Ainhoa Vidal eta Nadia Perez. Itaiako kideak

«Ezinbestekoa da andre langileak subjektu politiko bilakatzea»

Emakumeen zapalkuntza klase menderakuntzaren barruan ikusten dute Itaiako kideek, eta zapalkuntza guztien aurkako tresnatzat daukate komunismoa. Datorren astean lehen jardunaldiak egingo dituzte.

BERRIA.
Maite Asensio Lozano.
2021eko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialista sortu zenetik bi urtera, lehen jardunaldiak egingo dituzte ekainaren 12an, Urretxu-Zumarragan (Gipuzkoa). Gaitasunak antolatu lelopean, andre langileen egoera aztertuko dute, eta bereziki erreparatuko diete lan sektore feminizatuei, Ainhoa Vidal (Lekeitio, Bizkaia, 1994) eta Nadia Perez (Ordizia, Gipuzkoa, 1995) Itaiako kideek azaldu dutenez.

Zer helbururekin jaio zen Itaia?

NADIA PEREZ: Itaiaren hautua da emakumeen auziari ikuspegi komunistatik erantzutea. Gure helburua da emakume langileak klase borrokara batzeko baldintzak sortzea, eta horretan aritu gara.

Zer hutsune edo premia ikusi zenuten gazteen edo emakumeen erakundeetan, Itaia sortzeko?

AINHOA VIDAL: Feminismoak klase oinarritik kanpo lantzen du emakumearen auzia, dominazio forma propio moduan; sexuen arteko gatazkan kokatzen du borroka, proposamen interklasista bat garatzen du. Guretzat, emakumeon zapalkuntza klase dinamikaren emaitza da, eta, beraz, gizartearen antolaketa osoa gainditu beharra azpimarratzen dugu emakume langilearen zapalkuntza gainditzeko. Gure ustez, klase dominazioak antolatzen du gizartea, eta haren emaitza gisa gertatzen dira hainbat zapalkuntza.

Klase borrokaren inguruko kontzeptuak sortu zirenetik asko aldatu da gizartea. Nola ulertzen duzue egun klasea?

N. P.: Termino ekonomikoetan, klasea da gizarte antolaketan bakoitzak betetzen duen posizio soziala. Sistema kapitalistan, besteentzat lan egin behar duen klasea da langileria —soldata bat behar duen hori, baina soldatapeko lanetik harago ulertua—; eta besteen lanaren gaineko agintea duen klasea da burgesia. Horrek, noski, forma desberdinak hartzen ditu une historikoaren arabera. Halere, guk klasea subjektu politiko gisa ulertzen dugu, ez norbere izaera ekonomikoak definitutako identitate gisa; klase borrokak sortzen dituen zapalkuntzak gainditzeko potentziala duten subjektuak dira historikoki proletariotza iraultzailea izan dena.

Emakumeen prekarizazioaz eta indarkeria matxistaz aritzen zaretenean ere, klase borroka aldarrikatzen duzue, eta ez borroka feminista. Zergatik?

A. V.: Indarkeria matxista eta emakumeen prekarizazioa dominazio burgesaren adierazpen biolentoenetakoak direla uste dugu; emakume langileon zapalkuntzaren forma espezifikoak dira. Horregatik diogu andre langileon zapalkuntza gainditzea botere burgesa borrokatzeko estrategiaren barruan txertatu behar dela.

Talde sozialistetan aritutako andreek salatu izan dituzte kide gizonen jarrera eta eraso matxistak. Nola uler daiteke hori patriarkatua kontuan hartu gabe?

N. P.: Guk ulertzen dugu klase dominazioaren barnekoak direla zapalkuntza horiek, baina horrek ez du inor salbu uzten. Antolakuntza komunistaren alde egin dugu, eta horrek eskatzen du proiektu horretan gaudenok jarrera aktiboa izatea eta gure espazioetan neurriak hartzea.

Hori ez al da ukatzea sistema patriarkalean gizonen dominazioa ere badagoela klase zapalkuntzatik kanpo?

N. P.: Guk ez dugu bat egiten premisa horrekin. Uste dugu klase dominazioaren barnean genero zapalkuntzak forma zehatz batzuk hartzen dituela, eta hori gauzatzeko hainbat figura diziplinario daudela. Horrek ez du esan nahi gizonen dominazio forma aparteko bat dagoenik, baina ez du ukatzen gizonek figura diziplinario horien funtzioa betetzea; izatez, hori etengabe salatzen ari gara. Guretzat, zapalkuntza guztiak gaindituko dituen proiektua komunismoa da; ez da soilik ekonomia ulertzeko modu bat.

Menderakuntza ardatzak askotarikoak direla kontuan hartuta, ez al da murriztailea soilik klase aldagaiari erreparatzea?

A. V.: Klasea identitate gisa ulertzea da murriztailea, baina klase dominazioa errealitate bat da: gizarte antolaketaren logika eta harreman sozialak ezartzen ditu. Guretzat, eztabaida ez dago zapalkuntzen hierarkizazioan, baizik egoera osoa gainditzeko proposamen estrategikoan.

Feminismoari kritika egin arren, Euskal Herriko jardunaldi feministetan parte hartu zenuten 2019an. Zer harreman duzue mugimenduarekin?

N. P.: Auzi bera lantzen duten bi proposamen politiko desberdinen artekoa: eztabaida politikoa. Uste genuen jardunaldietan ezin zela gure posizioa alboratu, eta garrantzitsua izan zen han egotea.

Zer helburu duzue hilaren 12ko jardunaldietan?

A. V.: Egun, miseria ekonomiko eta kulturalak definitzen du emakume langilearen egoera; beraz, gaitasun politikoak eskuratu behar ditugu, proposamen eraginkorrena hausnartzeko. Jardunaldiak horretan jardun nahi dutenen topagune izatea nahi genuke.

Andre langileen egoera hobetzeko, zein dira zuen eskaera zehatzak?

N. P.: Orain ezinbestekoa da emakume langileak subjektu politiko bilakatzea, emakumerik gabe ez baitago iraultza sozial posiblerik. Emakume langileak iraultzara lerratzea boteretze prozesu erreal bat dela uste dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.