Pastor
DARWIN ETA GU

'Lager'-a ala txigortua?

2021eko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Kolpea jo du mahaian Pedro Sanchezek: Katalunian ez da erreferendumik izango. PSOEk ez du halakorik onartuko. Inoiz ez. Sekula santan ez. Horixe esan du Espainiako presidenteak kongresuan.

Indultuak ez zituela eman nahi eta azkenean eman egin dituela erantzun dio Gabriel Rufianek. Bihotza ere aipatu dute: legeek ez dute sentimenduetan agintzen. Horrek espainiarrei ardura izango balie bezala. Argi esaten digute: nahi duzuena pentsatu eta sentitu, baina ezin izango duzue kaiola eder honetatik irten gure baimena izan gabe. Kaiolaren barruan gura duzuen kanta edo ereserkia abestu: Gernikako Arbola, Gora eta Gora edo Eusko Gudariak. Baina kaiolaren giltza geuk dugu, eta Erretiroko urmaelera bota dugu. Nahi baduzue, txalupa ekarri eta hasi bilatzen.

Bozketarik ez. Autonomismora bueltatzeko bidea bultzatu nahi dute. Katalanak lehengora itzultzea. Zapaterok asmo hori azaldu du El Temps aldizkariari eskainitako elkarrizketan. Haren iritziz, 2006ko estatutua «topagunea» da, eta independentistek ulertu egingo dute: «Estatutura itzuliko dira». Beste alde batetik, kongresuan erreferenduma onartzeko gehiengorik ez dagoela adierazi du En Comú Podem-eko Jaume Asens-ek. Hura inoiz egitekotan, beste baldintza bat jarri du Jéssica Albiach alderdikideak La Vanguardia-n: «Independentziari buruzko galdera bat egon behar da, beste bat gauden moduan geratuko ote garen, eta beste bat errepublika plurinazionalari buruz».

Bazterrak nahastea da kontua. Quebecen, Montenegron eta Eskozian zuzen galdetu zuten: independentzia bai ala ez. Gure unionista progreek formula berria nahi dute. Oraindik ez dute errepublika lortu, eta errepublika konfederalaren goxokia ateratzen digute. Lehenago errepublika izan beharko luke Espainiak, gizona! Ok, capito. Ba, egon hadi zain. Behin galdera sorta handitzen hasita, eskuinak ere zer esana izan lezake. Ea zergatik ez laugarren aukera bat eman: autonomien estatua deuseztatzea. Aurreiritziak izango dira, baina espainiar arrunt xumeari estatu plurinazionala edo autonomiarik gabekoa, zein nahiago duen galdetuz gero, ez nago oso seguru lehen hautua nagusituko ote litzatekeen. Eta ez soilik eskuindarren aldetik.

Lagun bati entzuna diot: Espainiako Alderdi Komunistako kide bat ezagutzen du, madrildarra. Sindikalista da. Gipuzkoan izan da. Lagunari esan dionez, Kataluniaren eta Euskal Herriaren independentziaren alde dago, euskaldunek eta katalanek hala erabakiz gero. Hala ere, ezin du fabrikan eta sindikatuan hori defendatu, beste langileak kontra agertuko lirateke eta. Pikutara botako luke egindako lan guztia. Hara! Espainia apurtuta baino gorria nahiago zuela esan zuen Calvo Sotelok. Orain ezkerreko askok Espainia urdina edo fatxa nahiago dute apurtuta baino. Langile horiek hurbilago sentitzen dute beren burua esplotatzen dituen jauntxo edo señorito andaluz batengandik Euskal Herrian edo Katalunian libre izan nahi duen langile independentista batengandik baino. Hori klase borroka! Geu gara, bai, nazionalistak, burgesak eta insolidarioak. Horixe.

Dena den, erreferenduma eginda ere, espainiarrek ez lukete kezkatu beharko. Euskal Herrian ez, behintzat. Inkestetan gero eta baxuago azaltzen da independentziaren aldekoen portzentajea. Erabakitzeko eskubidea bai, baina zer erabakitzeko? Espainiaren barruan segitzea? Argigarria da Karmelo Landak Argia-n idatzitakoa: «Jada ez da horrenbeste independentziaz mintzatzen, eta honen ordez subirautza, burujabetza, erabaki-ahalmena eta era horretako kontzeptu anbiguoagoak erabiltzen dira [...]. Orduan, zertara dator herritarrei independentzia promesak egitea, batez ere hauteskunde bezperatan?».

Katalunian Free Damm garagardoa bezalako alderdiak badirela idatzi zuen lehengo astean Quim Monzók: 0,0 alderdi independentistak. Eta multzo horretan lager-a eta txigortua edari motak daudela. Free Damm barik 0,0 Keler izango du euskal independentismoak edaririk gogokoena? Lager-a ala txigortua?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.