Musika

Premiazko doinu eta hitzak

Donald Trumpek AEBetako lehendakaritzako hauteskundeak irabazi osteko hiru hilabeteetan osatu zituen Superchunk taldeak 'What Time to Be Alive' disko berriko kantu gehienak.

Superchunk: Jon Wuster, Mac McCaughan, Jim Wilbur eta Laura Ballance. LISSA GOTWALS.
mikel lizarralde
2018ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Donald Trumpek Ameriketako Estatu Batuetako hauteskundeak irabazi eta presidentetza lortu izana tragediatzat hartu zuten AEBetatik kanpoko askok, baina estatubatuarren artetik ere sortu dira negozioen handikiaren eta hark ordezkatzen duenaren kontra altxatu diren artista ugari. Horietako asko musikari ospetsuak izan dira, Neil Young eta Bruce Springsteen kasurako, baina badira Trumpen garaipena hondamenditzat hartu duten musikari alternatiboak ere. Superchunk talde beteranoa da bat.

2016ko azaroan AEBetan egindako bozek eraman zuten Chapel Hilleko (Ipar Karolina) taldea «berandu baino lehen» kantu berriak idatzi eta grabatzera, Mac McCaughan taldeko abeslari eta gitarristak azaldu duenez: «Oso arraroa izango zen talde batean egon —gure taldean egon!—, eta egun haietan bizi izan genituen gertaerei eta gure haurrek biziko duten egoerari erreparatzen ez dien disko bat grabatzea».

Superchunk 1990eko hamarkadako indie leherketaren talde nagusietako bat izan zen, Chapel Hill-eko eszena oparoko izen nagusia —hangoak ziren Archers of Loaf, Polvo eta beste—. Independentzia ikur bat, inondik ere.Urte haietan, punk-rockaren eraginpeko pop bizi eta bitaminaz betea landu zuen taldeak, etabere kantu labur, zuzen eta garaiz kanpokoak barreiatu zituen indie zaleen artean klasiko bilakatu diren zenbait disko bikainetan: No Pocky for Kitty (1991), Foolish (1994), Indor Living (1997)... Here's to Shutting Up-ekin (2001) abiadura apaldu zuten, baina ez, ordea, melodia gogoangarriak eraikitzeko gaitasuna. Argitalpen erritmoa, baina, baretu zuten, eta bederatzi urte igaro behar izan ziren taldeak disko berri bat grabatzeko. Orduz geroztik, McCaughan, Jim Wilbur (gitarra), Laura Ballance (baxua) eta Jon Wursterrek (bateria) hiru lan kaleratu dituzte, taldearen historiari eta ibilbideari traiziorik egin ez, eta Superchunken ondo merezitako ospea sendotzen dutenak.

What Time to Be Alive (2018) da atera berri dutena, eta esan daiteke urgentziazko lan bat dela. Izan ere, hiru hilabete eskasean, 2016ko azaroaren eta 2017ko otsail artean idatzi zituzten 11 kantuak. «Ez zegoen itxaroterik». Premia hori nabaritzen da kantuen bizitasunean. Diskoak irauten duen ordu erdi eskasean, taldekideek ez dute abiada murrizten, ez behintzat Black Thread amaierako kantu lasaiagoak—eta tristeagoak— egin arte.

Hitzetan Trumpen Amerikari buruzko erreferentzia ugari daude, baina, tonu tragiko eta deprimitutik harago, taldeak alderdi positiboak nabarmendu nahi izan ditu. Aurrera egin beharra dagoelako, une txarrenetan ere. Mac McCaughan: «Album honek gauza askori buruz hitz egiten du, nola ez, baina, batez ere, hazten ari den agintekeriari kezkaz begiratzen dio. Egoera kezkagarri eta etsigarri bati buruzko diskoa da, baina, zorionez, ez da entzuteko disko triste eta etsigarri bat».

Horretan laguntzen du diskoa Trumpengan zentratu ez izanak. Izenik apenas ageri baita diskoko 11 kantuetan. Aitzitik, hitz egiten dute 80ko hamarkadan gazte ziren eta boterera iritsi direnez—eta baita haien kontra daudenez ere—, hitz egiten dute belaunaldi berriez, eta hitz egiten dute murriztutako eskubideez ere.

Zeregin horretan, gainera, lagun ugari izan dituzte laguntzaile: Sabrina Ellis (A Giant Dog, Sweet Spirit), Katie Crutchfield (Waxahatchee), Stephin Merritt (The Magnetic Fields), Skylar Gudasz eta David Bazan. «Komunitate sentimendu bat izan nahi genuen diskoaren grabazioan. Uste dut inportantea dela gauza guztien aurrean eta une oro etsia ez egotea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.