Volkswagen etzi itzuliko da lanera, baina ez dakite zein neurritan

Enplegua aldi baterako erregulatzeko txostena urte bukaera arte luzatzea adostu dute zuzendaritzak eta sindikatu gehienek. Eskaeraren arabera egokituko da lantaldea

Imanol Magro Eizmendi.
2020ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Volkswagenek Iruñean duen fabrikak urte amaierara arte jarraituko lan erregulazioan. Zuzendaritzak eta langile batzordea osatzen duten sindikatuen gehiengoak adosturiko erabakia da. Langileak etzi itzuliko dira lanera COVID-19ak eragindako etenaren ondoren, baina oraindik ez dakite zer neurritan izango den. Enpresak badaki aurten auto gutxiago ekoitziko dituela, eta eskaeraren arabera joango da lantaldearen tamaina eta langileen jarduna egokitzen.

Iazko urte onaren ondoren —78 milioi euroko irabaziak izan zituen, 2018an baino %17 gehiago—, VW neurriak hartzen hasia da koronabirusaren krisiak ekarriko duen atzeraldirako. Iaz, 320.000 auto ekoitzi zituzten Landabenen; aurten, aldiz,253.000 izango dira, asko jota, Alemaniako buruek hala erabakita. Aurreikuspen horrekin aurkeztu zuen erregulazio txostena martxoaren 15ean, eta indarrean jarraituko du abenduaren 31 arte. Sindikatuek ere egoera ulertu dutela dirudi, haiekin adosturiko erabakia baita. Ordezkaritzaren %82 duten sindikatuek babestu dute neurria: UGTk, CCOOk, ELAk eta CCPk onartu dute; ez, ordea, LABek eta CGTk.

Zuzendaritzak, izan ere, ez daki noiz iritsiko diren hiru txanda osoko lan erritmora, eta eskaeraren arabera egokituko du lantaldea. Langileen egoera arintzeko, eta langabezia sariak atzera daitezkeela ikusita, enpresak, sindikatuek hala eskatuta, udako aparteko ordainketako 500 euro apirileko nominan sartuko ditu. Osasun baldintzei dagokienez, aspaldi adostu zituzten. Besteak beste, maska eta eskularru pare bana emango diete langileei eguneko, tenperatura neurtuko diete sartzean, eta enpresan arropa gehiago garbituko dute. Era berean, 55 urtetik gorako langileak ez dira ariko lehen egunetan.

Mercedes: %18 gutxiago

Mercedesek Gasteizen duen fabrikako langileak ere etzi hasiko dira, eta zuzendaritzak atzo jakinarazi zien urteko ekoizpena aurreikusitakoa baino %18 txikiagoa izango dela. 159.000 furgoneta egitea zen aurreikuspena, eta azkenean 130.000 inguru izango dira. Sindikatuen eta zuzendaritzaren arteko talka nagusia, baina, laneko osasun baldintzak dira. Batzordearen ustez, neurri horiekin ekoizpen erritmoa jaitsi beharko litzateke, ez delako erraza lana egitea. Akordiorik ez egon arren, sindikatuek aurreratu dute ez dutela ekoizpena oztopatuko. Martxoaren 16an produkzioa eten zuten, gutxieneko osasun neurriak betetzen ez zirelako.

Aeronautikan, Aernnovak Berantevillan (Araba) duen enpresako langile batzordeak jakinarazi du enpresa aldi baterako erregulazioa aurkeztea aztertzen ari dela. Batzordea eta enpresa 29an ziren biltzekoak, eta zuzendaritzak maiatzaren 4ra arte atzeratu du, «datuak argi ez dituelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.