Migrazioa

Gasteizek eskatu du baliabideak orekaz banatzeko

Samara Velte.
2018ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Hiru urtean lehenbiziko aldiz elkartu da Immigrazioari buruzko Sektoreko Bilkura, Madrilen, Espainiako Gobernuko Lan, Migrazio eta Gizarte Segurantzako Ministerioak deituta. Bertan, erkidegoetan migrazio gaiez arduratzen diren kontseilariak elkartu dira, immigrazio politikak «adostu eta koordinatzeko». Eusko Jaurlaritzatik Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketarako sailburuak hartu du parte; haren prentsa bulegoak jakinarazi duenez, «baliabideak modu orekatu eta eraginkorrean banatzeko» eskatu dio Magdalena Valerio ministroari, hala nola migrazio politikak Europako Batasunarekin koordinatzeko.

Bestalde, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dagoen Harrera deitutako programarako dirua ere eskatu du Artolazabalek; «bazterkeria egoera larrian dauden migratzaileentzako gizarteratze programa humanitarioa» da Harrera. Artolazabalek Madrilgo bileran azaldu duenez, Jaurlaritzak bi arreta mota bereizten ditu migratzaileei dagokienez: Europa erdialderako bidean bere eskumeneko lurraldeetatik igarotzen direnena, eta bertan «bizi proiektua» abiatu nahi dutenena. Lehenbizikoen kasuan, «oinarrizko beharrei» erreparatuko dieten politikak eskatu ditu; bigarrenen kasuan, aldiz, «epe luzeko estrategiak».

Adingabeen banaketa

Berez, bakarrik dauden migratzaile adingabeen auzia ere eztabaidatu behar zuten Madrilgo bileran: Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak behin baino gehiagotan eskatu dute kupo bidezko sistema bat, migratzaile adingabeak erkidegoen artean banatzeko, eta Valeriok ere antzeko jarrera izan du orain arte. Uztailaren 31n 18 urtetik beherako 8.000 migratzaile inguru zeuzkaten erregistratuta estatu osoan; horietako asko Bizkaian. Horregatik, Jaurlaritza «ardura partekatuaz» mintzatu da azken egunotan.

Atzoko bileraren osteko balorazioetan, ordea, ez zuten jakinarazi auzi horri heldu ziotenik. Oriol Amoros Kataluniako kontseilaria, esaterako, kritiko zegoen, «hitz on asko, baina inolako zehaztasunik» ez zutelako lortu: «Hauskortasun arazoa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.