Albistea entzun

Etxeko tronua jokoan

Maite eta Mikel Gurrutxaga anai-arrebek 'Leo, sabanako errege' album ilustratua argitaratu dute. Katu bat da protagonista nagusia
Mikel eta Maite Gurrutxaga, Elkarren dendan, liburuaren aurkezpenean.
Mikel eta Maite Gurrutxaga, Elkarren dendan, liburuaren aurkezpenean. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Miren Garate -

2019ko urriak 22 - Donostia

Katu bat ageri da lehen orrian, Leo, errege bat bezain handikiro bizi den katu bat, hain zuzen. Gizonezko bat zerbait kozinatzen ari den bitartean, telebista gainean dago, lasai etzanda. Eta telebistan, lehoi baten irudia ikusten da. Hortik aurrera, irudiek erakutsiko dute telebistako ahotsa izango den testua. Ahots horrek deskribatuko ditu katuaren gorabeherak. Izan ere, katuaren bizitza, ezustean, aldatu egingo da bat-batean, lehiakide bat agertuko baitzaio etxean bertan. «Afrikako sabanako istorio bat etxe barruan katuei gertatzen zaizkien gauzekin uztartzen da», azaldu du Mikel Gurrutxagak. Harenak dira hitzak, eta Maite arrebak egin ditu Leo, sabanako errege (Elkar) album ilustratuko marrazkiak.

Aurkezpenean aipatu duenez, familiako bazkarietan-eta, arrebari esku artean zer lan dituen galdetzeko ohitura du Mikel Gurrutxagak. Eta hala sortu zen elkarrekin ondu duten azken proiektua ere. Tailer batzuetan parte hartzeko, sekuentzia txiki bat zuen prestatuta hark. «Haur bat marraztu behar nuen, eta egin nuen haur bat katu batekin; katua bere pototik edaten ari da lasai asko, eta haur bat biberoitik; azkenean, katuaren terrenoan sartzen da haurra, eta haren pototik edaten du. Oso gauza sinplea zen, baina gorde egin nuen, pentsatuz eman zezakeela jokoa».

Aldizkari batean irakurritakoak ere eman zion zer pentsatua Maite Gurrutxagari. Katuak eta txakurrak elkarrengandik oso ezberdinak direla jartzen zuen, txakurrek oso ondo bereizten dutelako gizaki batekin edo beste txakur batekin ari diren jolasean, eta katuen kasuan ez dagoelako hain argi bereizketa hori egiten duten, gizakiekin ere beste katuekin bezala harremantzen direlako batzuetan. «Grazia egiten zidan katu batek, akaso, gu ere katu handi batzuk garela pentsatzeak, eta jolas horri tiraka hasi ginen».

Katuak etxekotu zirenetik denbora asko igaro den arren oraindik ere piztia izaera badutela iritzita, testuen eta irudien bidez bi izaera horiek uztartzen saiatu direla azaldu dute. «Album ilustratu baten izaera izatea» izan da beren buruhauste nagusia,«testua leku batetik eta irudia bestetik baldin badatoz, ondo lotzea biak, eta bien artean istorio bakar bat sortzea».

«Hitz gutxitan, gauza asko»

Liburuaren ezaugarri horixe bera nabarmendu du Antxiñe Mendizabal Elkarreko editoreak. «Lotura oso polita dago testuaren eta ilustrazioaren artean». Haren esanetan, «hitz gutxitan gauza asko» esaten dituen liburu bat da. Eta zenbat eta gehiagotan irakurri, eta zenbat eta gehiago begiratu irudiei, orduan eta xehetasun berri gehiago deskubritzen dira.

Formatu txikia du, hamabost zentimetro inguru alderik alde. «Ohituta gaude tamaina handiko album eta liburu ilustratuak egitera, eta formatu originala iruditu zitzaigun hau». Mendizabalen esanetan, ohikoa da albumak haurrentzat nahiz helduentzat direla esatea ere, eta Leo, sabanako errege ere hala dela aipatu du. «Txikiek era batera hartuko dute liburua, eta helduek beste irakurketa bat egingo dute, eta katuzaleek, akaso, beste begirada batekin begiratuko diote».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Jose Ignazio Ansorena eta Eneko Goia, gaur goizean, Donostiako udaletxeko prentsa aretoan. ©Gorka Rubio / Foku

Herritarren «zerbitzura» jotako doinuak

Itziar Ugarte Irizar

Hiru Txulo: Donostia eta txistua liburua ondu du Aritz Gorrotxategik, Donostiako Udalaren eta Ereinen eskutik. Isidro Ansorena goratu dute, Donostiako Udalaren Txistulari Taldearen zuzendari ohia.

Herritar bat, asteon, Donostiako areto bateko karteldegiari begira. ©GORKA RUBIO / FOKU

LEKUA EGIN NAHIAN

Ainhoa Sarasola - Ainize Madariaga

Zinema areto, jaialdi eta ziklo gehienetan, euskarazko filmen eta azpidatzien presentzia txikiagoa da beste hizkuntzetakoekin alderatuta. Hainbat eragilek azaldu dute pixkanaka kopuru hori handituz doala, baina ehunekoei erreparatuta, salbuespenak salbuespen, oreka lortzetik urrun dago oraindik.

Cordal, erakusketako lanetako batekin. ©Aritz Loiola / Foku

Egunero, atsedenik hartu gabe

Amaia Igartua Aristondo - Bizkaiko Hitza

Isaac Cordal artistak etengabe produktiboak izatearen beharra jorratu du ’24/7′ erakusketan. Bilboko SC Gallery aretoan dago ikusgai, hilaren 28ra arte.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.