Japonian oso ohikoa ez den zerbait lortzekotan dago Carlos Ghosn Renaulteko eta Nissaneko buruzagi izandakoa: atxilotua izan, eta bere burua errugabetzat jo duen arren, epaiketaren aurretik libre geratzea. Gaur lor dezake, haren defentsak mila milioi yeneko fidantza ordainduz gero (7,8 milioi euro). Uste denez, epaiketa udazkenean egingo diote, eta ordura arte Japonian egon beharko du Ghosnek, eta haren etxean jarritako kameren bitartez ziurtatu nahi dute ez duela ihes egingo.
Ezohikoa da Japonian akusatu bat aske geratzea, baina ezohikoak dira Ghosnen auziaren beste atal batzuk ere. Japoniako fiskaltzak finantza eskandaluetan inplikatutako beste enpresaburu edo zuzendari batzuekin baino gogorrago jo zuen Ghosnekin, kamerak aurrean zituela atxilotu baitzuten Tokioko aireportuan, joan den azaroaren 19an. Eta ez da oso ohikoa 1999. urtean Nissan salbatzeagatik ospea —eta dirutza— irabazitako batek orain espetxealdi oso luze bat arriskatzea, nork eta Nissanek haren aurka egindako salaketengatik.
Japoniako auto konpainiak Ghosni leporatzen dio agintariei irabaziak ezkutatzea eta konpainiaren dirua bere negozio partikularren galerak estaltzeko erabiltzea. Akusazio horiek ukatu ditu Ghosnek, eta ziurtatu du bere aurkako «konplota» egin dutela Nissaneko burukide batzuek, auto konpainia japoniarra eta Renault frantziarra gehiago batzeko asmoa zuelako. Renault da Nissaneko akziodun nagusia, nahiz eta gaur egun autogile japoniarra enpresa handiagoa eta errentagarriagoa den. Nissanek gezurtatu egin ditu Ghosnen akusazioak.
SOSLAIA. Carlos Ghosn
Aske, baina Japoniatik atera ezinik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu