Koronabirusa. Samathan Hourquescos. CGTko Baionako idazkari nagusia

«Frantziako Gobernuak ez du erantzukizunik erakutsi krisi honetan»

Samathan Hourquescosek salatu du lan kodea malgutzeko erabili dutela osasun krisia. Konfinamendutik ateratzeari buruzko kezka erakutsi du, eta erran du zainduko dutela segurtasun neurriak betetzen direla.

GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2020ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Etxetik ari da lanean Samathan Hourquescos (1972, Bordele, Frantzia) CGT sindikatuko Baionako batzordeko idazkari nagusia. Haserre mintzatu da Frantziako Gobernuak konfinamendutik ateratzeko aurkeztu duen planari buruz, eta beldur da koronabirusaren beste olde bat ekarote dezakeen. Maiatzaren Lehenean, LAB, Bizi, Aitzina eta EBA kolektiboarekin batera, 11:50ean balkoira ateratzera deitu du CGTk, justizia soziala, ekonomikoa eta ekologikoa aldarrikatzeko

Nola bizi izan dituzue azken asteak?

Antolatu behar izan gara, beste guziak bezala, ezin ginelako sindikatuko kideekin eta langileekin bildu. Telefonoz eta bideokonferentziaz aritu gara, eta langileei posta elektronikoz egin diegu harrera.

Zein da sindikatuen rola?

Ordezkatuak garen enpresetan, langileak informatu eta lagundu ditugu, eta nagusien aurrean egon gara osasun neurriak errespetarazteko, eta negoziatzeko. Frantziako Gobernuaren dekretuekin, oporrak, lanorduak... berrikusi dituzte. Funtsean, sindikatuaren eguneroko lana bete dugu, baina dekretuen ondorioak kudeatu ditugu nagusiki. Oroitarazten dut abenduaren 21a arte direla bali dekretuak. Langileek informazioa eskatu digute haien eskubideak ulertzeko.

Krisia lan kodea malgutzeko erabili dutela salatu dute?

Hala da, arrunt. Eta ikusi dugu enpresarik handienak paradaz baliatu direla oporrak inposatzeko, langabezia partziala %100era ez eramateko... Medef nagusien patronala jadanik hasi da erraten lan gehiago egin beharko dela. Psikologikoki prestatzen gaituzte, erranez krisia izanen dela, kanporatu beharko dutela, langabezia emendatuko dela... konfinamendutik ateratzean sindikatuek hitzik izan ez dezagun. Burua makurtzeko eta batasun nazionalaren izenean indarra egiteko erranen digute. Jadanik ikusten dugu zer etorriko den.

Kasu berezirik izan duzue?

Hemengo kasurik aipagarrienetako bat Baionako Dassault enpresa da; mozkinak izaten dituen enpresa handia da. Ekoizpena berriz hartu nahi izan dute, absolutuki. Zer balio du ezinbestekoak ez diren halako enpresak irekitzeak? Balio ote du hegazkinak ekoizten dituen fabrika bat ireki, eta langileak kutsatzeko arriskua hartzeak? Langileak borrokatu behar izan dira.

Amazon ixtea lortu dute sindikatuek.

Justizia erabaki baten ondotik izan da, hala ere. Gobernuak ez du momentu bakar batean ere erantzukizunik erakutsi. Zerrenda oso bat egin beharko zuten, jarduera atxiki beharreko ezinbesteko arloekin. Zerrendatu beharko zituen, gainerakoak ixteko. Langileak babestu nahi badituzte, baliabideak eman ditzatela. Orain arte ez da egin izan.

Tokiko botere publikoekin harremanik izan duzue?

Departamendu mailan, bai. Prefetari idatzi diogu, enpresa batzuek neurriak errespetatzen ez zituztela abisatzeko, eta estatuari zerrenda bat egin zezala eskatzeko. Orain, COVID-19 laneko gaixotasun gisa onar dezaten borrokan ari gara.

Konfinamendutik ateratzeko plana aurkeztu du Frantziako Gobernuak. Zer iruditu zaizu?

Argi dena da, eta denek ulertu dugu, eskolak irekiak egon behar direla, beste inork zaindu ezin dituen haurren gurasoak lanera joan ahal izan daitezen. Orain, ez dakit nola eginen duten babes neurriak errespetarazteko. Nola egin hamabost ikasleko ikasgelak? Boluntariotza? Dena biziki lauso da. Estatua erantzukizunaz gabetu da, auzapezen esku utzi dute dena antolatzea, eta irakasleen eta hezkuntzako administrazioaren esku babes neurriak aplikaraztea. Ez da biziki seriosa. Prekaritatean bizi diren familietako haurrak laguntzea balitz helburua, hilabete batez gauza anitz egiten ahal zituzten, baina ez dute egin.

Gibel egite baten beldur zara?

Noski. Lana berriz hastean adi egon beharko gara segurtasun neurriak errespetatuak izan daitezen. Horregatik, eskolena ulertezina da: hamar pertsona baino gehiagoko elkarretaratzeak debekatu dituzte, baina ikasleak hamabost izanen dira ikasgelaka. Eta nola eginen dute jantegiarentzat? Bigarren olde batek beldurtzen nau, bai.

Zer gogoeta sortzen dizu azken asteetako krisi honek?

Argi ikusi dugu kapitalismoa ez dela gizarte eredu egokia. Zerbitzu publikoak lehertu dituzte, osasun zerbitzua lehertu dute... eta orain ikusten dugu zinez beharrezkoa dela zerbitzu publikoa; denentzat eskuragarri den osasun zerbitzu bat ukaitea beharrezkoa dela. Ikusi dugu zein diren ezinbesteko jarduerak: gehienetan emakumeek egiten dituzten eta gaizki ordainduak diren lan txikiak. Badu urteak Frantzian desindustrializatzen ari direla; horren ondorioz, ez dugu maskararik, ez dugu gelik. Enpresak deslokalizatzearen ondorio ekonomikoak ikusi ditugu. Industria berreraiki behar da, beste toki batera aldatu eta gure kontsumo ohiturak aldatu behar ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.