jon olano
ANALISIA

C's hipotesia

2020ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Militar ohiak testu kolpistak idazten; Hegoaldeko hiru herritarretik bi, errepublika baten alde; Espainiako Gobernua, abertzaleen esku; botere exekutiboa eta judiziala, aurrez aurre; eta, antza, gaztelania galbidean. Emango luke Espainiako Konstituzioaren urteurrena ekaitz perfektu baten erdian heldu dela: testu horren zutabe nagusiak —Espainiaren subiranotasuna, batasun nazionala eta monarkia—, kolokan.

Indar subiranista batzuek joko politikoan ohi baino protagonismo handiagoa eduki izanak urduritu egin ditu sektore ugari. Baina, ez alferrik, La reforma constitucional inviable (Erreforma konstituzional bideraezina) idatzi zuen Javier Perez Royok, eta tesia gordina da: konstituzioa sortu zen bere erreforma galarazteko mekanismoekin. Hortaz, komeni da gobernu politikak eta estatu politikak bereiztea; kontuekin, gobernuaren norabidean eragin daiteke, baina estatuaren erreforma beste zerbait da. Adostasun konstituzionalaren pitzadurak baliatu beharko dira.

Beste kontu bat da aurrekontuak posible egin dituen gehiengoak zer bide duen orain. Azkenaldian esan da PSOE-Unidas Podemos koalizioak zortzi urte behar dituela, baina, azken egunetan, gero eta sarriago entzuten ari da Ciudadanos hipotesia; PSOEk aliantzen —eta, beraz, bere politiken— norabidea eskuin espainiarzalera begira jartzeko aukera. Kontuen onarpenak legealdia bermatzeko aukera ematen zuela aipatzen zen egunetan, Aitor Esteban EAJko diputatuak egin zuen oharra kazeta honetan: «PSOE seguruago sentituko da orain. Esango du: 'Baditut aurrekontuak, neu naiz alderdi nagusia, eta gauza batzuk onartuko dizkiot kideari; baina pasatu barik, e? Osterantzean, igual, aterako ditut beste modu batean'».

Ez da hipotesi okerrena EAJrentzat; Andoni Ortuzarrek esana du Pedro Sanchezek kolpe bat eman behar duela Ministroen Kontseiluko mahaian, jeltzaleak egungo aritmetikarekin erabat eroso ez daudenaren adierazgarri. C's ekuazioan sartzeak uxatu egin ditzake orain arteko bazkide batzuk, eta bidea libre utzi EAJk lehentasunezko tratua izateko Moncloan. Joko zelaiaren ardatzean dago gakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.