Meta egitasmoaren bidez, hamabost kultur proiektu babestuko ditu Gipuzkoak

Norbanakoek emandako dirua adina jarriko du proiektu bakoitzean. Proposamenak aurkezteko epea irekita dago

Solares Aztarna, O'Brien, Itxaso eta Presa, deialdiaren aurkezpenean. A.C. / FOKU.
Miren Garate.
Donostia
2019ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Finantzaketa publikoa «demokratizatzen» duen sistema moduan definitu du Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura diputatuak mikromezenasgoaren Meta proiektua. Honela funtzionatzen du: Gipuzkoako Foru Aldundiak kultur proiektuak aurkezteko deialdia egiten du; hautatutako proposamenak finantzaketa kolektiboa lortzeko plataforma batean sareratzen dira; eta, gutxieneko kopuru bat lortuz gero, norbanakoen aldetik bildutako dirua bikoizten du foru aldundiak. «Mikroekarpenak egiten dituztenen babesaren bidez erabakitzen da zer motatako proiektuak babestu behar dituzten erakunde publikoek».

Diputazioak laugarren aldiz jarri du martxan egitasmoa, Goteo fundazioaren lankidetzarekin, eta 70.000 euroko aurrekontua izango du. Atzotik zabalik dago proposamenak aurkezteko epea, eta ekainaren 7ra arte egongo da horretarako aukera. Epea amaitu baino lehen, maiatzaren 15ean, tailer bat egingo dute, sare sozialetan modu egokian mugitzeko tresnak erakusteko, besteak beste. Hautaketa prozesua etorriko da gero, eta epaimahaiak hamabost proiektu aukeratuko ditu. Uztailean, beste tailer espezifiko batean parte hartu beharko dute horiek, eta irailaren 19an ekingo diote diru bilketari. Bi zatitan banatuko da azken fase hori. Lehenean, berrogei egun izango dituzte sustatzaileek gutxieneko gisa finkatu duten dirua biltzeko herritarren artean. Diputazioaren laguntza jaso ahal izateko, ezinbestekoa izango da kopuru horretara iristea, eta herritarrek emandako euro bakoitzeko beste euro bat jarriko du Aldundiak, betiere, 4.700 euroko gehienezko mugarekin. Bigarren fasean, beste hogei egun izango dituzte aurrekontua hobetzeko.

Zerga arinagoak

Aurtengo berrikuntzetako bat da mezenasgo kulturalaren araudi berria dagoeneko indarrean dagoela Gipuzkoan. Horren arabera, kultur proiektuetara egindako ekarpenen zerga %30 arinduko da lehen eurotik, eta Meta egitasmoan sartuko diren proiektu guztiek beteko dituzte araudiak eskatutako baldintzak. Itxasoren esanetan, finantzaketa lortzeko aukera emateaz gain, egitasmoak badu beste abantaila bat ere: proiektuak ezagutarazten dituela.

Hori izan da, esate baterako, Maru Soroles zinemagile eta Aztarna proiektuko kideak aipatu duen kontuetako bat. Iazko deialdian aukeratu zuten haren proiektua, eta bizitzako lehen etapari buruzko dokumental bat egingo dute, tokiko eta nazioarteko adituekin eta familiekin hitz eginda. «Dirua lortzeaz gain, proiektua ikusarazi du, eta etorkizuneko ikusle talde txiki bat ere sortu du. Hori oso garrantzitsua da gaur egun».

Diputazioak legegintzaldi hasieran jarri zuen martxan Meta, eta orain arteko hiru ekitaldietan 49 proiektu bultzatu ditu. Herritarrek eta aldundiak egindako ekarpenaren bidez, guztira 458.000 euro jaso dituzte horiek. Itxasok azaldu du guztiak ere kulturaren esparrukoak izan arren kultura zentzu zabalean hartu dutela, eta askotarikoak izan direla aurkeztutako proiektuak: sormenari lotutakoak, dibulgazio zientifikokoak, kirolarekin zerikusia dutenak eta beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.