Marka nahi, saria xede

Realak Girona jasoko du gaur, eta datorren sasoian Europan aritzea ziurtatu dezake. Imanol garaipen gehien dituen teknikaria bihur daiteke

Realeko jokalariak eta Imanol Alguacil tekinaria, atzo, Zubietan egindako entrenamenduan. REALA.
Jon Ander De la Hoz.
2023ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Realak pizgarri askoko neurketa jokatuko du gaur. Txuri-urdinek bolada onean helduko diote Gironaren aurkako partidari, eta sari handia eskuratu dezake beste garaipen bat kateatzen badu. Izan ere, hiru puntuak eskuratzeak bermatu egingo dio datorren sasoian Europa ligan aritzea. Nolanahi ere, donostiarren helburua Txapeldunen Ligan aritzea da, eta horretan jarria du arreta. Ondorioz, beste urrats bat egingo du hori lortzeko bidean, talde kataluniarra menderatzen badu.

Agerikoa denez, aldi bikainean dago Reala, eta horren adierazle da Gironari gain hartzeak esan nahi duena. Europarako sailkatuta, lau denboralditan segidan ariko da txapelketa kontinentaletan. Behin bakarrik egin du hori aurrez, Alberto Ormaetxearen esanetara. Garai hartako taldeak erdietsi zituen donostiarren lorpenik garrantzitsuenak.

Gaur egun, Imanol Alguacil da teknikaria, eta oriotarrak ere marka propio bat berdinduko du hiru puntuak eskuratuta. Ligan 28 garaipen eskuratu dituen entrenatzaile bakarra izango da, John Benjamin Toshacekin batera. Lau partidaren faltan, halere, gaur ez bada hurrengo jardunaldiren batean bete daitezke xede horiek guztiak.

Realak ohiko estrategiari eutsiko dio gaur arratsaldean. Irabazi egin nahi du, kosta ahala kosta. Hori esan zuen atzo Imanol prestatzaileak, partidaren aurreko prentsa agerraldian: «Europak ez du ezer esan nahi. Helburua irabaztea izango da, beti bezala. Historian sartu nahi dugu, eta badakigu zer egin behar dugun horretarako. Gero, zenbakiek esango dute zer txapelketa jokatuko dugun. Bost partida geratzen dira».

Gironaren aurka jokatuko du haietako lehendabizikoa. Michel Sanchezen taldea ere ondo ari da azkenaldian, azken hiru partidetan gailenduta: Real Madril, Sevilla eta Mallorca azpiratu ditu. Hortaz, Imanolek kontrario indartsua espero du Anoetan: «Aukera dute Europan sartzeko, eta horrek esan nahi du talde ona eta entrenatzaile ona dutela. Ez da erraza izango, baina, gurea egiten badugu, ziur naiz lortuko dugula».

Zubeldia, deialdian

Imanolek 24 laguneko deialdia prestatu du, eta zerrendatik kanpo geratu dira Umar Sadiq eta Brais Mendez. Nigeriarra joan zen irailetik dago min hartuta. Galiziarrak, berriz, joan zen astean hartu zuten min. Bi-biak osatze lanetan ari dira. Igor Zubeldia, ordea, osatu da partidarako. Azkoitiarrak arazo fisikoak izan ditu aldakan, baina jokatzeko moduan dago: «Esan nuen ailegatuko zela. Minik gabe entrenatu da, eta jokatzeko moduan dago», ohartarazi zuen atzo Imanolek.

REALA-GIRONA
Reala. Remiro; Aritz, Le Normand, Pacheco, Aihen; Merino, Zubimendi, Silva, Oiartzabal; Kubo, eta Sorloth.
Girona. Gazzaniga, Arnau, Juanpe, Bueno, Miguel; Romeu, Martin, Tsygankov; Yan Couto, Riquelme, Stuani.
Epailea. Figueroa Vazquez.
Lekua. Anoeta.
Ordua. 14:00 (La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.