Debako Arte Eskolaren etorkizuna birpentsatzeko plataforma sortu dute

Eskolak azken ia 50 urteetan egindako ekarpena azalduko dute jardunaldi batzuetan. Matrikulatzeko aukerarik ez da izan aurten

Juan Luis Baroja Collet, Nora Mugarza eta Koldobika Jauregi, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
Miren Garate.
Donostia
2019ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
«Gurearekin, eskola mota bat desagertzera doa. Euskadin ez dago eskulangileak prestatzeko aukera errealik, eta gabezia handiak ekarriko ditu horrek artista eta kolektibo askorentzat, zenbait arlotan ez delako egongo prestatutako profesionalik». Juan Luis Baroja Collet artista eta Debako Arte Eskolako irakaslearen hitzak dira. Iazko ekainean jakin zuten urrian matrikulaziorik ez zuela irekiko eskolak; urriaren 3an, arte eskola desegitea onartu zuen patronatuak aho batez; eta abenduan berretsi egin zuen eskola ixtea. «Hau dagoeneko likidatuta dago, baina ilusioa badugu Jorge Oteizaren memoria ez desagertzen lagunduko duen zerbait berria sortzeko».

Helburu horrekin bat eginez, Debako Arte Eskola Bizirik plataforma sortu dute herritar batzuek, eskolaren itxiera salatzeko. Nora Mugarza kidearenesanetan, bi helburu ditu plataformak. Batetik, eskolak azken ia 50 urteetan egin duen ekarpenari balioa ematea; eta, bestetik, beste arte eskola posible bat birpentsatzeko eta ahal den heinean eraikitzeko saiakera egitea. Bide horri ekiteko, Debako arte eskola: atzo eta bihar izeneko jardunaldiak antolatu dituzte martxoaren 23rako.

«Herri ondare bat» deuseztatzeko arriskua ikusten du plataformak. J orge Oteizak bultzatuta sortu zen Debako Arte Eskola,1970eko hamarkadaren hasieran. Euskal kulturaren berrikuntza sustatzea zen haren helburua, ikuspuntu moderno eta berritzaile batetik. Eta, besteak beste, Jorge Oteiza bera, Agustin Ibarrola, Remigio Mendiburu, Jose Antonio Sistiaga, Jose Luis Zumeta eta Eduardo Txillida aritu ziren irakasle lanetan. Garaiko testuinguruak eta esperientzia martxan jarri zutenen arteko iritzi desberdintasunak tarteko, ez zuen urte asko iraun. Alabaina, han geratu ziren azpiegitura guztiak, bai eta zerbait berria irekitzeko hazi moduko bat ere. Hala, 1983an, hasi zen eskolaren bigarren etapa, eta eskulangintzako ofizioen transmisioaz arduratu da azken hamarkadetan: harriaren lanketa, grabatu kalkografikoa, zuraren lanketa, brontze galdaketa artistikoa eta zeramika lantzen dituzten profesionalak prestatu ditu.

Garai emankorrak bizi ostean, gain behera joan da eskola azken urteetan. Baroja Colleten esanetan, kontuan hartu behar da Debakoa ez dela eskola ofizial bat, eta ikasleek badakitela hezkuntza curriculumean balio ez dien eskola batean sartzera doazela. Hala, azken urteetan, ikasle kopurua gutxituz joan da.

Hiru urteko prestakuntza

Eskola suspertzeko aurreko legegintzaldietan alkateek egindako proposamenek ere, arrazoi bat edo bestea medio, ez dutela aurrera egin azaldu du. Baroja Colleten esanetan, Jesus Mari Agirrezabala alkate zenean (2011. urtera arte), hainbat jarduera antolatu ziren eskolaren autofinantzaketari begira; Mikel Campo eskolako zuzendariaren eta Urtzi Llano arkitektoaren bidez ere egin zen eskola Sasiolako eremuan birkokatzeko saiakera bat. Diputazioak bota zuen atzera proiektua, krisiaren eraginez.

Hurrengo legegintzaldian, Maider Jauregi alkate zela (2015era arte), Donostiako Artelekun ematen ziren serigrafia eta litografia tailerrak Debako Arte Eskolara ekartzea lortu zuten, eta eraikina zaharberritzea ere onartu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak. Halaber, udako ikastaro batzuk finantzatzeko konpromisoa hartu zuen. «Arazoa da gobernuan daudenak aldatu egiten direla, eta hurrengoek kendu egin zuten laguntza hori». Eskolari zer alternatiba aurkitu pentsatzeko, azterketa bat ere egin zuen Udalak Elhuyarren bidez. «Baina legegintzaldi aldaketarekin, beste kudeatzaile batzuk etorri ziren, eta haiei ez zaie interesatu».

Azken udal gobernuaren jarrera gaitzetsi du irakasleak. «Ia lau urte pasatu dira, eta guk ez dugu inolako informaziorik. Azken urtean, antza, gestioak izan ditu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin, eta kuriosoa da guri horren berri ez ematea». Hezkuntza Sailaren eta Udalaren artean finantzatzen dute eskola, eta azken urtean laguntza kentzea erabaki du Jaurlaritzak. «Udalak argudiatzen du oso kostu handia duela eskolak, eta nahi dute itxi, eta berriz erabili tailerrak muntatzeko, beste herrietan bezala, baina horrek ez du zerikusirik eskolarekin: guk hiru urteko ikastaroak ematen genituen, prestakuntza integrala ematen genuen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.