Seigarrena, etxetik

Espainiako Eskubaloi Federazioko Ordezkarien Batzordeak bukatutzat eman du sasoia, eta Super Amara Bera Bera izendatu du txapeldun

Adriana Cardoso eta Esther Arrojeria, Bera Berak Eibarren jokatutako Espainiako Superkopan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2020ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Kito. Ofiziala da. Amaitu da eskubaloi denboraldia. Ez da partida gehiago jokatuko. Espainiako Eskubaloi Federazioko Ordezkarien Batzordeak onartu egin du Zuzendaritza Batzordeak duela bi aste egindako proposamena, eta amaitutzat eman du sasoia.

Hamaika ondorio ditu erabaki horrek, baina horien artean bat nagusia: Super Amara Bera Bera dela Espainiako Ohorezko Mailako ligako txapelduna. Seigarren liga du. Beste bost zituen irabaziak: 2013an, 2014an, 2015ean, 2016an eta 2018an. Horri esker, Donostiako taldea bigarren postura igo da liga gehienetan eskuratu dutenen sailkapenean. Aspaldi desagertutako Mar Valentzia soilik du aurretik, 27rekin. Donostiarren hemeretzigarren titulua da: Espainaiko sei liga, sei kopa eta zazpi superkopa dituzte.

Bera Berak nahiago izango zuen pistan txapeldun izatea, baina inor gutxik esan dezake merezi ez duenik. Ondo bidean, berea izango zen titulua. Koronabirusak dena hankaz gora jarri zuenean, sei jardunaldi falta ziren denboraldia amaitzeko, eta Donostiako taldea lider sendoa zen: hamasei partida jokatuta, ez zuen bakar bat ere galdu; hamalau irabazi zituen, eta bi berdindu. Horri esker, 30 puntu zituen. Beste hiru taldek besterik ez zuten matematikoki aukera Bera Berari aurrea hartzeko: Elxek (26 puntu), Mecalia Atletico Guardesek (23 puntu) eta Liberbank Gijonek (22 puntu). Itxuraz, Herrialde Katalanetako taldea zen donostiarren aurkari nagusia. Elkarren artean jokatutako partidan, Bidebietan, 25na berdindu zuten. Bi taldeok indarrak neurtu behar zituzten Elxen, baina ez da jokatuko norgehiagoka hori, ezta beste gehiagorik ere.

«Sentipen gazi-gozoa dugu. Pozik gaude, txapeldun izan garelako, baina nahiago genuen pistan irabazi eta ospatu. Hala ere, merezita irabazi dugu; ez dugu partidarik galdu», esan zuen atzo Esther Arrojeriak, erabakiaren berri izatean. Iritzi berekoa zen Imanol Alvarez. «Oso pozik gaude. Ezohiko modua da liga irabazteko, baina merezi genuen txapeldun izatea. Oso lan ona egin dugu». «Izango dugu denbora behar bezala ospatzeko», gaineratu zuen Tati Garmendiak.

Denboraldia bertan behera uzteaz gain, Ordezkarien Batzordeak erabaki du sasoi honetan talde bakar batek ez duela galduko maila. Aldiz, igo, igoko dira. Beraz, datorren sasoian talde gehiago ariko dira. Zubileta Evolution Zuazo izango da horietako bat. Barakaldoko (Bizkaia) taldea buru-belarri ari zen mailari eusteko lehian. Liga eten zenean, hamargarren zen, hamar punturekin, jaitsieratik hirura. Baina akabo kezkak. Beste urtebetez ariko da onenekin.

Bidasoa, EHF kopara

Asobal liga ere bertan behera geratu da, denboraldia amaitzeko 11 jardunaldi falta direla, eta horrek ere badu ondoriorik euskal taldeen artean. Bidasoa-Irun Europarako sailkatu da bigarren urtez jarraian: sasoi honetan, Txapeldunen Ligan aritu da, eta hurrengoan EHF kopa jokatuko du. Irungo (Gipuzkoa) taldea laugarren zen liga eten zenean, eta postu horrek ez zuen Europako lehiaketa bat jokatzeko aukerarik ematen; ligako lehen hiru sailkatuak (Bartzelona, Ademar Leon eta Logroño) eta Espainiako Kopako txapeldunordea(Benidorm) sailkatuko ziren. Baina Ordezkarien Batzordeak ebatzi du lehen itzuliko sailkapena hartzea kontuan, eta Bidasoa hirugarren izan zen, Bartzelonaren eta Ademarren atzetik.

Helvetia Anaitasunari ere mesede egin dio erabakiak, inork ez baitu galduko maila denboraldi honetan. Iruñeko taldea larri zegoen sailkapenean: hamahirugarren postuan zen hamaseiren artean, jaitsiera gertu zuela, bi puntura baino ez. Anaitasunako kideek nahiago zuten helburua pistan lortu, baina ez dute gaizki hartuko erabakia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.