Lanpernak galga

Tapio Lehtinen nabigatzaile finlandiarrak 322 egun behar izan ditu munduari itzulia eman eta Golden Globe Race bukatzeko
Lehtinen, kroskoan itsatsitako lanperna bat jaten.
Lehtinen, kroskoan itsatsitako lanperna bat jaten. CHRISTOPHE FAVREAU/PPL/GGR

Jakes Goikoetxea -

2019ko maiatzak 22
Asteria-ren kroskoan itsatsitako lanperna bat hartu eta ahoan sartu zuen Tapio Lehtinenek. Irribarrea aurpegian egindako etsipen keinu bat izan zen, mendeku txiki bat, Les Sables d'Olonneko portuan (Frantzia). 61 urteko nabigatzaile finlandiarrak lanpernak eta itsasoko ezkurrak bidaide izan baititu munduari egin dion itzulian. Bidaide gogaikarri, Asteria galgatu egin baitute: krosko leun eta aerodinamikoa latz-paper bihurtu dute munduko ozeanoentzat.

Lehtinen igandean iritsi zen Les Sables d'Olonnera, handik iazko uztailaren 1ean abiatu eta 322 egun, zortzi ordu eta 21 minutura, munduari itzulia eman eta gero. Golden Globe Race hasi zuten nabigatzaileetatik bukatu duen bosgarrena izan da. Ez da besterik espero, gainerako guztiek —hemezortzi abiatu ziren— bertan behera utzi baitzuten ahalegina. Jean-Luc Van den Heede irabazlearengandik 110 egunera iritsi da Lehtinen. «Egia esan, nire izen emateko dirua berreskuratu dut», esan zuen, iritsi berritan. Lanpernek, itsasoko egun bakarti eta amaigabeek, lo faltak eta gainerako zailtasun guztiek ez diote umore ona galarazi.

Lasterketa berezia da Golden Globe Race: berez, parte hartzaileek ezin dute geldialdirik egin; 1988 baino lehen diseinatutako ontzietan nabigatu behar dute —halako abentura baterako egokituta—; eta aurrerapen teknologikorik gabe, ez pilotu automatikoa, ezta nabigatzeko eta eguraldia iragartzeko teknologia ere, mapak eta sestanteak baino ez. Komunikazio eta geolokalizazio gailuak eramaten dituzte, baina antolatzaileek non dauden jakiteko eta larrialdi kasuetarako soilik.

Tapio Lehtinen ondo zihoan, Istvan Kopar nabigatzailearekin parez pare. Indiako Ozeanoan, baina, Kopar gero eta azkarrago zebilen, eta Lehtinen, ordea, gero eta motelago. Nabigatzaile finlandiarrak pentsatu zuen agian sare bat katramilatu zitzaiola helizean. Barealdi bat baliatu zuen uretara jauzi egin eta ur azpian zer gertatzen ari zen ikusteko.

Ez zen sare bat helizean katramilatuta: «Lanpernak eta itsas ezkurrak hazten ari ziren krosko guztian. Azpian ikusi nituenean, banekien nire lasterketa amaitu zela». Nabigatzailearen iritziz, ontziolan okerreko produktua eman zioten kroskoari, ez munduari bira halako arazorik gabe emateko modukoa.

Marrazoa azpian

Beste nabigatzaile batzuek Tasmanian garbitu ahal izan zituzten kroskoak, derrigorrean egin beharreko egun beteko geldialdian. Baina Lehtinen Tasmaniara iritsi zenerako, Australiako agintariek debekatu egin zuten bertan kroskoak garbitzea. Garbitzekotan, kostatik 200 itsas milia baino urrunago garbitu behar zuten.

Lehtinen saiatu zen, baina urperatzeko prestatzen ari zela, marrazo handi bat ikusi zuen itsasontziaren ondoan igerian. «Nire bizitzako egunik txarrena izan zen».

Dagoeneko 20 nabigatzailek eman dute izena 2022ko Golden Globe Racerako. Irailaren 4an hasiko da. «Berriro egingo nuke», esan du Lehtinenek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna