LEHEN PERTSONAN

2014ko urriaren 11
00:00
Entzun

Marce G.G.

1955

Agifesen Loiolako zentroan frantsesezko eskolak ematen dihardu, besteak beste. Zentroko kideak aipatzean, «anai-arrebez» mintzo da, halakoa da han sentitzen duen berotasuna. «Denok gaude hemen itsasontzi berean». Urte asko daramatza gaixo. «Hobera egin da. Medikuak orain askoz ere hobeto prestatuta daude», dio. «Oraingo erietxeak ere bost izarrekoak dira. Ez dute alderik ere lehengoekin: haiek kartzelak ziren, benetako presondegiak. Alde galanta dago». Ez dela gaixotasun erraza dio. «Aldaka bat hausten bada, ikusi egiten da zer dagoen hautsita; burua. aldiz, ezin da ireki. Psikiatrian dena da motelagoa... Eta aldaka berria jartzen diotenak, ebakuntza egin, eta ez du gehiago herren egiten. Guk bai, guk egunero egiten dugu herren». Haren ustez gizarteak ez du sinesten psikiatriak aurrera egin duenik, eta horren ondorio dira susmo txar asko. «Irakinaldi bat falta zaigula esaten dute askotan», azaldu du. «Gure aurpegian ez da ikusten gaixotasuna, baina gurekin bizitzen hastean bai». Eta horren ondorioak ez zaizkio gustatzen. «Gizartea sarri itsuski baliatu egiten da gutaz... Gaitzak aparteko sentiberatasuna ematen digu. Norbait premian ikusi, eta korrika goaz harena, eta sarritan jendea gehiegi baliatzen da gutaz».

Serafina Alvarez

1957, Santander (Espainia)

Ez du eragozpenik argazkian ateratzeko; izen osoa emateko ere ez. Gaixotasuna guztiz barneratuta dauka. «Oso gaztetan hasi nintzen». Eta berehala hasi ziren arazoak. «Etxean ez zuten onartu gaitza; oraindik ere badira familian gaixotasuna onartzen ez dutenak, nire burukeriak direla esaten dute, nahi dudalako egiten dudala». Agifesen zentroan aurkitzen du behar duen arnasa. «Hemen jendea aparta da; benetan mundiala». Gurutze Gorriak Donostian buruko erientzat duen zentro batean bizi da. «Jarduera asko egiten dituzte han... Nire adinarekin, ezin dut». Propio jendearen zaintzarako prestatutako egoitza batera joatekoa da orain. Hurkoaren —ezgaitutako pertsonen ardura hartzen duen fundazio bat da— tutoretzapean jabegoan zuen etxebizitza saldu berri du, eta zein egoitzatara joan aztertzen ari da. «Pribatua izan beharko du». Diru kontuak argitzen ari da; zer pagatu beharko duen berak, diru laguntzen bidez zer eskuratuko duen. Urduri dago. «Beldur pixka bat ematen dit aldaketak. Baina zentrora etortzen jarraituko dut; horrek ematen dit lasaitasuna». Izandako nahigabeak ez ditu ezkutatzen. «Laguntzen ninduen pertsona bakarra semea zen... Sendagileengana hark eramaten ninduen, ja ez dago hemen». Bikote bizitzan, aldiz, itzala. Beltz-beltza:« 'Nahi duzulako egiten duzu'. 'Eroa zaude'. 'Ez duzu deusetarako balio'... Dena horrela zen». Egungo psikiatria pazienteentzat samurragoa dela dio. Hobea. «Lehen lokartuta egoteko pilulak ematen zizkidaten», azaldu du. «Orain ematen dizkidatenak gehiago dira biziberritzeko, aurrera egiteko; orain hobeto nago».

Maria

1968, Hernani

«Ni Maria naiz, Hernanikoa, 44 urte ditut, eta eskizofrenia daukat». Hasieratik argi mintzo da Maria. Urte asko daramatza eri: «Orain dela 26 urte izan zen nire lehen ospitaleratzea». Fase ugari igaro ditu. «Nik bolada batean jende aurrean ukatu egiten nuen gaixo nengoela; baina lasaigarria da esatea. Gainerakoan, bakardadean bizi behar da, eta oraindik ere gogorragoa da». Argazkian ateratzeari ez dio muzin egin. Izen osorik ez du eman nahi, ordea. Oso pozik dago Loiolan Agifesek duen zentroan: askatasuna maite du gehien. «Beste zentro batean egon nintzen, baina oso itxia zen hura; ordutegia erabat lotuta zegoen, erabat egituratuta zeukaten guztia». Alde handia igarri du: «Harreman bikaina lortu dut gainerako kideekin, eta nire ustez da askatasuna dugulako zer egin erabakitzeko». Aitortu du usu ez dela erraza: «Askatasunak erantzukizuna esan nahi du». Ondo daki zeri buruz mintzo den: «Bakarrik bizi naiz, ekonomikoki neure buruaren jabe naiz, eta askatasun horixe mantentzea da nire helburu maiteena. Badakit krisi larri bat badut, berriz ere burua galtzen badut, galdu egin dezakedala askatasun hori. Derrigortuta erietxera eramatea ekar dezake horrek, edo norbaiten tutoretzapean jartzea... Nire bizitza aldatuko litzateke, eta nik, gaur egun, nahi dudana egiten dut. Hona nahi dudalako etortzen naiz, eta nire etxea gogoak ematen didanean garbitzen dut. Ez nago inoren agintepean. Badakit nire inguruan jende asko bestelako egoeretan bizi dela, eta nire nahirik handiena horixe da: independentzia horri eustea. Horren alde ari naiz borrokan». Familiaren babesa duela dio. «Ondo konpontzen naiz haiekin; babes garrantzitsua da». Aitortu du, hala ere, senitartekoentzat sarri askotan ez dela erraza senide eriekin bizi behar duten prozesu guztia. «Maiz, nekatuta daude: hau kronikoa da».

Txaro

1962, Donostia

Ez du izen osoa eman. Txaro da. Kito. Baina ez dio uko egin argazkian ateratzeari. «Suertea dut». Suertea esaten dio egunero Agifesek Loiolan duen zentrora joateko bidea izateari. «Hemen antzeko egoeran gauden jendea elkartzen gara». Zinetan lagungarria dela dio. Suertea Gizaideren —buruko gaitzak dituztenen alde diharduen fundazio bat da— etxebizitza batean bizitzeari. «Han ere, pisukideekin, ez dut bazterkeriarik sentitzen. Pozik nago haiekin, hezitzaileekin...». Familiarekin bizitzetik egin zuen etxebizitza horretarako aldaketa. «Aldaketa onerako izan zen, eta, gainera, egunero aisialdi zentrora etortzeko aukera dut». Aparteko garrantzia ematen dio zentroari, han den bezalakoa agertzeko aukera izateari. Familiaren babesa ere baduela dio. Suertea, horretan ere. «Nik ahizpa bat gizarte laguntzailea dut; tratu txarrak jasan dituzten umeekin-eta egiten du lan», esplikatu du. «Hark asko babesten nau: ulertu egiten nau». Gurasoek lagatako etxea saltzekotan dabiltzala dio, eta amets bat duela buruan biraka: «Etxebizitza txikitxo bat erosiko nuke gustura niretzat».

Iker Barral

1975, Donostia

Ahots ederra du; eta oso ondo mintzo da, dotore, pausatu. «Irratian lan egitea gustatuko litzaidake. Praktikak egiteko aukera izatea; lan egitekoa». Gustura dago Agifeseko zentroan. «Bi urte daramatzat etortzen». Handik lekora ezjakintasunaren mamua handia dela dio. «Jendeak ez du gaitzoi buruzko informaziorik; ez dute gure jokatzeko, bizitzeko eta sentitzeko moduaren berri». Zentroan, aldiz, libertatez mintzo direla dio. «Hemen gure artean lasai hitz egin dezakegu gure eritasunen sintomei buruz; piztaldi psikotiko bat izan dugula konta dezakegu, esaterako. Kalean, aldiz, norbaiti eldarnioak izan dituzula ezin diozu esan... Ez dakit, horrelako gauza fuerte bat ezin duzu kontatu; segituan arrarotzat hartzen zaituzte. Hemen, aldiz, konfiantza dago gauza horiei buruz hitz egiteko». Lanerako adinean dago, baina horretarako modurik ez du ikusten. «Lan babestuan jarduteko aukera bada, baina nik ezagunak baditut, eta eragozpena soldata da: oso gutxi pagatzen dute, ordu dezente egiten dituzte lanean, eta 300-400 euro besterik ez dute jasotzen ordainetan». Ondo dagoela dio: «Suertea dut, gurasoekin bizi naiz». Lotura ere badela dio, ordea. «Familia oso gainean dut, gehiegi batzuetan: 'Hau ez egin', 'botika hartu', 'medikuarengana joango gara'... Horrela dabiltza beti. Esaterako, haserrealdi bat badut, ez naute beroaldi bat izan duen beste edozein pertsonaren gisan tratatzen». Jendearekin erlazionatzen asko ikasi duela dio, hoberako prozesua izan dela. «Batez ere, gaitza dutenekin mintzatzen naiz, egia da; baina nik ez ditut gaixo moduan ikusten... Pertsonak dira». Irratiaz gain, beste amets bat du: «Lagun berezi bat dut; harexekin independizatu nahiko nuke».

Igon Iribar Amigorena

1967, Usurbil

Izena eta abizen ia guztiak eman ditu: errenka luzean. Ez du eragozpenik horretarako. Hitz-jario agorrezinekoa da. Dudatan egon da, ordea. Argazkian atera, ez atera; atera, ez atera. Baietz, azkenean. Aterako dela. Hitzean eta hortzean du bere herria: «Usurbilgoa naiz. Herri lasaia da». Pozik dago Agifesen zentroan. «Hau nire bigarren familia da. Lehenengo, nire ama da; amaren babesa dut, senideena». Familiarekin bizi nahiko luke, baina soilik asteburuetan egoten da han; gainerakoan, Gurutze Gorriak buruko erientzat duen zentro batean bizi da, Donostian. Asteburuetan, familiarenera bueltan, etxeko lanetan aritzen dela dio, baratzekoetan. «'Hi bezalako mutil bat behar diagu etxean', esaten didate». Beste ametsik ez du. «Oxala haiekin bizitzea lortuko banu. Hori bai, nik hona etortzen jarraitu nahiko nuke. Jaiki eta egunero-egunero etorriko nintzateke». Familiaren magalera berriz ere bidea egiteko giltzarria gaixotasunak izango duen eboluzioan dagoela ederki daki. Ondo sentitzen dela dio, ondo ari dela. «Tabakoa; horixe dut bizio bakarra. Utziko banu!». Ez da gauzak beltz ikustearen aldekoa. «Atera bedi eguzkia!».

Ana Mari

1954, Tolosa

«Gauza asko gertatu zaizkit». Ez da xehetasunik behar horietako asko samurrak ez direla izan jakiteko. Agifesen Loiolako zentroko erabiltzaileetako bat da. Ez du izen osoa eman nahi; ez du argazkian agertu nahi. Hitz egiteko gogoa badu: handia. Usu ezkutuan ibiltzen dela aitortu du. «Autobusean etortzen naiz zentrora». Dioenez, itaun gaiztoak izaten dira bidean: «'Loiolara zoaz, ezta?', galdetzen didate». Gizarteak onetsitako erantzuna ematen die. «Lanera natorrela esaten diet». Urte asko daramatza eri; gezurrak babesa ematen duela dio. «Ezin duzu lasai esan zer gertatzen zaizun; sarri isildu egin behar duzu, eta gorde». Berari ere ez zaizkio hitzak aise ateratzen. «Medikuak esan zidan zuk hori duzu, horrekin bizitzen ikasi behar duzu». Arrangurarik ez da falta Ana Mariren hitzetan. Senarrarekin bizi da, eta bizitza «normala» egiten dutela dio, baina ez dela erraza: zama dela maiz gaixotasuna. «Azkenean, bakarrik ikusten duzu zeure burua; norberak egin behar du aurrera». Zentroa du abaro. «Oso lagungarria da zure antzeko arazoak dituen jendea ikustea. Lehen oso lotsatia nintzen. Orain asko ireki naiz». Gomuta garratzak ditu. «Urte eta erdi pasatu nuen negar batean... Ez nuen onartzen gaixo nengoenik». Oraindik ere kosta egiten zaio gaixotasunaren hainbat ondoriok bueltarik ez dutela onartzea. Hamakaitxo bat ofiziotan jardundakoa dela dio: administrari, garbitzaile, sukaldari, tabernari: «Zer ez nuen egingo!». Lanari utzi beharrak aparteko nahigabea eragin ziola azaldu du. «Nire pentsioa banuela esan zidaten; ez zidatela gehiago inon lanik emango. Eta negar egiten duzu. 'Zergatik?', pentsatzen duzu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.