Andre Maria Zuriaren jaiak

Gaztetxea jaietan ere bizirik

Gasteizko jaietan gaztetxeak egitarau propioa eskaintzen du: aurten ere «aniztasuna» zaintzen saiatu dira, eta jende mota ezberdina gerturatu da gaztetxera.

Gaztetxea jaietan ere bizirik.
Gasteiz
2018ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Gasteizen bihotzean kokaturik, hiriaren punturik altuenean dago Gasteizko gaztetxea. Muinoko etxe okupatuak jende andana biltzen du Gasteizko jaietan: beste espazio «alternatibo» bat da, txosnagunearekin batera. Horregatik, Gasteizko jaietan egitarau ugari daude aukeran: tartean, gaztetxeak ere badu berea.

Hilaren 4an, larunbatean, jaiak hasi eta hurrengo egunetan hainbat kontzertu eta emanaldi egon dira: astelehen gauean, gaueko eguraldi beroak lagunduta, gaztetxeko patioa eta kanpoaldea jendez bete zen. Reggae musika eta rapa izan ziren protagonista. Musikarien maila kalitatezkoa zen, haien gaztetasuna kontuan harturik: besteak beste, Ziakhus gasteiztarrak abestu zuen. Emakumeen presentzia ere ez zen falta oholtzan. Mc Ziztada, Rlantz, Ziakhus, eta H&J Krew-ko kideak inprobisatzen hasi zireneko unea izan zen gogoangarriena. Norgehiagoka atsegina egin zuten, hainbat ariketaren bidez: ikusleak behin baino gehiagotan aho zabalik utzi zituzten.

Hala ere, musika estiloaren aldetik, aniztasuna izan da nagusi egun hauetan. «Jaietan aukera dago mota askotako jendearekin elkartzeko; espazio kultural libre bat da hau», azaldu du Irati Antiak, Gasteizko gaztetxeko kideetako batek.

Larunbata eta igandea izan ziren gaztetxekoentzat egunik «itogarrienak». Zeledonen jaitsieraren ostean jende multzo handi bat hara joan zen jaiak hastera. Igandea ere «jendetsua» izan zen Aitziber Ramirez de la Piscina gaztetxeko kidearen arabera, baina hortik aurrerakoetan giro lasaiago joan da: «Normalean, hilaren 6tik aurrera lasaiago egoten gara eta hilaren 9an, azken egunean, ez dugu irekitzen».

Gaur egun ez dituzte talde handi eta ospetsuak ekartzen. Agertokietara igotzeko aukera gutxiago dituzten taldeen aldeko apustua egiten ari dira azkenaldian, Antiaren esanetan: «Aurtengo kartela ikusita, gehienak gertukoak eta ezezagunak dira». Aurten ere, aniztasuna zaintzen saiatu dira, eta gauero estilo eta gustu ezberdinentzako doako kontzertuak antolatu dituzte. Gaur, Zorriak taldea izango da lehena oholtzaratzen, 22:00etan; gero, La Banda del Abuelo talde arrasatearrak joko du 23:30etan, eta Los Retalesek, 01:00etan.

Gaztetxeak udalak jarritako baldintzarik gabe jarraitzen du bere egitaraua osatzen. Autogestioa da, haientzat, bide bakarra. Ramirez de la Piscinak azaldu du udalaren diru laguntza bat onartzeak, euren egitaraua «mugatzea» eragingo lukeela: autogestioaren bidez, haiek aukeratzen dute «zeintzuk diren marra gorriak eta zeintzuk ez».

Salbuespenak jaietan

Lehen eguzki izpiekin itxi ohi dituzte gaztetxeko ateak. Ez dute ixteko ordu zehatzik egun hauetan. Urteko gainontzeko egunetan lehenago bukatu behar izaten dira kontzertuak. Jaien kasuan, aldiz, bizilagunei egun batzuk lehenago jakinarazten diete gaztetxea berandu arte egongo dela zabalik. Bere alde on eta txarrekin.

Gaztetxeak badu bere taberna, eta jai egunetan patioan ere barra jartzen dute. Barruan lau pertsona egoten dira txanda egiten, eta kanpoan, beste lau. Bakoitzak hiruzpalau orduko txanda betetzen du. Antiaren esanetan, edari alkoholdunak saltzen dira gehien, eta, urteko gainerako egunetan ez bezala, kubatak ere jartzen dituzte: «Normalean, ez dugu alkohol gogorrik ematen, soilik patxarana. Baina jai berezietan, Gasteizko jaietan kasurako, kubatak ematen ditugu».

Giro «ona» dago gaztetxean, eta oso gutxitan kanporatu behar izan dute norbait arazoak sortzeagatik edota eraso sexistak egiteagatik. Mugimendu feministak prestatutako eraso sexisten aurkako protokoloa dute: zerbait gertatuz gero, protokoloa betetzen dute. Tabernen antzekoa da, haienera moldatua. Ramirez de la Piscinak azaldu bezala, txandak egiten dituzten guztiek ezagutzen dute protokoloa: «Zerbait gertatuz gero, neurriak hartzen dira. Gertatu izan diren erasoei hamaika modutan erantzun diegu: normalena kanporatzea da. Kuñak ere jartzen ditugu, eta komunetan kartelak daude, laguntza behar izanez gero barran eskatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.