera. 28-28 amaitu zen lehen zatia.

Bide beretik segitu zuen hirugarrenak. Dena geratu zen erabakitzeko azken laurdenean. Sufritzen jakin zuen hor Gernikak, aurretik joan arren frantziarrak ez baitziren gai izan hiru puntu baino gehiagoren aldea lortzeko: 49-52

Gernikak pizgarri bat behar zuen, eta Buchen barneraketei esker iritsi zen. Bi minutu falta zirenean lau puntuko errenta zuen: 56-52. Bazirudien eskura zuela neurketa. Baina ez zen hala izan. Ez zuen alde hori handitzea lortu, eta frantziarrek partidan sartuta jarraitu zuten. Minutu eskas falta zenean baloi bat galdu, eta Itziar Ariztimuñok kirolez kontrako falta egin behar izan zuen. Hor erabaki zen lehia. Partida berdintzeko aukera izan zuen, baina oraingoan ere galdu egin zuen baloia.

Hemendik aurrera ligan jarri beharko du arreta osoa Gernikak. Asteburuan partida zaila du, Gironaren pabiloian. Baina altxatzea besterik ez zaio geratzen hemendik aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.