Ertzetik ikusitakoen antologia

Harkaitz Canok hogei urtez idatzitako ipuinen bilduma kaleratu du Txalapartak: 'Mecanografiak'

Irati Jimenezek hautatu ditu Mecanografiak antologian bildutako Harkaitz Canoren narrazioak. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Maider Galardi
Donostia
2018ko irailaren 20a
00:00
Entzun
«Nobela bat bi begiekin eta zuzenean begiratzeko zerbait da. Ipuin bat, aldiz, begi ertzarekin ikusten duzu». Harkaitz Cano idazleak narrazioei buruz esan zuen hori atzo, bere ipuinei buruzko antologiaren aurkezpenean, Donostiako Udal Liburutegiko sotoan. Hogei urtez nola begiratu duen idazleak ertzetik, horixe bildu du Irati Jimenezek hautapen prozesu fin baten ostean Mecanografiak narrazio bilduman. Radiobiografiak (1995) lanetik hasi, eta Beti oporretan (2015) liburura arte, 28 ipuin jaso ditu Jimenezek Txalapartak argitaratutako liburuan.

«Bilduma ez osoa, eta ezta kronologikoa ere», Mecanografiak horixe dela dio Jimenezek liburuaren hitzaurrean. Izan ere, hogei urtez hamaika euskarritan eta hamaika formatutan kaleratu ditu bere lanak Canok; dela Euskadi Irratiko kolaborazioetan, dela BERRIA egunkarian, dela ipuin bildumetan... Horiek jaso, sailkatu eta osotasunean berrikusi ostean egin du aukeraketa Jimenezek. Bildumaren asmoa, ez da, ordea, Canoren inguruko tesi bat kaleratzea. Aitzitik, «ipuingintzaren neurriak ongi ezagutzen dituen idazle baten» lana liburu bakarrean biltzea izan da helburua, hautatzailearen esanetan. «Oso irakurzalea den idazle bat, eta formatu askotan eta leku askotan idatzi duen egile bat» topatuko du irakurleak antologian: «Niri balio izan dit fikziozko literaturaz berriz ere maitemintzeko», berretsi du Jimenezek.

Hautatzaileak ez ezik, Canok ere egin du atzera begirako ariketa antologia osatzen ari ziren bitartean: «Narrazio zaharrena 1994koa da, ordutik pentsa zenbat ikuspegitatik idatzi dudan». Ipuinak idazteko erabilitako begi ertzak zenbat, horiek denak hari begira sumatu ditu orain, Mecanografiak osatzen ari zirela. Baina horrek eman dio nolabaiteko perspektiba bat ere: «Ikuspegi likidoa izaten ikasi dut. Hau da, ikasi dut ez dela komenigarria neure burua kategorikoki ez epaitzea». Hala, ipuinak berrirakurtzean, aurrez izan gabeko sentipenak izan dituela aitortu du: «Narrazio batzuekin sentitu dut errekonozimendu hori, inoiz halakorik idatzi nuelako. Beste batzuetan, ez nintzen gogoratzen horrelako buelta eman niola istorioari, eta bizpahirutan akordatu ere ez nintzen egiten idatzi nuenarekin».

Literatura izan du Canok askotan idazteko aitzakia, eta horrek balio erantsia ematen die haren ipuinei, Jimenezen ustez. Horregatik hautatu du, besteak beste, Argentinar lotsatia ipuina bildumari hasiera emateko: «Canok duen ipuin onenetarikoa da nire ustez; aita-seme batzuen arteko harremana kontatzen duelako oso modu berezian, baina baita literaturari propio ematen dion lekuagatik ere». Hain justu, ipuineko pertsonaietako bat da Julio Cortazar idazlea, eta «konparaziotxarrak» direla aitortu arren, antzekotasuna badutela uste du Jimenezek: «Canoren lanetan Cortazarrek duen eragina nabarmena da, baina, gainera, biek badute halako joera bat asko idaztekoa, oso leku diferenteetan argitaratzekoa». Horren adibide, Athletic Fundazioarentzat idatzitako obra bat ere jaso dute Mecanografiak lanean: Zitagolak ipuina, hain zuzen ere.

Eskubideak lortzea, erraza

Asko idazteaz gain, hainbat argitaletxetan utzi du arrastoa Canok: Alberdanian, Susan, Elkarren, Txalapartan bertan... Gainera, beste zenbait hedabidetako piezak ere jaso dituzte antologian: El Pais egunkarirako eta Alaia aldizkarirako idatzitako Valparaiso eta Brigadista frantsesa, esaterako. Horien guztien bila nola hasi, eta guztiak nola bildu formatu bakarrean, horretan ere jardun dira Txalapartako kideak azken hilabeteetan. «Euskal Herrian zorte handia dugu», azaldu du Mikel Soto argitaletxeko editoreak; «Gure artean aski ongi ezagutzen gara, eta ez dugu izan inolako iskanbilarik liburu hau sortzeko». Bestalde, nabarmendu dute euskararen arauak aldatu direnez, txukunketak egin dituztela testuetan. Cano: «Hasierako narrazioak irakurrita, pentsatzen dut hirugarren birika bat nuela orduan: hasi eta buka, dena idazten nuen segidan».

Beraz, bilduma ez ezik, orain arte egindakoaren berrikuspena ere bada Mecanografiak Canorentzat. Oroitzen ez zituen ipuin horiek «autobiografiaren suspense» direla azaldu du, eta antologiaren izenburuak ere badu, hain justu, biografia horretatik zerbait. Batetik, egindako lanaren errepasoari egiten dio erreferentzia, bestetik, 1995ean argitaratutako lehen ipuin liburuari egiten dio aipamena. Hogei urtez nola begiratu dion ertzetik errealitateari, horiek denak jaso ditu orain Jimenezek Txalapartarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.