Maritxu Kajoi Arrasaten

Umorerik dotoreena

Erraustegia izango dute hizpide aurtengo eskapularioan, Maritxu Kajoi ospakizunean. Jaia eraldatu egin da, baina jantzi dotoreak ez dira faltako

Kalez kale ibiliko dira Maritxurekin, jai giroan. GORKA RUBIO / FOKU.
Nagore Arin.
2019ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Gorbata, soineko, galtza, takoi edo zapata, berdin du zer, dotore jantzi, dotore sentitu eta jai giroaz gozatzea da inportanteena; eta, kasurako, horien guztien bilgune bilakatuko dira gaur Arrasateko (Gipuzkoa) kaleak eta txokoak. Urriko lehen ostiralarekin batera ospatuko dute gaur Maritxu Kajoi jaia, sortu zenetik 43 urte igarota. «Jai herrikoia» dela adierazi du Eneko Barberena Maritxu Kajoi batzordeko kideak; talde horrek antolatzen du jaia.

Jai herrikoia dela azpimarratu du; izan ere, ez dute udalaren dirurik jasotzen, ezta eskatu ere: «Herritarrek, tabernek, jatetxeek eta abarrek eginiko jai bat da. Ekainean hasten gara antolatzen, urrira arte, eta eskema antzekoari jarraitzen diogu urtero», adierazi du antolatzaileak. Hala, aurten ere urtero izan ohi diren jarduerak izango dira: musika, haurrentzako pailazoak, eta, gaua iristean, parranda. Joera horiei jarraituz, umorea ere ezaugarri esanguratsua izango da aurten: «Umorea eta Maritxu Kajoi beti joan dira eskutik, bai egitarauan,bai Maritxu Kajoiri eskatzen diogun mirarian ere». Umoreak ez ezik, aldarrikapenek ere tokia izango dute txikiteroen eta ardozaleen ospakizunean.

Erraustegia hizpide

Aurten ere gai bat gailenduko da eskapularioan: «Eskapularioan salatu nahi izan dugu batzuek Amazoniara begiratzen dutela etxean erraustegia edukita», adierazi du Barberenak.

«Jendartea aldatu den heinean, jaiak ere bilakaera bat izan du; kontsumismo urteak egon dira, eta jaia bizitzeko orduan eragina izan du horrek», azpimarratu du. Gauetik egunera jauzi egin du jaiak, eta, garai batzuetan afariak egiten zituzten arren, bazkariak egin ohi dituzte orain. Dotoreziak ere jasan du bilakaera: «Hasieran, dotore janzten ziren etxean zuten arroparekin; belaunaldi berriak, ordea, jantziak erosten hasi dira, eta hori gauza berria da», esan du batzordeko kideak.

Bisitarien faktorea ere sartu da jokoan; izan ere, hasieran Espainiako hainbat tokitatik ere joaten zen jendea Arrasatera: «Modan jarri zen jaia, eta autobusean etortzen ziren hainbat lekutatik. Orain, ikasle pisuetako jendea etortzen da bereziki. Boom hori jaitsi egin zela esango nuke, baina oraindik jai jendetsua da».

Hala, «adarjotzetik eta umoretik» sortutako jaia ospatuko dute, bai arrasatearrek, bai Arrasatera joango diren guztiek. Guztientzat izango da erakargarria, baina, batez ere, herritarrentzat, Barberenaren arabera, jai kutuna baita arrasatearrentzat. «Berezia da, bakarra delako», adierazi du. Hala, gozamenez bizi nahi dute eguna, jai eredu sanoari jarraituz eta besteekiko errespetuz. Egun bereziak izaera berezi hori izaten segi dezan:«Herri bakoitzak baditu jaiak beste herri guztietan antzekoak direnak, eta jai batzuk errepikatzen zailak direnak... Arrasatetik kanpo Maritxu Kajoi ezin da izan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.